Eu

Beatriz Artolazabal: “Eraberean sarearen lanari esker, beste modu batera ezkutuan geratuko liratekeen bazterketa-egoerak agerian geratzen dira”

2017.eko ekainak 26
  • Erabereanek jatorriak, etniak, nazionalitateak, sexu-orientazio eta -identitateak eta generoak eragindako 49 diskriminazio-kasuri eman zien arreta, 2016an
  • “Herritarren inkestetan oinarritutako zenbait adierazlek egiaztatzen dute bazterketak gora egiten duela, baina, bestalde, lehenago antzematen ditugula kasuak”
  • Erabereanek zenbait eremutan lan egiten du, tratu-berdintasunaren eta bazterketarik ezaren arloan gehiago sentsibilizatzen laguntzeko
  • Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren agerraldia, Eusko Legebiltzarreko Enplegu eta Gizarte Politiketako batzordean

 

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur goizean esan du “Eraberean sarearen lanari esker, beste modu batera ezkutuan geratuko liratekeen bazterketa-egoerak agerian geratzen direla, eta gizarteak horiek zuzendu eta horiekin amaitu ahalko duela”. Eusko Legebiltzarreko Enplegu eta Gizarte Politiketako batzordean eginiko agerraldian, Artolazabalek esan du Eraberean sarea “funtsezko tresna bilakatu dela eta, BIltzen, Berdindu eta Aholku Sarearekin batera, aniztasunari erantzuteko sistema integrala eta aitzindaria osatzen duela”.

Artolazabal sailburuak, gaur goizean, Eusko Legebiltzarrean, Eraberean sarearen jarduketen balantzea eskaini du, eta Sareak 2017rako aurreikusitako jarduera-plana azaldu du. Lan-sare hori 2014ko abenduaren 26an eratu zen; esku-hartze partekatuko eredua du, eta hamabi bat gizarte-erakundek parte hartzen dute, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaz gainera.

Artolazabalen hitzetan, “herritarren inkestetan oinarritutako zenbait adierazlek egiaztatzen dute bazterketak gora egiten duela”. Sarritan ez da salaketarik jartzen beldurragatik, ezjakintasunagatik edo konfiantzarik ezagatik, eta, gehienetan, bazterketaren eta gorroto-delituen biktimek ez dute behar besteko ordaina jasotzen prozesu judizialaren ondoren.  Zailtasunak antzematen ditugu prozesu judizialetan gorroto-delituen inguruko delitu-motak aplikatzeko, baina aurrerapauso positiboak ematen ari dira", esan du Artolazabalek.

“Eraberean sarearen esparruan 2016an jatorriak, etniak, nazionalitateak, sexu-orientazio eta -identitateak eta generoak eragindako 49 bazterketa-kasu artatu dira. 2015ean 25 izan ziren. Eraberean sarearen lanari esker, agerian geratzen dira beste modu batera ezkutuan geratuko liratekeen bazterketa-egoerak”, esan du sailburuak.

Kasu gehiago antzematea

Erakundeek artatutako eta erregistratutako bereizketa-kasu guztietatik, % 53 arrazismoaren eta xenofobiaren ingurukoak izan dira. Artatutako kasuen % 27 LGTBIfobia kasuak izan dira. Kasu guztien % 20 ijitoen kolektiboari lotuta dago.  “Bazterketa-kasuen edo gorroto-delituen inguruko estatistikako datu gutxi dago, errealitate horren dimentsio kuantitatiboa eta kualitatiboa ezagutu ahal izateko. Bazterketa anitza oraindik ikusten ez den fenomenoa da, neurri handi batean horren inguruan dagoen ezjakintasunagatik, baina baita bazterketa-motiboekin jasotako salaketak gurutzatu ahal izateko adierazle partekatuak erabiltzen dituzten datu-baseak eduki ezin direlako ere”, esan du Artolazabalek.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak esan du “tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren inguruan sentsibilizazio gehiago izateko lanean ari garela; Eraberean saretik lankidetza-akordioak garatzen ditugu komunikabideekin –eta arreta berezia eskaintzen diegu titulartasun publikokoak direnei– estereotiporik eta aurreiritzirik ez izateko, bereziki jatorriaren, nazionalitatearen, sexu-orientazio eta -identitatearen eta generoaren ondoriozkorik”.

“Eraberean sareak elkarlaneko elkarrizketan oinarritzen diren gatazkak ebazteko mekanismoen erabilera sustatzen du eta, horrela, biktimei ordaina ematea. Eraberean sarean Ertzaintzaren euskal akademiarekin lan egiten dugu lankidetza-esparruan, promozio berriak tratu-berdintasunaren eta bereizketarik ezaren inguruko prestakuntza emateko; prestakuntza hori polizia-erakundeetara eta operadore juridikoetara zabalduko dugu. Era berean, Eraberean sarean aktiboki ari gara lankidetzan ikasgeletarako tratu-berdintasunaren eta bereizketarik ezaren inguruko sentsibilizazio-proiektu batean; proiektua Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako eta Hezkuntzako Sailburuordetzek sustatzen dute", esan du Beatriz Artolazabalek.

Datu-bilketa dela eta, Eraberean sarea erakundeen lankidetza-formulak aztertzen ari da, bazterketari buruzko datuen bilketan partekatutako adierazleen adostasunean aurrera egiteko. Bazterketa aniztuneko kasuei aurre egiteko, Erabereanetik sareko lanean sakontzen da, beste bazterketa-motibo batzuekin lotutako jarduera garatzen duten beste eragile batzuekin.

Eraberean sareak bere ibilbidean eginiko lana prebentzioaren, prestakuntzaren eta sentsibilizazioaren lan-ardatzen inguruan egin da. Ardatz horren helburua da gizarte-eraldaketako prozesuak sustatzea eta, horretarako, prestakuntzako programa eta jarduerak, erakundeetara, gizarte-erakundeetara eta gizarte zibilera zabaltzeko eta aholkularitza emateko materialak sortzeko programa eta jarduerak eta arretako, laguntzako eta aholkularitzako programa eta jarduerak sustatzea.

Sailburuak esan du Eraberean sarearen esparruan 2016an jatorriak, etniak, nazionalitateak, sexu-orientazio eta -identitateak eta generoak eragindako 49 bazterketa-kasu artatu direla, eta 2015ean 25. Erakundeek artatutako eta erregistratutako bereizketa-kasu guztietatik, % 53 arrazismoaren eta xenofobiaren ingurukoak izan dira, alegia, jatorriaren, etniaren eta nazionalitatearen ondoriozkoak. Artatutako kasuen % 27 LGTBIfobiaren kasuak izan dira, alegia, sexu-orientazio eta -identitateak eta generoak eragindako bazterketa-kasuak. Azkenik, kasu guztien % 20 ijitoen kolektiboari lotuta egon da.

Beatriz Artolazabalek esan bezala, nahiz eta bazterketa-kasuen edo gorroto-delituen inguruko estatistikako datu gutxi egon, errealitate horren dimentsio kuantitatiboa eta kualitatiboa ezagutu ahal izateko, “herritarren inkestetan oinarritutako zenbait adierazlek egiaztatzen dute bazterketak gora egiten duela, baina, bestalde, kasu askotan ez direla salatzen, beldurragatik, ezjakintasunagatik edo konfiantzarik ezagatik”. Gainera, gehienetan, bazterketaren eta gorroto-delituen biktimek ez dute behar besteko ordaina jasotzen prozesu judizialaren ondoren.

2017rako neurriak

Artolazabal sailburuak Eraberean sareak aurten egingo dituen ekintzetako batzuk zehaztu ditu. Horrela, tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren inguruan sentsibilizazio gehiago izateko, sareak lankidetza-akordioak garatuko ditu komunikabideekin, estereotiporik eta aurreiritzirik ez izateko, bereziki jatorriaren, nazionalitatearen, sexu-orientazio eta -identitatearen eta generoaren ondoriozkorik.

Bazterketa aniztuneko kasuei aurre egiteko, Erabereanetik sareko lanean sakontzen da, beste bazterketa-motibo batzuekin lotutako jarduera garatzen duten beste eragile batzuekin.  Erabereanen Ertzaintzaren euskal akademiarekin lan egiten dugu lankidetza-esparruan, agenteen promozio berriei tratu-berdintasunaren eta bereizketarik ezaren inguruko prestakuntza emateko; prestakuntza hori, gerora, polizia-erakundeetara eta operadore juridikoetara zabaldu liteke. Sareak, halaber, elkarlaneko elkarrizketan oinarritzen diren gatazkak ebazteko mekanismoen erabilera sustatzen du eta, horrela, biktimei ordaina ematea bilatzen du.

Era berean, Eraberean sareak tratu-berdintasunaren eta bereizketarik ezaren inguruko ikasgeletarako sentsibilizazio-proiektu batean dihardu lankidetzan; proiektua Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako eta Hezkuntzako Sailburuordetzek sustatzen dute.

Datu-bilketa dela eta, sarea erakundeen lankidetza-formulak aztertzen ari da, bazterketari buruzko datuen bilketan partekatutako adierazleen adostasunean aurrera egiteko. Hala azaldu du sailburuak.

Eraberean hiru lurraldeetako erakunde batzuek osatzen dute. Honako erakunde hauek osatzen dute: Gurutze Gorria, Aldarte, CEAR Euskadi, Gao Lacho Drom, CITE-CCOO Bizkaia, Errespetuz, Kale Dor Kayiko, Nevipen, SOS Racismo, EHGAM, Gehitu eta AGIFUGI. Hamabi erakunde horiek, Familia eta Aniztasun Zuzendaritzako, Biltzen eta Berdindu zerbitzuetako eta Ijitoen Herriaren Kontseiluak Euskadin duen Idazkaritza Teknikoko  langileekin batera, Eraberean Sarea osatzen dute.

Esperientzia

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak esan du “nahiz eta egia den Eraberean sarearen ibilbidea laburra dela, egia dela, halaber, hura osatzen duten erakundeek urteetako esperientzia dutela tratu-berdintasunaren eta bazterkeriarik ezaren borrokan, bai eta bereizkeriaren biktimentzako zuzeneko arretan ere”.

Erabereanen helburuak honako hauek dira: tratu-berdintasunaren eta bazterkeriarik ezaren inguruko politika espezifikoak sustatzea eta horien inguruko orientazioa, bai eta tratu-berdintasunaren printzipioa integratzea ere, eta, horrela, politika sektorialetako bazterketan eragitea; herritarren eskura jartzea informazio, aholkularitza eta orientazioko mekanismoak eta tresnak, tratu baztertzaileen edo gorroto-delituaren biktima izan direnean; Eraberean sarearen baliabideak bazterketa-arrazoiengatik dauden beste batzuekin edo osagarri edo elkar sendotzeko diren beste batzuekin antolatzea, autonomia-erkidegokoak, estatukoak edo Europar Batasunekoak izan; eta Eraberean sarean parte hartzen duten erakundeetan edo horiekin lankidetzaren bat izan dutenetan artatutako kasu guztien datu-bilketa egitea.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak