Berriak Hezkuntza
Eu

2,8 milioi euro doktoretza-ondoko hobekuntza-programaren beketarako (Gobernu Bilera 2017-06-13)

2017.eko ekainak 13

2016-2017 ikasturte honetan, 75 ikertzaile dira doktoretza-ondoko laguntzen onuradun, programa honen bidez

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du 2017-2018ko ikasturtean ikertzaile doktoreen doktoretza-ondoko Hobekuntza-programarako laguntzak deitzen dituen agindua. Deialdi honek 2.801.700 euroko zenbatekoa dauka. 

Programa honek doktoretza-ondoko lehen fasean dauden ikertzaileen hobekuntzarako bide bat eskaintzen du, gehienez ere hiru urteko iraupena izan dezakeena. Doktoreak lan-kontratua sinatu beharko du ikerketan diharduen euskal entitateren batekin. Entitate hau izan daiteke unibertsitatea, ikerketa zentroa edo osasun arloko ikerketarako institutua, I+Gn egiaztatutako jarduna duena. Ezarpen-zentro honek egoitza Euskadin izan beharko du eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen agente gisa egiaztatuta egon beharko du. 

Bi jarduera-lerro ditu programak:

     -  Laguntza berrien lerroa, ikertzaile doktoreen kontratu berriak finantzatzeko. Zenbateko osotik 864.524 euro gordetzen dira lerro honetarako.

     -  Laguntza-berritzeen lerroa, 2015-2016ko deialdian emandako laguntzak berritzekoa. Zenbateko osotik gainerako 1.937.176 euroak bideratzen dira lerro honetara. 

LERROAK

GUZTIRA (€)

   Laguntza berriak

864.524

   Laguntza-berritzeak

1.937.176

Guztira

2.801.700

 

Laguntza hauek, honako ezagutza-arlo hauetako doktoretza-ondoko ikerketak burutzeko eskatu ahal izango dira: Oinarrizko Zientziak; Bizitza eta Osasun Zientziak; Ingeniaritzak, Teknologiak eta Arkitektura; edo Gizarte Zientziak eta Humanitateak.

Doktoretza-ondoko kontratuak

Gorago aipaturiko ezarpen-zentroren batekin lan-kontratua sinatzen duen ikertzaile doktorea izango da laguntza hauen onuraduna. Baina ezarpen-zentro horrez gain, doktoreak atzerriko zentro bat ere izango du, eta bolada baterako hara lekualdatuko da bere ikerketa lana burutzera. Atzerriko zentroak ere unibertsitate edo ikerketa-zentroak izango dira. 

Kontratua sinatzearekin, laguntza emateko arrazoi izan den ikerketa-proiektua esklusibotasunez egiteko konpromisoa hartzen du doktoreak. Kontratu honen iraupena urtebetekoa izango da, baina urtebeteka luzatu ahal izango da berrituz gero, gehienez ere 36 hilabete arte. 

36 hilabete horiek bi fasetan antolatuko dira: lehenengoa 24 hilabetekoa

izango da gehienez, eta ikertzailea atzerriko ikerketa-zentro batera joango da, bere ezarpen-zentroa  utzita,  ikerketa-proiektu  bat  gauzatzeko.  Bigarren  fasea,  berriz,  12  hilabetekoa  izango  da gehienez; fase horretan, ikertzailea Euskadiko ikerketa-talde batean sartuko da. Lehen bi urte horietan laguntzaren onuradunak atzerriko zentrora urtean joan-etorriko bidaia bat finantzatzeko osagarri bat izango du. 

2016-2017 ikasturte honetan, 75 euskal ikertzaile dira doktoretza-ondoko laguntza hauen onuradun, iazko deialdiari esker: 23 ikertzaile, onuradun berriak dira, eta gainerako 52 ikertzaileek laguntza berritu egin dute. 

Programa honen bidez, Hezkuntza Sailak ikertzaileen prestakuntzan kalitatearen eta eraginkortasunaren aldeko apustua egiten duen eredu bat sustatu nahi du. Era berean, urtero ebaluatu daitekeen lan-kontratu baten bidez, ikertzaileak mundu profesionalaren errealitatera hurbiltzen ditu, eta zientziaren  eta  teknologiaren alorrean belaunaldi berri bat sortzea sustatzen du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko