Eu

Eusko Jaurlaritza ElkarOla proiektuaren aurkezpenean izan da, hizkuntza- eta hizketa-teknologien alorreko ikerketa bat

2017.eko ekainak 19

Eusko Jaurlaritza ElkarOla ikerketa proiektuaren aurkezpenean izan da gaur, ekimen honek Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak Sailaren ekarpen ekonomikoa eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa baitu. Garatu den ikerketa bi urtez garatu da (2015-2016) eta VICOMTECH-IK4 eta TECNALIA zentro teknologikoek, UPV/EHUko Aholab eta IXA ikerketa-taldeek eta Elhuyarrek osatutako partzuergoak egin du ikerketa.

ElkarOla proiektuaren gaineko azalpen guztiak emateko eta demoak aurkezteko gaur goizean Usurbilen, Elhuyarren egoitzan, egin duten agerraldian, lau lagun hauek parte hartu dute:

•             Josu Aztiria Urtaran, Elhuyarren Hizkuntza eta Teknologia unitatearen arduraduna.

•             Estibaliz Alkorta Barragán, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaria.

•             Iosu Madariaga Garamendi, Eusko Jaurlaritzako Teknologia eta Estrategiako zuzendaria.

•             Igor Leturia Azkarate, Elhuyarreko hizketa-teknologien arduraduna eta ElkarOla proiektuaren koordinatzailea.

ElkarOla proiektuaren ikerketa-arloa hizkuntza- eta hizketa-teknologiak dira: itzulpengintzarako tresnak (itzulpen automatikoa, itzulpen-memoriak...), informazioaren kudeaketa (bilatzaileak, informazio-erauzketa, sentimenduen analisia...), hizkuntza-baliabideak (hiztegiak, corpusak, zuzentzaileak...) eta hizketarako tresnak (hizketaren ezagutza, hizketaren sorkuntza...). Proiektuak bereziki euskararako lantzen ditu teknologiok, baina baita inguruko beste hizkuntza batzuetarako ere.

ElkarOlan, oinarrizko ikerketaz gain, ikerketa aplikatua ere egiten da, transferentzia teknologikoari garrantzia ematen zaio eta tresnak gizarteratu edota merkaturatzera ere iristen da. Aplikazio-alor hauetan aritu da, Eusko Jaurlaritzaren RIS3ko arloetan enfasia jarriz: fabrikazio aurreratua, biozientziak eta osasuna eta lurraldea (hizkuntzen industria, turismoa, kultura, hezkuntza...).

ElkarOlaren beste helburuetako bat hau da: jakintza eta masa kritiko kualifikatu bat sortzea, ildo estrategiko honetako I+G+Baren etorkizunari era autonomoan aurre egin ahal izateko. Horretarako, prestakuntza-ikastaroak, graduondoko masterrak, mintegi espezializatuak eta doktorego-ikastaroak antolatzen dira hizkuntza- eta hizketa-teknologien alorrean. Gainera, proiektuaren helburuak lortzeko, aplikazio-alorretako enpresa askorekin lehentasunezko harremanak izateaz gain, beharrezko masa kritikoa eta nazioarteko ospea duen zientzialari- eta ikertzaile-komunitate bat dute proiektuaren partzuergoa osatzen duten kideek.

Proiektuan landutako teknologiek izan ditzaketen aplikazioen erakusle, hiru demo garatu dira, eta horiek aurkeztu dira prentsaurrekoan:

Lurraldearen alorrerako, bezeroen arreta-zerbitzurako elkarrizketa-agente bat garatu dugu. Bezeroen arreta-zerbitzuak elementu gakoa dira zenbait sektoretan kalitateko zerbitzua eskaintzeko, baina zerbitzu horietako askok balio gutxiko ataza edo fase errepikakorrak dituzte (erabiltzailea identifikatzea, formularioak betetzea, kontsulta sinpleak...). Elkarrizketa-sistemen teknologiek, lengoaia naturalaren prozesamenduarekin eta adimen artifiziala rekin batera, aukera ematen dute halako atazak automatizatzeko, teknikariek denbora modu eraginkorragoan erabil dezaten. Demoa web-interfaze batean integratutako elkarrizketa-sistema bat da, non hizkuntza naturala prozesatzeko teknikak eta sailkapen-algoritmo estatistikoak erabiltzen baitira erabiltzailea identifikatzeko eta erabiltzaileak deskribatutako gertakaria zein sailetara bideratu behar den asmatzeko. Sistemaren erantzunak testu bidez zein hizketa-sintesi bidez ematen dira, eta aginduak ere idatziz zein ahoz eman dakizkioke.

Biozientziak eta osasuna arloko demoa osasun-arloko termino eta erlazioen bilatzaile bat da. Medikuntza-entitateen (gaixotasunak eta sendagaiak) eta beren arteko erlazioen bilatzaile baten lehen prototipo honek medikuntza-gaien inguruko gaztelaniazko artikulu zientifikoen laburpenen corpus baten gainean funtzionatzen du. Corpus hori eskuz etiketatu da, sendagaien erreakzio kaltegarrien detekzio automatikoko sistema bat entrenatu eta ebaluatzeko. Etiketatutako entitateen artean daude, batetik, sendagai generikoak, sendagai-markak eta substantziak; bestetik, gaixotasunak eta sintomak. Etiketatutako erlazioen artean, berriz, kausak (zer kausak sortzen duen zer gaixotasun) eta tratamenduak (zer sendagairekin tratatzen den zer gaixotasun) daude. Bilatzailean, entitateen edo erlazioen araberako bilaketak egin daitezke, eta, ondoren, dokumentu bakoitzean detektatutako entitate eta erlazioak grafikoki ikusi.

Fabrikazio aurreratuaren alorrerako egindako demoa errealitate areagotuko telelaguntza-sistema bat da, aditu baten eta langile baten artean erabiltzeko. Demo horrek erakusten du zertan lagundu dezaketen hizkuntza- eta hizketa-teknologiek ingurune industrial zaratatsu batean. Langileak smartglass batzuk jantziko ditu eskuak lanerako libre izan nahi baditu, edo tableta bat izango du eskura. Adituak urrunetik lagunduko dio, beste tableta baten edo ordenagailu baten bidez. Adituak denbora errealean jasoko du langileak esaten duena eta bere tableta edo betaurrekoekin ikusten duena. Hala, adituak ahoz emango dizkio argibideak langileari, baina, langilea makinek eragindako ingurune zaratatsuan egon daitekeenez, sistemak automatikoki transkribatu (hizketa-ezagutza bidez) eta itzuliko (itzulpen automatiko bidez) ditu argibideok, idatziz irits dakizkion langileari. Testu hori bere gailuan erakutsiko zaio langileari, denbora errealean, ikusten ari denaren gainean, eta testuak pausoz pauso gidatuko du langilea bere langintzan. Horrez gain, aplikazioak errealitate areagotuan erakutsiko dizkio langileari adituak urrunetik emandako argibideak, gezien eta antzekoen bidez.

ElkarOla proiektuaren aurretik, 5 eragileek osatutako partzuergoak Ber2Tek (2012-2014) eta BerbaTek (2009-2011) proiektuetan jardun zuen, eta beste hiru demo egin zituen. Lehenago, Anhitz proiektuan ibili ziren elkarrekin, 2006 eta 2008 artean, eta zientzia-aditu birtual baten demoa prestatu zuten. 2002-2004 aldian, berriz, Hizking XXI proiektua gauzatu zuten.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak