Eu

Beatriz Artolazabal: “Lanbidek bere Hizkuntza Normalizaziorako Plana prestatu du”

2017.eko ekainak 21
  • “Lanbideren eguneroko lanean, plangintzan eta kudeaketan, euskara zeharkako elementua da”
  • Lanbiden, 887 pertsonak lan egiten dute, estatuko eta autonomia-erkidegoko administrazioetakoak: % 57,15ek egiaztatuta du lanposturako eskatzen den hizkuntza-eskakizuna
  • Herritarren % 8,7k 2016an edukiak euskaraz kontsultatu zituen webean, eta % 79,2k nahiago izan zuen bulegoan arta zitzaten, gaztelaniaz
  • Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren agerraldia, Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol batzordean

Vitoria-Gasteiz, 21/06/2017

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur goizean esan du “Lanbidek bere Hizkuntza Normalizaziorako Plana izango duela 2018an, Eusko Jaurlaritzarako Euskararen Normalizazio Planarekin koordinatuta". Eusko Legebiltzarraren Kultura, Euskara eta Kirol batzordean egindako agerraldian, Artolazabalek esan du “euskararen erabilera Lanbiden zeharkako elementu gisa ulertzen dugula; hura bermatu egin behar da hura osatzen duten elementu guztietan”, Lanbideren eguneroko lanean, plangintzan eta kudeaketan.

Lanbidek, gaur egun, 45 enplegu-bulego ditu, euskal lurralde guztitik; horien bidez, aurrez aurre, telefonoz edo webaren bidez ematen ditu zerbitzuak; horrela, jarduera osatzeko, erakunde eta agente laguntzaile adituen sare zabala du. Lanbiden, 887 pertsonak lan egiten dute; horietatik, % 57,15ek egiaztatuta du lanposturako eskatzen den hizkuntza-eskakizuna.

Marcos Muro Sailburuordea eta Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiarekin batera, Beatriz Artolazabalek azaldu du Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuak “ezin izan zuela euskararen berezko zerbitzua izan, harik eta 2015ean erakunde autonomoko lanpostuen zerrenda onetsi arte. Orduan, Lanbideren euskara-unitatea eratu zen, eta horrek aukera eman du pausoak emateko Lanbiden euskararen erabileraren normalizazioan”.

Ekintzak hiru lan-arloren inguruan diseinatu dira orain arte: zerbitzu-hizkuntza, lan-hizkuntza eta kudeaketa. Horrela, Artolazabal sailburuak esan bezala, 2016an horiek egin dira, ziurtatzeko errotulazio mugigarria eta finkoa euskaraz eta gaztelaniaz dagoela, sare sozialetan komunikazio oro euskaraz hasteko, herritarrekiko harremana euskaraz gara daitekeela ziurtatzeko, bai aurrez aurreko komunikazioetan, bai telefono bidezkoetan, herritarrei arreta haiek eskatzen duten hizkuntzan eskaintzeko, hitzorduen sisteman hizkuntza-hautaketa sartzeko, euskararen erabilera sustatzeko langileen arteko harremanetan, Lanbideko langileen prestakuntzari eta gaikuntzari bide emateko, euskara lan-bileretara zabaltzeko, ahozko komunikazioan eta dokumentazioan, eta Lanbideren Euskara Plana zehazteko, besteak beste.

Azken urrats horretarako, diagnostiko bat egin da, eta hori oinarri izango da, hiru informazio-iturri baliatuz: inkesta bat, Eusko Jaurlaritzaren euskararen erabileraren V. Normalizazio Planean zehaztuta; bertan, Lanbideren 34 bulegok parte hartu dute; bulegoetako behaketaren eta ikuskaritzaren ondoriozko informazioa; eta arduradunekin izandako elkarrizketak.

Diagnostikoak erakusten du herritarren % 8,7k 2016an edukiak euskaraz kontsultatu zituela Lanbideren webean; erakundeak jaso zituen idatzietatik, % 4,4 euskaraz zeuden idatzita; aurrez aurreko arreta dela eta, herritarrek aukeratzen dute zer hizkuntzatan nahi duten arreta eman diezaieten eta % 79,2k gaztelania nahiago izan zuen iaz; idatzizko harremanetan dokumentazioa ez zen % 100ean elebidun bidali, % 85ean baizik.

“Hori horrela, 2017rako, Lanbidek ahalegina egingo du erakundearen hizkuntza-konpromisoak betetzeko; Artolazabalen hitzen arabera, telefono bidezko arretan, euskararen erabilera gora egiten ari da, eta arreten erdia hizkuntza horretan eman zen. Baina sailburuak esan du ezin izan zela % 100ean bermatu arreta euskaraz. Beraz, langile elebidunak identifikatzea telefono bidezko arretarako Lanbidek aurten abian jarriko duen hobekuntza-elementua da”.

Hizkuntza-paisaiari buruzko informazioa eta dokumentazioa prestatu eta ekoiztea dela eta, errotulazioaren % 97 bi hizkuntzetan dago; % 2,7, gaztelaniaz baino ez; eta % 0,3, euskaraz baino ez. Gainera, argitalpenen % 90 bi hizkuntzetan egin da; webeko edukiak ez daude % 100ean bi hizkuntzetan, baina aurrera egin da; beraz, Artolazabalek ziurtatu du “ildo horretatik lanean jarraitzen dugula”. Sare sozialetan bi hizkuntzetan argitaratzen da.

 

Lanbideren erreforma

Beatriz Artolazabalek azaldu du berak zuzentzen duen Sailaren helburua dela Lanbide enpleguko zerbitzu publikoa erreformatzea eta modernizatzea eta, horretarako, “orientaziorako, prestakuntzarako eta laneratzeko egitekoak indartzeko aukera ematen duten tresnak ematea, lehentasuna emanez zailtasun gehien duten kolektiboei enplegua bilatzeko laguntza emateari”. Sailburuak esan bezala, “Lanbide enplegu-politika aktiboak zehazteko, kudeatzeko eta garatzeko oinarrizko tresnetako bat da”.

Horretarako, Artolazabalek esan du “arreta-eredu berri bat pixkanaka ezartzea sustatzen dela, kolektibo ahulei zerbitzu hobea eskaintzen diena, arreta integralarekin, enplegu-politiken ebaluazio-sistema eraginkorrarekin”. Hori horrela, erakundea, pixkanaka, bere jarduketa-eredua Europako estandarretara eta datozen urteotako gizarte-egoera aldakorrera egokitzen ari da; hala erakusten dute Europako Batzordeak eginiko auditoretzek.

“Orientazioa eta laguntza pertsonalizatua gure enplegu-politika aktiboen erdigunean jarri behar ditugu”, esan du sailburuak. Eta esan du arreta hori “herritarrek erabiltzen duten hizkuntzan eskaini behar dela eta horretan hobetzen ari direla. Lanbidek hedadura handia du eta datozen urteotan euskal zerbitzu modernoa eta eraginkorra lortzeko hobekuntzak eta eguneratzeak behar ditu. Zerbitzu nahiko berria da, eta etengabeko ekimenak behar ditu bere proiektuan, eta egonkortasuna bere garapenerako”, esan du Artolazabal sailburuak.

Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila lanean ari da Lanbidek esku hartzeko eredua gara dezan, batetik, pertsonetan –beren enplegagarritasuna areagotzeko– eta, bestetik, enpresetan –beren lehiakortasuna hobe dezaten– ekintzak aplikatzeko beharren eta ibilbideen diagnostiko egokiaren indibidualizazioan oinarrituta. 

Pertsonen laneratzea eta enpresen lehiakortasuna mantentzea eta hobetzea helburu dituen ikuspegi hori gauzatzeko, honako jarduketa-ildo hauek garatuko dira: euskal enplegu-sistema antolatzea eta, duen funtzio betearazlea kontuan hartuta, Lanbide bere ardatz izan dadin sustatzea; lan-merkatua, lanbide berrietarako beharrak, lanpostu berrien joerak eta, horren guztiaren ondorioz, horiei lotutako gaitasun berriak aztertzeko sistemak hobetzea; Lanbideren egituraren eta garatzen dituen programen ahalegin handienak laneratzeko zailtasun bereziak dituzten lau kolektibotan zentratzea (gazteak, langabezian luzaroan daramaten pertsonak, bereziki ahulak direnak eta/edo bazterketa-arriskuan daudenak eta desgaitasunen bat dutenak); enpresari eta bere beharrei erantzutea; eta Lanbideren sistema eta prozeduren bidez, bertan kokatzen dela Euskararen Normalizazio eta Erabilera Planaren kudeaketa eta koordinazioa.

4 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @MLizartza
    2017.eko ekainak 22

    Comentario de Twitter:
    RT @EASOPolitek: Lanbidek hizkuntza-gaitasunei buruzko prestakuntza-unitateak enplegurako prestakuntzan https://t.co/7rot9ZO95C https://t.c

  • @EASOPolitek
    2017.eko ekainak 21

    Comentario de Twitter:
    Lanbidek hizkuntza-gaitasunei buruzko prestakuntza-unitateak enplegurako prestakuntzan https://t.co/7rot9ZO95C https://t.co/FacS8YR3Wj

  • @Gob_eus
    2017.eko ekainak 21

    Comentario de Twitter:
    Beatriz Artolazabal: “@lanbideejgv-k bere Hizkuntza Normalizaziorako Plana prestatu du” ➡ https://t.co/u1NTU4moom

  • @Gob_eus
    2017.eko ekainak 21

    Comentario de Twitter:
    Beatriz Artolazabal: “@lanbideejgv prepara su Plan de normalización lingüística” ➡ https://t.co/MgYfbLeR99

Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Jasone Agirre