Eu

Euskal herritarrek ingurumenarekiko duten kezkak maila gorena jo du, Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egin berri duen azterlan baten arabera

2017.eko ekainak 21
  • Biztanleriaren %100ak uste du ingurumena babestea garrantzitsua dela. Zehazki, %73k uste du oso garrantzitsua dela eta gainerako %27ak nahiko garrantzitsua
  • Biztanleriaren %82 erabat ados dago (%37) edo nahiko ados (%45) ingurumena babesteak Euskadiren hazkunde ekonomikoa indartu dezakeen ideiarekin
  • Arriola sailburuaren iritziz, emaitza horiek baieztatzen dute euskal gizartea gero eta kontzientziatuago dagoela ingurumenaren gaiarekin; bereziki, sentsibilitate hori ekintza eta konpromiso zehatz bihurtzearen gero eta aldekoagoa da

 

Lehenbizikoz, EAEko herritarren %100ak uste du ingurumena babestea garrantzitsua dela. Zehazki, %73k uste du oso gai garrantzitsua dela, eta %27k nahiko garrantzitsutzat jotzen du, “Herritarrek Ingurumenarekiko dituzten jarrerak” txostenaren datuen arabera. Txosten hori Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egin du eta gaur goizean aurkeztu dute Bilbon Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak eta Elena Moreno Ingurumeneko sailburuordeak.

Azterlana maiatzaren 11tik 16ra bitarte Euskadin 18 urtetik gorako pertsonei egindako elkarrizketen ondorio da, eta helburu nagusi izan du euskal herritarrek ingurumenarekin, horren babesarekin eta ingurumenean eragina duten kontsumo-ohiturekin lotutako hainbat gairi buruz duten jarrera neurtzea. Datuen arabera, elkarrizketatutako pertsonen %85ek adierazi du ingurumena zaintzea berehalako eta premiazko arazoa dela, eta %14k uste du etorkizuneko arazo izango dela; %1ek baino ez du uste ingurumena zaintzea arazoa denik.

Elkarrizketatutako pertsonek, bizi diren udalerriaren esparruan, autoen eta bestelako garraiobideen kutsadura identifikatu dute ingurumen-arazo garrantzitsu modura, ondoren identifikatu dituzte kutsadura, orokorrean, eta hondakin kopuru handiegia. Autonomia Erkidegoaren esparruan, gehien adierazitako ingurumen-arazoak fabriken ondoriozko isuriak eta kutsadura dira; eta esparru globalean, ingurumenari dagokionez adierazi dituzten kezka gehienak klima-aldaketari buruzkoak dira.

EAEko herritarren iritziz, industria eta fabrikak lirateke Euskadin ingurumen-arazoak sortzen dituzten eragile nagusiak (%47), ondoren adierazi dituzte garraiobideak (%29) eta atzetik kontsumo-ohiturak (%20).

Ildo horretatik, argitu behar da, aurreko urteetako neurketekin alderatuta, herritarrek gero eta erantzukizun txikiagoa egozten diotela, ingurumen-arazoei dagokienez, industriari, eta gero eta gehiago garraiobideei eta kontsumo-ohiturei. Hala, 2001 urtean, herritarren %67k uste zuen industria zela kutsadura-sorreraren arrazoi nagusia, %21ek garraiobideei egozten zien arazo hori eta %9k kontsumo-ohiturei.

Bestalde, txostenaren arabera, biztanleriaren %82 erabat ados dago (%37) edo nahiko ados (%45) ingurumena babesteak Euskadiren hazkunde ekonomikoa indartu dezakeen ideiarekin. 

Gainera, elkarrizketatutako pertsonen %69k dio ezagutzen duela etxetresna elektriko, ibilgailu eta etxebizitzentzako energia-sailkapena (A, B, C, D eta E) eta %50ek baino gehiagok dio garrantzi handia ematen diola horri produktu horietako bat erostean.

Horrez gain, herritarrak, portzentaje altu bat, ahalegin ekonomikoa egiteko prest agertu dira, ingurumena babesten laguntzeko. Zehazki, %26 erabat ados dago eta %56 nahiko ados honako esaldi honekin: “gehiago ordaintzeko prest nago, gutxiago kutsatzen duen produktu batengatik”.

Arriola sailburuaren iritziz, emaitza horiek baieztatzen dute “euskal gizartea gero eta kontzientziatuago dagoela ingurumenaren gaiarekin; bereziki, sentsibilitate hori ekintza eta konpromiso zehatz bihurtzearen gero eta aldekoagoa da”.

Eta gehitu duenez, herritarrak prest baldin badaude ekintzara pasa eta kontsumitzaile gisa ingurumena babesten laguntzeko erabakiak hartzera “etorkizun itxaropentsua dugu, eta Jaurlaritzan ezarritako helburuetan pauso irmoak emateko aukera ematen digu; klima-aldaketaren aurkako borroka, ekonomia zirkularra sustatzea, hondakinak murriztea, biodibertsitatea babestea edo garapen iraunkorraren helburuekin konpromisoa, jarduteko ardatz nagusi gisa”. 

 

FITXA TEKNIKOA: 18 urtetik gorako herritarrei egin zaie eta guztira 1.000 elkarrizketa egin dira telefono bidez EAE osoan. Lagin-akatsa +/- %3,2koa kalkulatu da EAE osorako, konfiantza-maila %95,5koa eta p=q=0,5. Informazioa 2017ko maiatzaren 11tik 16ra bitarte bildu zen.

 

OHARRA: Txosten osoa Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen webgunean kontsulta daiteke

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @AselaVit
    2017.eko ekainak 21

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: #Estudio La preocupación de la ciudadanía vasca por el #MedioAmbiente alcanza sus máximas cotas ➡ https://t.co/uuusDQ0GYQ https…

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak