Eu

Kontrolerako osoko bilkura (2017/6/16)

2017.eko ekainak 16

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek erantzuna eman diete legebiltzarkideek Kontrolerako Osoko Bilkuran eginiko galderei eta interpelazioei.

Galdera, Jon Hernández Hidalgo Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako sailburu andreak Euskadin bizitza duina izateko zenbateko ekonomiko nahikoaz egin dituen adierazpenei buruz. 

Iñigo Urkullu Lehendakariak azpimarratu duenez, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren helburua da “premia-egoera batetik ateratzea”, laguntzen kronifikazioa saihestea eta laneratzea lortzea. DSBE gizarte-babeseko sistemaren zati bat besterik ez dela gogorarazi du Urkulluk, prestazioak eremu guztietara zabaltzen baitira –etxebizitza, hezkuntza edo osasuna, besteren artean–. “Premiak dituzten pertsonek bizitza duina izan dezakete babes-sistema globalarekin”, adierazi du.

Lehendakariak aitortu duenez arlo horretan “asko geratzen da oraindik egiteko”, eta gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak 20 neurri planteatu dituela DSBE hobetzeko Legebiltzarreko eskaera bati erantzunez, laguntzak gehien behar dituztenengana iritsi daitezen. Zentzu horretan ziurtatu duenez, laguntza horien erreformari “zorroztasunez, errealismoz eta demagogiarik gabe” ekitea adosteko borondatea du Eusko Jaurlaritzak. 

Galdera, Alfonso Alonso Aranegui Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, koordinazio politikoari buruz.  

Eusko Jaurlaritzaren koordinazio politikoaren aldeko apustua “iraunkorra” dela azpimarratu du Iñigo Urkullu Lehendakariak eta zentzu horretan Legebiltzarreko talde guztiekin eta instituzio guztiekin elkarrizketarako bidea zabalik edukitzeko premia nabarmendu du. Baita Espainiako Gobernuarekin ere, nahiz eta gogorarazi duen “azkeneko fasea da koordinazioa; aldez aurretik nahitaezkoa da adostutakoa betetzea”.

Urkulluk onartu du koordinazioak urratsak eman dituela autogobernuaren, kupoaren eta segurtasunaren arloetan, aste honetan bertan Segurtasun Batzordearekin izandako bilerarekin. Erronka, orain, Autogobernu Ponentzian aurrera egitea dela adierazi du, eta zentzu horretan gonbidapen bat luzatu dio PPri foro horretara elkar dadin. "Bera gabe ez dago koordinazio politiko posiblerik”, adierazi du.

Interpelazioa, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Katalunian datozen hileotan sortuko den egoera berriaren inguruan Jaurlaritzak dituen asmoei buruz.  

Iñigo Urkullu Lehendakariaren iritziz, beharrezkoa da jarrera “errespetuzkoa, zuhurra eta zehatza" izatea Katalunian gertatzen denaren eboluzioaren aurrean. Urkulluk iragarri duenez, astelehenean elkarraldi bat izango du Bartzelonan Generalitateko lehendakari Carles Puigdemontekin, non aukera izango baituen Estatuaren egoera politikoari buruz jarduteko. “Bere errealitate plurinazionala onartu behar duen Estatu batean planteatzen diren izaera politikoko eskaerei” irtenbide politiko bat ematearen garrantzia azpimarratu du Lehendakariak.

Errespetu hori bera aldarrikatzen da Euskadirentzat, zeinak “aukera paregabea” baituen, bere iritziz, adosteko, horrela erabakitzen bada, esparru juridiko-politiko berri bat, “elkarrizketatik eta adostasunetik” egin beharko dena. Zentzu horretan, Autogobernu Ponentzia da ahalik eta elkar ulertze zabalenera iristen saiatzeko foro egokia, bere iritziz. Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzaren helburua da euskal autogobernua defendatzea “Estatuaren espiritu birzentralizatzailearen aurrean”. Horrek ere berekin dakar gauzatu gabe dauden transferentziak eskatzea, aldebikotasuna aldarrikatzea eta nazionalitate printzipioa defendatzea, adierazi duen bezala. 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2017.eko ekainak 16

    Comentario de Twitter:
    [VÍDEO] Pleno de Control (16/06/2017). Respuestas a preguntas e interpelaciones de los grupos parlamentarios ➡ https://t.co/jIpcnoLsTx

  • @Gob_eus
    2017.eko ekainak 16

    Comentario de Twitter:
    [BIDEOA] Kontrolerako osoko bilkura (2017/06/16): Legebiltzarkideek egin dituzten galderen/interpelazioen erantzunak➡https://t.co/VZ9xZFQvmy

Ekitaldiko kargudunak