Berriak Lehendakaritza
Eu

Errefuxiatuen harrera eta gizarteratzea kuantitatiboki zein kualitatiboki sendotzeko proiektua amaitzear dute Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak (Gobernu Bilera 2017-06-20)

2017.eko ekainak 20

Harrera-sistema arrunta sendotzea da gako nagusietako bat: Eusko Jaurlaritzak, Aldundiek eta udalek parte-hartze zuzenagoa izango dute

Fase pilotuan dagoen proiektu honi esker 50 plaza berri sortuko dira Euskadin, gutxienez, Mediterraneoko krisi humanitarioaren ondorioz etorritako errefuxiatuentzat

Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna den honetan, Iñigo Urkullu Lehendakariak ondokoa jakinarazi dio Gobernu Kontseiluari: errefuxiatuak Euskadin hartzeko esperientzia pilotu bat abiarazteko lankidetza-marko bat amaitzear dutela Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak, "Auzolana Proposamena" izeneko dokumentuan oinarritua.

Lankidetza-marko hori Enplegua eta Gizarte Segurantzako Ministerioko Immigrazio eta Emigrazio Idazkaritza Nagusiaren eta Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiaren artean gauzatzen ari dira. 

Proiektu honi esker, Nazioarteko Babesa eskatu eta jaso eta Mediterraneoko krisi humanitariotik etorri diren pertsonak hartzeko 50 plaza berri sortuko dira Euskadin, epe motzera. (Gogoratu beharra dago 307 plaza sortu direla Euskadin krisia 2015en hasi zenetik. 450 asilo-eskatzaile pasa dira horietatik baina 46 baino ez zetozen Mediterraneoko birkokatze- edo bizileku-gunetatik). 

Krisi humanitarioari aurre egiteko xedearekin Eusko Jaurlaritzak 2017ko hastapenetan egin zituen bi proposamenen emaitza da akordio hau. Bi proposamenak Lehendakariak apirilaren 3an egin zuen Adierazpen Instituzionalean espreski jasota geratu ziren: (1) Errefuxiatuak hartzeko Sistema Sendotzeko Proposamena; eta (2), Bisa Humanitarioen Proposamena. 

Bi ekimen horien xedea da errefuxiatuak hartzeko eta gizarteratzeko gaitasuna kuantitatiboki zein kualitatiboki handitzea eta beren nahia da erantzun eraikitzaileak emango duten lankidetza-guneak sustatzea, Enplegua eta Gizarte Segurantzako Ministerioak kudeatzen duen estatu-sisteman jasotako aurreikuspenetan oinarrituta.

Aipatu bi proposamenak 2017ko urtarrilean aurkeztu eta gero, Espainiako gobernuak lehenaren aukerak aztertzeko gogoa agertu zuen. Erantzun baikor horren harira, Eusko Jaurlaritzak “Auzolana Proiektua. Errefuxiatuak Hartzeko Sistema Sendotzeko esperientzia pilotu bat garatzeko prozedura” izeneko dokumentua helarazi zion Espainiako Gobernuari.  

Une honetan, eta dokumentu hori oinarritzat hartuz, esperientzia pilotua abiarazteko lankidetza-marko bat zehaztear daude bi gobernuak. Harrera-sistema arrunta sendotzea da gako nagusietako bat: Eusko Jaurlaritzak, Aldundiek eta udalek parte-hartze zuzenagoa izango dute hasiera-hasieratik. Zentzu horretan, hiru dira ardatz nagusiak:

    -  Behetik gora eraikitako erantzun bat artikulatzea, oinarrizko erakundeen parte-hartzea bermatzeko hasiera-hasieratik.

    -  Hartutako pertsonak, hartzaile pasiboak baino, aktore aktiboak direla ulertzea prozedura guztian zehar.

    -  Euskal erakundetako erantzukizun-eremuaren ikuspegitik, egungo harrera-sistema sendotzea, gizarteratzearen bidez batez ere.

Irizpide horiei jarraiki, informazio-, komunikazio-, sendotze- eta jarraipen-mekanismoak sartuko dira ere, inplikaturiko eragile guztiak tartean sartuz, Nazioarteko Babesa eskatu eta lortu duten pertsonen harrera eta gizarteratzea hobetzeko xedearekin. Esperientzia guztia dokumentatu egingo da, esperientzia pilotua amaitu eta gero aplikatu ahal izateko. 

Eusko Jaurlaritzak, bestalde, Bisa Humanitarioen bidea sustatzeko xedearekin ere Espainiako Gobernuarekin lan egiteko gogoa agertu du ere. Ekimen hori Italian jarri zen martxan 2016. urtean, “Korridore Humanitarioak" izenarekin, San Egidioko Komunitateak eta Italiako Gobernuak lortu zuten akordioari jarraiki. Ondoren, Frantziara hedatu zen ere. 

Bere lege-oinarria da Europako Bisa-eredu bateratua arautzen duen araudiko 25. artikulua, lurralde-mailako mugatzeak dituzten bisak emateko aukera aurreikusten baitu arrazoi humanitarioen ondorioz. Bide hori bultzatzea eskatu die Eusko Jaurlaritzak Espainiako gobernuari eta Europako beste gobernu guztiei, ikuspegi humanitariorik larrienak diren egoerak behintzat konpondu ahal izateko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko