Eu

Bingen Zupiria sailburuak Sabino Arana Fundazioak eta Euskaltzaindiak antolatutako hizkuntza politikaren inguruko jardunaldietan parte hartu du

2017.eko ekainak 14

Euskaltzaindiaren eta Sabino Arana Fundazioaren ekimenez, Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko hizkuntza-politikako arduradun nagusiak aurretiaz inoiz egin ez den mintegi batean batu dira Fundazioaren egoitzan, etorkizunean gara litezkeen lan-ildoei buruzko iritziak trukatzeko xedez. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua hasiera ekitaldian izan da, eta Saileko beste zenbait ordezkarik, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea buru izan dela, jardunaldietan hartu dute parte.

Izan ere, alde batetik, Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetako hizkuntza-politikaren arloko lan-ildoak zehaztu ditu. Era berean, Nafarroako Gobernuak lehen Euskararen Plan Estrategikoa onartu berri du eta, azkenik, Iparraldean Euskal Elkargoa deritzon erakunde mankomunatua sortu da. Azken erakundeak, besteak beste, eskumenak izango ditu hizkuntza-politikaren esparruan.

Bingen Zupiria sailburuak, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Sabino Arana Fundazioko lehendakariak, Juan Mª Atutxak jardun dute “Euskarak tokia hartu ahal izateko hizkuntza politikaz” izenburua duen mintegi honen hasiera-ekitaldian.

Ekitaldiaren hasieran, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi du “ziurrenik inoizko baldintzarik onenak ditugu euskara era eraginkorrean sustatzeko. Azken hamarkadotan egindako lan onaren ondorioz, ezagutza asko hazi da eta hizkuntzaren erabilera ere areagotu da; gizartearen euskararekiko jarrera inoiz baino hobea da eta, indarkeria amaitu zenez geroztik, testuinguru politikoa ere askozaz errazagoa da. Erronka handiak ditugu, zailtasunak badaude, baina aukera handiak ere badaude”.

Juan Mª Atutxak adierazi duenez, “asmo komun batek biltzen gaitu: lankidetza; elkarlanerako asmoa, elkarlanerako gogoa, elkarlanerako bidea. Testuinguru soziopolitikoak aukera ezin hobea eskaini digu; jauzi kualitatibo bat emateko aukera. Balia dezagun aukera hori.

Erronkak itzelak dira: nola indartu, nola biziberritu euskara hizkuntza hegemonikoek markatutako joko-zelaian?; Txalupa txikia izanik, nola itsasoratu hizkuntza nagusien ur handitan? Mitxelenak zioen bezala, helburua ez baita bizirik irautea, berezko tokia izatea baizik”.

Era berean, Sabino Arana Fundazioko lehendakariak esan duenez, “azken berrogei urte hauetan aurrerapauso nabariak eman ditugu. Botila ez dago erdi hutsik; botila erdi beteta dago; eta ez daukat zalantza izpirik ere, bide honetatik jarraitzen badugu, hau da, elkarlanaren bidetik jarraitzen badugu, botila, astiro bada ere, betetzen joango da”.

Beste alde batetik, euskaltzainburuak irmotasunez adierazi du “hizkuntza politika beharrezkoa duela euskarak; ez, ordea, hizkuntzarekin politika egitea).

Horren ondotik, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak Eusko Jaurlaritzaren azken legegintzaldiko helburuak eta lan-ildoak aurkeztu ditu hizkuntza-politikaren arloan. Eta ondoko eztabaida-saioa Euskaltzaindiko idazkariordeak, Erramun Osak, moderatu du.
Hurrengo lan-mahaian, Mikel Arregik, Nafarroako Gobernuko Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuko zuzendariak, Nafarroako Gobernuak onartu berri duen Lehen Euskararen Plan Estrategikoaren (2016-2019) helburuak eta lan-ildoak aletu ditu. Andrés Iñigo euskaltzain eta Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariak eztabaida-saioa moderatu du.

Hirugarren lan-mahaian, Jean-Baptiste Battittu Coyos euskaltzainak eta Jagon saileko buruak jardun du moderatzaile eta, bertan, Beñat Arrabit, Euskal Elkargoko hizkuntza-politikako arduraduna eta Mathieu Bergé, Euskararen Erakunde Publikoko zuzendaria, aritu dira. Bi erakunde horiek Iparraldekoak dira.
Geroago, Estibalitz Alkortak, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak, eta Jasone Mendizabalek, Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariak, “Euskarak 365 egun. Hizkuntza-ohiturak eta gizarte-aktibazioa Euskal Herrian” deritzon ekimenaren nondik norako nagusiak aurkeztu dituzte. Uztarri Fundazioko presidente eta itzultzaile Gotzon Loberak moderatu du ondoko eztabaida-saioa.

Azken lan-mahaian, herri-erakundeen arteko lankidetza-aukerak jorratu dira. Eztabaida horretan, Josune Zabalak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariak; Mikel Arregik, Beñat Arrabitek eta Mathieu Bergék parte hartu dute. Mahai horretan, Onda Vasca irratiko kazetari Itsaso Güemesek jardun du moderatzaile.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko