Berriak Lehendakaritza
Eu

Euskara eta euskal kultura ikertzen eta hedatzen diharduen Labayru Fundazioa bisitatu du Lehendakariak

2017.eko ekainak 14

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria lagun zuela, Labayru Fundazioa bisitatu du, duela 40 urte sortua euskara eta euskal kultura ikertzeko, sustatzeko eta hedatzeko helburuz. Helduen alfabetatzean eta euskararen transmisioan fundazioak betetzen duen garrantzizko zeregina aitortu du Lehendakariak, eta haren lankidetza eskatu du bete gabe dauden erronkei begira, euskararen erabilera, besteren artean. 

Labayru Fundazioa 1977an sortu zen. Sortu zenetik, bere zerbitzuen artean nabarmentzekoak dira bere alfabetatze- eta hobekuntza-programa berritzaileak, Euskararen eta Euskal Literaturaren Derioko Ikastaroa, Jose Miguel Barandiaranen aholkularitzapean Etniker taldeak garatzen zuten ikerketa etnografikoa eta ondorengo Euskalerriko Atlas Etnografikoaren sorkuntza, edo Euskal Biblioteka, balio handiko ondare bibliografikoa eta dokumentala biltzen duena Euskal Herriari eta euskarari buruz.

Joan den urtean, fundazioak, gogoeta estrategiko baten ondoren, Bide Barriak proiektua aurkeztu zuen, non bere jardun-lerroak ezarri baitzituen datozen urteei begira erronka berriei heltzeko, horien artean: euskara natural baten erabilera bultzatzea, gazteak erakartzea euskaraz espresatu daitezen eta euskararen eta euskal kulturaren transmisioa bermatzea.

Populazioa euskalduntzen eman diren "pauso handien" garrantzia nabarmendu du Lehendakariak, besteren artean, Labayru Fundazioaren lanari esker, nahiz eta gogorarazi duenez, oraindik “betetzeko dauden erronkak” dauden, euskararen erabilerarekin zerikusia dutenak, “euskara burutik eta bihotzetik ezpainetara eramatea”, alegia. Hala, erakunde horren lankidetza eskatu du helburu hori lortzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak