Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak prestazio farmazeutikoaren eredua sustatzen jarraitzeko apustua egin du, farmazia komunitarioa eta farmazia bulegoa osasun sistemako eragile gisa integratzea balioan jartzeko

2017.eko ekainak 20
  • Iñigo Urkullu Lehendakaria, Jon Darpón Osasun sailburuarekin batera, Euskadiko Farmazialarien Elkargoetako presidenteekin eta Farmazialarien Elkargoen Kontseilu Orokorreko presidentearekin bildu da gaur Gasteizen

Bilera gaur goizean egin da Lehendakaritzan eta, bertan, Iñigo Urkullu Lehendakariak, Jon Darpón Osasun sailburuarekin eta Iñaki Betolaza Osasun Saileko Farmazia Zuzendariarekin batera, Euskadiko Farmazialarien Elkargoetako presidenteei (Euskadiko Farmazialarien Kontseiluko presidente eta Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialeko presidente Elena Castiella, Arabako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko presidente Pedro Rivero eta Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko presidente Angel Garayri) eta Farmazialarien Elkargo Ofizialetako Kontseilu Orokorreko presidente Jesús Aguilarri helarazi die Eusko Jaurlaritzak eta Osasun Sailak apustua egiten dutela prestazio farmazeutikoaren ereduaren alde, farmazia komunitarioa eta farmazia-bulegoak osasun-sistemako eragile gisa integratzea balioan jartzeko, gainerako laguntza-mailekin eta gizarte-zerbitzuekin koordinatuta. Ildo horretatik, Iñigo Urkulluk nabarmendu du farmaziak funtsezko funtzioa duela osasun-laguntza hobetzeko planen kolaboratzaile garrantzitsu gisa, elkarlan publiko-pribatuan arrakastarako adibide garbia da, eta herrialde aurreratuek beren Osasun Sistema osotasunean hobetzeko ezaugarria dela hori.

Hori dela eta, Lehendakariak lankidetza hori garatzen jarraitzeko apustua egiten du, arreta farmazeutikorako programak abiarazten, osasun-sistemari balioa emateko eta kostu-eraginkorrak izateko; hala, osasun-sistemaren beharrizana osatuko dute, bi alderdiei interesekoa zaien alorretan, gure pazienteei, eta orokorrean herritarrei kalitatezko zerbitzua eskaini ahal izateko.  

Lehendakariak gogorarazi duenez, Eusko Jaurlaritza eta Osasun Saila Farmazialarien Elkargo Ofizialekin eta Farmazia Bulegoekin elkarlanean ari dira 90eko hamarkadatik, eta horiek garatzen aitzindariak dira. Orain artean elkarlanean garatutako programa nagusiak Xiringak aldatzeko Programa, Metadona Banaketa, GIBaren test lasterra eta Udalek Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuei esker Medikazioa Hobetzeko Programa dira, koordinazio soziosanitarioaren adibide garbia. Halaber, 2 motako paziente diabetikoei Jarraipen Farmakoterapeutikoa egiteko Programa abiatu berri da.

Aldi berean, bileran zehar adierazi du Euskadin dugun farmazia-ordenamendu ereduak herritarrek farmazian erosteko aukera bermatzen duela eta, beraz, medikamentuak eskuratzea bermatzen duela; era berean, farmazien bideragarritasun ekonomikoari dagokionez oreka garrantzitsua lortu du.

2016an, errezeta bidezko gastu farmazeutikoa 500 milioi euro baino gehiagokoa izan da (504.178.261 euro), 37.279.356 errezeta fakturatu dira eta errezeta bakoitzeko batez besteko gastua 13.52 eurokoa izan da.

Era berean, Lehendakariak eskerrak eman dizkie farmazialariei. Lehendakariaren ustez, farmazialarien lankidetza erabatekoa izan da errezeta elektronikoa ezartzeko orduan. Errezetok Euskadin zabaltzen hasi zen unetik gaur artei 117.277.000  errezeta zabaldu da. Errezeta elektronikoei esker, hainbat esparrutan sakondu da: pertsonen segurtasun klinikoan, farmazia-zerbitzuaren erraztasunean, kudeaketa eta  ekonomiaren eraginkortasunean. Horrek guztiak, era berean, Euskal Osasun Sistemaren modernizazioari lagundu dio.  Modernizazioaren bidetik, zera adierazi du Lehendakariak:  Osasun Saila lanean ari dela, errezeta elektronikoari dagokionean, Euskadiren eta estatuaren arteko eraginkortasuna urte bukaeran benetakoa izan dadin. 

EUSKO JAURLARITZAREN ETA EUSKADIKO FARMAZIALARIEN ELKARGO OFIZIALEN ARTEKO LANKIDETZA HITZARMENAK 

1995: opiazeoen menpekotasuna duten pertsonei opiazeoekin farmazia-bulegoen bidez tratamendua emateko hitzarmena. Helburua drogaren mendekoak diren pertsonei farmazia-bulegoetan metadona administratzea da. Hitzarmen horrek oso balorazio positiboa du esku hartzen duten eragileen artean.

Hilean 1.080 pertsonek jasotzen dute eta 250 farmazia-bulegok hartzen dute parte. 

2009: etxez etxeko zerbitzuen arreta jasotzen duten pertsonen medikazioaren erabilera hobetzeko hitzarmena. Helburua da mendekotasuna duten ala autonomoak diren pertsonek medikamentuekin moldatzeko zailtasunak izan eta horiek hobeto erabiltzea da; pertsona horiek beren etxebizitzetan bizi dira eta etxez etxeko laguntza-zerbitzuek artatzen dituzte; farmazia-bulegoetan medikamentuak dosifikatzeko sistema pertsonalizatuak prestatzen dituzte.

Gaur egun, 140 euskal udalerrik parte hartzen dute programa honetan, azkena Eibarko Udala izan zen apirilean, eta690 farmazia daude akreditatuta, eta horietako 322k pazienteak dituzte. Gaur egun, etxez etxeko laguntza jasotzen duten 800 erabiltzaile baino gehiago daude programan, %93 paziente polimedikatuak dira, egunean batez beste 10 pilula hartzen dituzte, eta %42 bakarrik bizi dira eta etxez etxeko laguntza jasotzen dute. 

2009: GIB eta bestelako sexu-transmisiozko gaixotasunak prebenitzeko hitzarmena. Farmazia-bulegoetan GIBaren baheketa negatiborako test azkarrak egiten dira. 9 urteko ibilbidearen ostean, herritarren artean arrakasta izan du, 17.085 test egin dira, 210 kasutan positiboa izan da emaitza eta prebalentzia %1,23koa izan da.  

2015: DOE preskripzioak (printzio aktiboaren araberakoak) banatu eta fakturatzeko hirugarren adostasun-dokumentua sinatu zen.Horren arabera, printzipio aktiboaren preskripzioen kasuan, farmaziak prezio baxueneko medikamentuak banatuko ditu eta, hala ez bada, Sailak prezio baxuenarena ordainduko du 

 2017: EAEko paziente kroniko eta polimedikatuen jarraipen farmakoterapeutiko integralerako programa garatzeko. 2 motako diabetesa duten pazienteentzako programa pilotua da eta helburua da medikamentuen erabilera hobetzea, tratamendua betetzea, horiek ulertzea eta, beraz, paziente kroniko eta polimedikatuen osasun-emaitza eta bizitza-kalitate hobeak lortzen laguntzea.

Ekimen hau Euskadin errezeta elektronikoa ezarri ostean aurkeztu da eta farmaziako profesionalen funtzioa indartzen du, herritarrei aholkuak eman eta osasunaren jarraipena egiteko.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @JuanUriarteG
    2017.eko ekainak 20

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: .@iurkullu Lehendakariak prestazio farmazeutikoaren eredua sustatzen jarraitzeko apustua egin du ➡ https://t.co/9Ku3RDTank (1/…

Ekitaldiko kargudunak