Eu

Kontrolerako osoko bilkura (2017/6/23)

2017.eko ekainak 23

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek erantzuna eman diete legebiltzarkideek Kontrolerako Osoko Bilkuran eginiko galderei eta interpelazioei.

Galdera, Joseba Egibar Artola Euzko Abertzaleak taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, legealdiaren lehen zatiaren inguruko balorazioari buruz, gobernu-programan onartutako konpromisoak betetzeari dagokionez.  

Iñigo Urkullu Lehendakariak nabarmendu duenez, gobernuko aurreneko sei hilabeteetan babes publikorako programa espezifikoak onetsi dira, 540 milioi eurotan zenbatetsiak. Hala, enpleguaren, susperraldiaren eta iraunkortasunaren arloetan nabarmentzekoa da lana sortzen ari diren enpresei ematen ari zaien laguntza Ezkerraldean eta Oiartzualdean, gazte-enplegua bultzatzeko programak edo internazionalizazio eta berrikuntzarako laguntzak, besteak beste. Lehendakariak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak egiten diharduen ahalegina giza eta kultur garapenaren eta integrazio sozialaren eremuan, baita inbertsioak ere “herrialdeko” azpiegituretan, esaterako Arabako AUOn, Urdulizeko Ospitalean, hezkuntza-azpiegituretako planean, inbertsioak Unibertsitatean edo hiriburutza-kanona onartu izana Gasteizentzat.

Bizikidetzaren eta giza eskubideen eremuan, “bizikidetzaren normalizazioaren adibide“ batzuk aipatu ditu, besteak beste, terrorismoaren biktimen Europako Egunean alderdi guztiak bertaratu izana, errefuxiatuei babesa emateko Aldarrikapena, lankidetzarako laguntzen deialdia, edo Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Plan berriaren onespena, kontuan izanik pauso horiek eman diren denbora-tartean ETAk, gainera, armagabetzeari ekin diola, gogorarazi duen bezala.

Galdera, Jon Hernández Hidalgo Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Cel Technologies and Systems enpresari buruz. 

Iñigo Urkullu Lehendakariak ziurtatu du jarduera produktiboa babesteko bide guztiak Cel Technologies and Systems enpresaren eskueran daudela. Hala eta guztiz ere, gogorarazi duenez konpainiako bazkideei dagokie inbertsioak, jarduketa berriak eta ekarpen ekonomikoak egitea bideragarria izan dadin bermatzeko. Bestalde, gogorarazi duenez, bazkideek Eusko Jaurlaritzaren bermea dute, zeinak berritu egingo baitu partaidetza-mailegua Ezten-en bitartez, enpresak beharrezko neurriak har ditzan jarduera eta enplegua iraunarazteko. "Erabatekoa da helburu horri egiten diogun ekarpena”, adierazi du.

Urkulluk azaldu du Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Enkarterriko udalek lanean jarraituko dutela eskualdearen garapen-planak bultzatzen jarduera ekonomikoa dinamizatzeko eta enplegu-aukerak sortzeko.

Galdera, Alfonso Alonso Aranegui Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Carles Puigdemont Generalitateko presidentearekin izandako bilerari buruz. 

Iñigo Urkullu Lehendakariaren iritziz “positiboa” izan da joan den astean Generalitateko lehendakari Carles Puigdemontekin izandako bilera, Catalunyako egoera politikoaren eta instituzionalaren ezagutza zabalagoa ahalbidetu baitu. Azaldu duenez, Euskadik eta Catalunyak bizi duten errealitate desberdinetik, biek ikusten dute elkarrizketan oinarritutako prozesu bati hasiera emateko premia errealitate nazional desberdinei erantzungo dien Estatua birformulatzeko, baita autogobernuan aurrera egitekoa ere. Zentzu horretan azpimarratu duenez, "legezkotasuna ez da aldaezina" eta arazo politikoak eta sozialak konpontzeko balio behar du.

Egoera hori berbideratzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari. Bere iritziz, Rajoyren Exekutiboa “atera beharrean da bere gelditasunetik eta gatazka bat dagoela aitortu", proiektu nazionalaren inguruko gehiengoaren borondate sozialen artean. Gainera, elkarrizketa politikorako foroak baliatzeko eskatzen dio konponbideak bilatzeko. Erronka, ziurtatu du, gizartean edo politikan edozein haustura gertatzea saihestean datza, eta aldebikotasunean oinarritutako akordioak bultzatzean.

Galdera, Borja Sémper Pascual Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen Euskadiko Zibersegurtasun Zentroari eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Nazioarteko Zibersegurtasun Zentroarekin duen erlazioari buruz.

Iñigo Urkullu Lehendakariak gogorarazi du zibersegurtasuneko zentro bat sortzeko konpromisoa Gobernu Programan jasota dagoela, duela gutxi gertatutakoa bezalako eraso informatiko masiboei aurre egiteko helburuz. Eusko Jaurlaritzak, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiaren bitartez, proiektuaren berri ematen die une oro instituzioei eta enpresei, baita Gipuzkoako Foru Aldundiari ere, haren zentroarekin lankidetzan aritzeko prest dagoelarik Exekutiboa.

“Gipuzkoarekin eta gainerako lurraldeekin modu osagarri batean lan egiteko prest gaudela adierazi nahi dugu, zibersegurtasunari dagokionez zerbitzu hobeago bat eskaintzearren", azaldu du Lehendakariak, zeinaren iritziz egoera horrek ez baitu zertan bikoiztasunik edo gainjartzerik berekin ekarri.

Galdera, Oihana Etxebarrieta Legrand EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Alardezaleak taldeak egindako gonbidapenari buruz. 

Iñigo Urkullu Lehendakariak ziurtatu duenez, Irungo Alarde mistoaren aldekoa da Eusko Jaurlaritza. Hortaz, aurten ere, Emakundeko zuzendari Izaskun Landaida ekitaldi horretara bertaratuko da Exekutiboaren ordezkari gisa.

Urkulluk azaldu du Gobernu Programak jasota duela berdintasunaren arloan aurrera egiteko konpromisoa, eta gai horretan Alardearen inguruan irtenbide bat aurkitzeko premia ikusten du, betiere "elkarrizketatik" abiatuta, adierazi duenez. Ziurtatu duenez, Eusko Jaurlaritza ahaleginak egiten ari da, berari dagozkion eskumenen barruan, akordioa posible izateko.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2017.eko ekainak 23

    Comentario de Twitter:
    ▶️ Kontrolerako osoko bilkura (2017/06/23): Legebiltzarkideek egin dituzten galderen eta interpelazioen erantzunak ➡ https://t.co/34GX4S7bQu

  • @Gob_eus
    2017.eko ekainak 23

    Comentario de Twitter:
    ▶️ Pleno de Control (23/06/2017). Respuestas a preguntas e interpelaciones de los grupos parlamentarios ➡ https://t.co/lPF3JMbIpU

Ekitaldiko kargudunak