Eu

HABEk gaitasun-mailak egiaztatzeko deialdi irekiak C1 eta C2 mailetara zabaldu ditu

2017.eko ekainak 21

HABE erakundeak argitaratu berri duen ebazpenari esker, euskarazko B1 eta B2 mailez  gain, aurten, lehendabizikoz, C1 eta C2 gaitasun-mailak ere egiaztatu ahal izango dira deialdi irekien bitartez. Horrela, maila hauek egiaztatu nahi duten ikasleei bidea errazten zaie; izan ere, orain arte, HABEren erregistroan inskribatutako euskaltegietako ikasleek bakarrik egiazta zitzaketen bi maila horiek HABEren deialdietan. HABEko zuzendari nagusi Jokin Azkuek azpimarratu du “gizarte behar jakin bati erantzuten diola interesaturik dauden herritar guztiei zabaltzea C1 eta C2 mailei dagozkien ziurtagiriak lortzeko aukera”.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren menpe dago HABE (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea) eta neurri honen bidez gaitasun-mailak egiaztatzeko bidea erraztu eta zabaldu nahi da. Izan ere, hemendik aurrera euskara-agiria atera nahi duen herritarrak aukera izango du zuzen-zuzenean deialdiotan matrikulatzeko, beste inolako galbahetatik pasa gabe. Orain arte ezinbestekoa zen euskaltegietako ikastaroren batean izena emanda izatea C1 (lehengo HABE 3, Hezkuntza Sailak kudeatzen duen EGAren eta Administrazioko hirugarren hizkuntza eskakizunaren baliokidea) eta C2 (lehengo HABE 4, Administrazioko laugarren hizkuntza eskakizunaren baliokidea) mailak HABEren ziurtagirien bitartez egiaztatzeko.

Aurtengo deialdiek beste berritasun bat ere badakarte. B1, B2 eta C1 mailetako idazmen-proban gai izateko mugarrira (15 puntu) heldu ez, baina gutxienez 13 lortzen dituen azterketariak mintzamen-proban ateratako puntuekin konpentsatu ahal izango du puntu-falta hori. Horretarako ezinbesteko baldintza izango da  mintzamen-proba gainditzeko gutxienekoa lortu eta idazmen-proba gainditzeko eskatzen den gutxienekora iristea mintzamen-proban lortutako soberakinarekin. Azkueren esanetan “ahozko jardunean jariotasunez aritzen direnen gaitasun komunikatiboa balioetsi nahi da kalifikazio sistema honekin”.

Matrikulazioa eta azterketen egutegia

Deialdi irekiko matrikulazio-epea irailaren 15etik 26ra bitartekoa izango da, biak barne. Izen-ematea www.habe.euskadi.eus  atarian egingo da, eta matrikula-ordaina 60 eurokoa izango da maila bakoitzeko. Maila batera baino gehiagora aurkeztu nahi duen azterketariak zenbat matrikula, hainbat matrikula-ordain egin beharko ditu, baina jakin behar du egun, ordu eta leku berean bateratu ahalko dituela HABEk hainbat mailetako azterketak, matrikulazio-kopurua eta azterketak egiteko behar diren baliabideak kontuan hartuta. Matrikulazio-epea itxi eta hamar laneguneko tartean emango da argitara azterketen egutegia. Azterketen lehenengo fasea (idatzizko gaitasunen probak: irakurmena eta idazmena) urriaren azken asteen izango dira.

Azterketa-ereduak

HABEren deialdietan egiazta daitezkeen mailen azterketa-ereduak eskuragarri  daude www.ikasbil.eus atarian (‘Baliabideak’ atala). Deialdi ireki honetan egingo den C2 mailako probak eredu berri bati erantzuten dio, azterketaria erabiltzaile aditua dela egiaztatzeko: ahoz zein idatzizko komunikazio-egoeretan, erabiltzaile aditu gisa jariotasun eta zehaztasunez komunikatzeko gai dela frogatu beharko du. C2 mailako azterketa berriaren eredu bat argitaratu du HABEk aipatu webgunean.

Hizkuntzaren ikuspegi komunikatiboan oinarritua dagoen Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean (HEOCean) zedarritutako lau trebetasunetan (irakurmena, idazmena, entzumena eta mintzamena) azterketariak dituen gaitasunak neurtuko dituzte azterketok, beti ere HEOCean maila bakoitzerako ezarritako ekintza komunikatibo eta edukietara egokituta.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @ZupiriaB
    2017.eko ekainak 21

    Comentario de Twitter:
    Aukera eta erraztasun gehiago gaitasun-mailak egiaztatzeko: deialdi irekiak C1 eta C2 mailetarako, HABEren bidez. https://t.co/SxPpKHQYZ0

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak