Eu

Josu Erkorekak eta Enrique Lucasek Euskadiko epaile, magistratu eta administrazio publikoko profesionalei prestakuntza emateko IVAP-ek antolatu duen lehen jardunaldia inauguratu dute

2017.eko ekainak 15
  • Europako gizarte-jurisprudentzia: De Diego Porras eta egungo beste gai batzuk” da jardunaldiaren izenburua; bertan, gaur eta bihar, unibertsitateko mundu juridikoko eta judizialeko jende ospetsua batuko da, Donostiako Miramar Jauregian

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Bozeramaileak eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko Sailburuak, gaur arratsaldean, Enrique Lucas Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Euskadiko kidearekin batera, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen –IVAP– eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren artean epailetzako eta magistraturako profesionalen prestakuntzarako sinatutako hitzarmenaren ondorioz antolatutako lehen jardunaldiak inauguratu ditu.

Eztabaida-foro hau Ricardo Alonso García Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko katedradunak eta Juan Ignacio Ugartemendia Eceizabarrena UPV-EHUko katedradunak zuzenduko dute. Gaur eta bihar egingo da, Donostiako Miramar Jauregian. Bertan, Antonio Vicente Sempere Auzitegi Goreneko magistratuak eta María Lourdes Arastey auzitegi bereko magistratuak parte hartuko dute. Halaber, Lanaren eta Gizarte Segurantzaren zuzenbideko katedradun diren Joaquín García Murciak eta Ferrán Camas Rodak ere parte hartuko dute.

Bihar, ostiralean, parte hartuko duten hizlarien artean, Ricardo Alonso García nabarmendu behar da, Administrazioko eta Europar Batasuneko Zuzenbideko katedraduna, bai eta Manuel Díaz de Rábago ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko magistratua.

Bi jardunaldiotan, 9 hitzaldi interesgarri egongo dira eta horietan, besteak beste, Europar Batasuneko langileen zirkulazio askea, aldi baterako enplegu publiko edo pribatuei buruzko irizpideak, kontratu bakarra edo bitarteko funtzionarioekin eta aldi baterako langileekin lotutako Europako epaien irismena aztertuko dira. 

IVAP-BJKN HITZARMENA

Prestakuntza-jardunaldi hau Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen –IVAP– artean sinatutako hitzarmenari esker egin da. Aurrerantzean, Eusko Jaurlaritzak BJKNrekin jardungo du lankidetzan, karrera judiziala osatzen dutenei eta Euskadiko administrazio publikoetako langileei zuzendutako ziklo, ikastaro, mintegi, solasaldi eta mahai-inguruak antolatzeko.

Akordioak ezartzen duenari jarraikiz, eta kasu honetan gertatzen den bezala, Europako Zuzenbidearen aplikazioa lehenetsiko dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak