Eu

Aiako Testaje Zentroak bere instalazioak handitu ditu Euskadiko haragitarako behien sektoreari laguntzeko

2017.eko ekainak 15
  • Zentroa erreferentea da estatu mailan, haragitarako behien berme sanitario eta  genetikoari dagokionez.
  • Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozek azpimarratu duenez, Aiako Testaje Zentro hau Euskadiko behi haragiaren ekoizpena eta salmenta bultzatzeko Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen Estrategiaren zati bat da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen du Aiako Testaje Zentroa, eta instalazio berriak estreinatu ditu Euskal Herriko behien genetikan bikaintasuna bilatzen baitu.

Zentroa jada erreferentea zen estatu mailan haragitarako behien berme sanitario eta genetikoari dagokionez, eta orain asko aldatuko du bere funtzionamendua, haragitarako diren arraza askoko behiak testatuko baitira bertan, esaterako, behi pirenaikoak, Limousine arrazakoak, Akitaniako Blonde arrazakoak eta xarolesak. Horrela, halaber, EAEko haragitarako behien sektorea antolatzen lagunduko du. Baliabide berriekin, espero da 400 bat idisko testatzea urtean eta 8 enkante egitea.

Gaur goizean, Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozek hiru eraikin berriak bisitatu dituzte.

Bittor Oroz sailburuordeak hitz egin duenean, azpimarratu du Aiako Testaje Zentro hau Euskadiko behi haragiaren ekoizpena eta salmenta bultzatzeko Eusko Jaurlaritzak duela urtebete aurkeztu zuen Estrategiaren zati bat dela. Exekutibo autonomoak, foru aldundiek, sektoreko erakundeek, sindikatuek eta ekoizleek beraiek elkarrekin eta estuki egindako lanaren ondorioa da plana, eta bere helburua da sektore honetako balio kate osoa suspertzea eta indartzea.

Une honetan, haragiaren sektoreak beste bultzada bat behar du aurrean dituen erronkei heltzeko: elikagaien segurtasuna, animalien ongizatea, gizarteak eskatutako kalitate markak (Euskal Okela) edo enpresa banatzaileekin lankidetzan aritzeko hitzarmenak (Eroski, Uvesco). 

Erronka horien aurrean, abeltzainek kalitate genetiko eta sanitario handiko hazitarako animaliak behar dituzte, haragi ekoizpenaren hobekuntzan pentsatuta, eta instalazio berri hauekin Aldundiak espero du abeltzainen eskaerei errazago erantzutea.

Oroz sailburuordeak iragarri du, baita ere, Eusko Jaurlaritzak behi ustiategietako abeltzainei lagunduko diela, arrazak hobetzeko programen barruan beren idiskoekin testaje probetan parte hartzen dituzten abeltzainei, laguntza horietara 240.000 euro bideratuta 2018an. Orozek aurreratu du aurten, abendurako enkanterako, 48.000 € erabiliko direla. 

Aiako Testaje Zentroaren hiru gune berriak

Aiako Testaje Zentroan egin diren zabaltze lanetan, koarentenarako beste ukuilu bat gehiago egin da, animalian zentroan sartzen direnean bertara eramateko. Gune horretan biosegurtasun neurri egokiak hartuko dira, prozesu patologikoak ekiditeko, bai animalientzat bai animaliek beraiek eduki ditzaketenak. Pabilioi berrietako beste batean animalien testajea egingo da, ahalik eta baldintzarik hoberenetan, animalien ongizateari, maneiuari eta produktibitateari dagokienez. Eta bukatzeko, diziplina askotarako enkante nabe bat eraiki da, abeltzainek bilerak, prestakuntza saioak eta ustiategiaren barruko kudeaketa lanak egin ahal izan ditzaten, eta, nola ez, estazioan testatzen den eta ustiategien onerako dela jotzen den ganaduaren enkanteak egiteko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak