Berriak Kultura
Eu

GERRA ZIBILAK EUSKADIN IZAN ZUEN BILAKAERARI BURUZKO ITURRIEN GIDAREN AURKEZPENA

2010.eko azaroak 18

 

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Eusko Ikaskuntzak, Gerra Zibilak Euskadin izan zuen bilakaerari buruzko Iturrien Gida argitaratzen dute, argitaratu gabeko testigantzak biltzen dituena

 

Obra genero horretan aitzindaria da, eta Historiaren aldi erabakigarri hori hobeto ezagutzeko baliagarria izango da

 

Blanca Urgell Kultura sailburuak, José María Muñoa Eusko Ikaskuntzako presidenteak eta José Luis de la Granja eta Santiago de Pablo argitalpen-zuzendariek, gaur, Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzan, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Eusko Ikaskuntzak argitaratu duten "Gerra Zibilak Euskadin izan zuen bilakaerari buruzko iturrien Gida" aurkeztu dute.

Obraren izenburua "Gerra Zibilak Euskadin izan zuen bilakaerari buruzko iturri dokumentalen eta bibliografikoen Gida (1936-1939)" da, eta sei lagunez osatutako ikerketa-talde batek landu du; José Luis de la Granja, Santiago de Pablo, Juan Carlos Jiménez de Aberásturi, Pedro Barruso, Carmelo Landa Montenegro eta Norberto Ibáñez. Ikertzaile horiek Eusko Ikaskuntzaren Historia Saileko kide dira, eta Europa eta Amerikako hainbat gunetan banatutako 28 laguntzaileko sare zabala baliatu dute.

4 urteko lanaren ondoren, liburua ele bitan argitaratzen da, eta horren nukleo zentralak, garrantzitsuena eta zabalena denak, artxiboak eta dokumentazio-zentroak barne hartzen ditu. Bildu den informazioa oso ugaria denez, kontsultatu diren 328 artxiboetako fitxak liburuari erantsitako DVD batean argitaratu dira, baina hamabost adierazgarrienak paperean ere bilduta daude. Artxibo guztiek hiru atal dituzte, erosoago erabili ahal izateko: horiek aurkitu eta kontsultatzeko beharrezko datu praktikoak, bere funtsen deskribapena, eta dauden dokumentu-deskribapenerako tresnen aipamena; katalogoak eta inbentarioak.

 

 

Argitaratu gabeko testigantzak

Gidak atal desberdinak ditu. Horietako bat prentsari buruzkoa da, eta 1936ko uztailetik 1939ko apirilera bitarte Euskadin eta Europako eta Amerikako erbesteko hainbat lekutan argitara emandako aldizkako 173 euskal argitalpenen zerrenda eskaintzen du.  Euskadin Gerra Zibilari buruz dagoen filmografiari buruzko atal bat dago, eta protagonisten ahozko iturriak eta testigantzak biltzen dituen beste bat, memoria historikoa berreskuratzeko oso baliagarriak izanik. Izan ere, hamaika artxibo eta ahozko funtsetan aurkitutako eta argitaratu gabeko testigantzak biltzen dira, eta horien artean, Irargi-Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroan, Bergaran, daudenak azpimarragarriak dira, ugariak eta kalitate handikoak direlako. Gidak biltzen duen beste puntuetako bat Gernikako bonbardaketa da, horri buruzko bibliografia zabalarekin.

Artxiboak probintziaka, erkidegoka eta herrialdeka ordenatuta daude. 328 artxiboetatik 202 Euskal Autonomia Erkidegoan daude, 38 beste zortzi autonomia-erkidegotan, 59 Europako herrialdetan eta 29 Amerikako zazpi herrialdetan.  Liburuaren hitzaurrea egin duen Angel Viñas historialari eta katedradunak dioenez, parekorik ez duen obra bat da, gai ugari biltzen dituelako eta geografia zabala barne hartzen duelako. Viñasen ustez, obra hori nahitaez kontsultatu beharreko erreferentzia izango da Gerra Zibilak Euskadin izan zuen bilakaerari buruzko edozein ikerketa historiko egiteko, historialariei iturriak bilatzeko zeregina asko errazten baitie. Era berean, Viñasek dioenez, obra lagungarria izango da bizirik dirautenentzat edo haien senideentzat gatazkako biktimei buruzko dokumentazioa bilatzeko garaian, eta beste autonomia-erkidego batzuetan antzeko obrak egiteko eredu gisa erabili ahal izango da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Consejera de Cultura