Eu

Muturluze piriniotarra desagertzeko arriskuari buruzko erreportaje batek irabazi du 2017ko Euskadiko Ingurumen Kazetaritzako Saria

2017.eko ekainak 22
  • Tximeletei eta klima-aldaketari buruzko erreportaje batek accesita jaso du. 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak, Iñaki Arriolak, eman die gaur 2017ko Euskadiko Ingurumen Kazetaritzako III. Saria Begoña Zubia eta Eider Carton kazetariei, EITBren Teknopolis saioan emandako «Gau bat muturluze piriniotarraren atzetik» erreportajearengatik.

Horrela, sariaren 2.500 euroko zenbatekoa, oroitzapenezko trofeo bat eta diploma bat jaso dituzte. 

Bestalde, 1.000 euro eta diploma batez osatutako accesita lortu du Miguel Angel Garrosa kazetariak, Radio Bilbao-Cadena Ser irrati-katean emandako erreportaje bategatik. Tximeletak eta klima-aldaketa izan zen erreportaje horren gaia. 

 Sarien hirugarren edizioa izan da aurtengoa, eta Iñaki Arriola sailburuak esan du ingurumen-komunikazioaren profesionalaren balioa «gure planetan gertatzen ari dena eta gerta litekeena ezagutu, ulertu eta azaltzen duen kazetariaren balioa» dela. Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuak zehaztu duenez, «komunikabideen paper garrantzitsua izan dezakete gizarteak ingurumen-arazoei buruzko kontzientzia gara dezan, eta horixe da egin behar dutena».

 Sari gorena irabazi duen erreportajean Artikutzako eremu nafarrean, Gipuzkoa ondoan, habitatak berreskuratzeko egiten ari diren lanak aurkeztu zituzten, zehazki, muturluze piriniotarra berreskuratzeko; oso animalia berezia da, haren ezaugarri genetikoak eta anatomikoak direla-eta, eta galzorian dago. Bestalde, Miguel Angel Garrosaren lanak erakutsi zuen tximeletek eremu bateko ingurumenaren osasunaren alarmak pitz ditzaketela, batik bat klima-aldaketari dagokionez.

 Euskadiko Ingurumen Kazetaritzako hirugarren edizio honetan, prentsan, irratian eta telebistan egindako lanen sei hautagaitza jaso dira, eta jardunean dauden kazetari profesionalen epaimahai batek aztertu ditu. Urtero egiten dute sariaren deialdia Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eta Ihobe sozietate publikoak. Helburua zera da, Euskal Autonomia Erkidegoko komunikabideetako profesionalek ingurumenaren-balioak ezagutzera emateko eta gizartean jasangarritasunaren kultura sustatzeko egiten duten lana saritzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak