Berriak Lehendakaritza
Eu

Errefuxiatuen harrera eta gizarteratzea kuantitatiboki zein kualitatiboki sendotzeko proiektua amaitzear dute Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako gobernuak

2017.eko ekainak 20

Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna den honetan, Iñigo Urkullu Lehendakariak ondokoa jakinarazi dio Gobernu Kontseiluari: errefuxiatuak Euskadin hartzeko esperientzia pilotu bat abiarazteko lankidetza-marko bat amaitzear dutela Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak, "Auzolana Proposamena" izeneko dokumentuan oinarritua. Dokumentu honen xehetasunak ezagutzera eman ditu Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak.

Proiektu honi esker, Nazioarteko Babesa eskatu eta jaso eta Mediterraneoko krisi humanitariotik etorri diren pertsonak hartzeko 50 plaza berri sortuko dira Euskadin, epe motzera.  

Une honetan, eta dokumentu hori oinarritzat hartuz, esperientzia pilotua abiarazteko lankidetza-marko bat zehaztear daude bi gobernuak. Harrera-sistema arrunta sendotzea da gako nagusietako bat: Eusko Jaurlaritzak, Aldundiek eta udalek parte-hartze zuzenagoa izango dute hasiera-hasieratik. 

Gobernu Kontseiluak, gainera, 14 milioi euroko zuzkidura onartu du gaur Gizarte Zerbitzuetako Funtserako, Eusko Jaurlaritzari, Foru Aldundiei eta Euskadiko Udalei aukera ematen diena Prestazioen eta gizarte-zerbitzuen kartera finantzatzeko.

AUTOGOBERNUAN AURRERA EGITEA

Horrela iragarri du Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak prentsaurreko batean, non galde egin baitzaion atzo Bartzelonan izandako bilerari buruz Iñigo Urkullu Lehendakariaren eta Generalitateko president Carles Puigdemonten artean. Elkarraldian, Erkorekak azaldu duenez, beren errealitate politiko eta instituzional desberdinak kontuan hartuta, egiaztatu egin zuten “autogobernuan aurrera egiteko gehiengoaren borondatea”. Horregatik, bi gobernuen nahia da aldizka harremanetan egoten jarraitzea gai horri buruzko ikuspegiak trukatzeko.

Gainera, Eusko Jaurlaritzaren kezka azpimarratu du Erkorekak, Mariano Rajoyren Exekutiboa eremu autonomikoan erakusten ari den “birzentralizaziorako irrika” eta “inmobilismoa” ikusita, eta gogorarazi du Gobernu zentralak, Kataluniari eskatzen dionak Legea betetzeko, “sistematikoki” hausten jarraitzen duela Gernikako Estatutua. “Orain arte gobernu horrek ez du erakutsi Euskadin legezkotasunaren printzipioa betetzen ari denik; aitzitik, legezkotasunaren intsumiso gisa agertzen da". 

2017-06-20 gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)