Eu

Eusko Jaurlaritzak onetsi du Nafarroa eta Iparralderekin hizkuntza politikaren alorrean sinatuko den lankidetza hitzarmena (Gobernu Bilera 2017-06-20)

2017.eko ekainak 20

Hiru erakundeen arteko horrelako itun bat bultzatzen den lehen aldia da 

Gobernu Batzordeak gaur onartu du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren, Nafarroako Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoaren arteko lankidetza hitzarmena sinatzeko akordio proposamena. Hitzarmen honen helburua euskara sustatzea izango da eta lehen aldia da hiru erakundeen arteko horrelako akordio bat sinatzen dela. 

2016-2020 legealdirako onartutako Euskadi 2020 gobernu programak bere 119. konpromisoan jasotzen du “euskararen hiru lurraldeen erakundeen arteko lankidetza” antolatu eta indartuko dela. Hizkuntza politikaren inguruko hiru administrazioen arteko harremana berria ez bada ere eta bikako hitzarmenak dauden arren, horrelako hiruren arteko hitzarmen bat bultzatzen da lehenengoz, beti ere lankidetzan sakontzeko asmoz. Akordioak ez du eduki ekonomikorik, baina elkarlanerako oinarriak, esparruak eta ekimen zehatzak ezarri dira. 

Gaur onartu den akordio proposamenak bost esparruri heltzen dio: hezkuntza eta hizkuntza gaitasuna; euskararen erabilera; gogoeta esparruak eta mintegiak; ikerketa soziolinguistikoa eta corpusa; eta, azkenik, Europako markoan hizkuntza politika garatzeko bideak jorratzea. Arlo hauetan guztietan elkarlanean jorratzeko neurriak aipatzen dira. Hitzarmen marko honen xehetasun guztiak datozen asteotan aurkeztuko dira, tramite administratiboa gainditutakoan hiru erakundeek hitzarmena sinatzean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko