Eu

Jaurlaritzak onartu du garraio jasangarriaren gida plana: Euskadi 2030 (Gobernu Bilera 2017-06-13)

2017.eko ekainak 13

Garraio-eredu jasangarri eta integratua, Euskadiko gizartearen eta ekonomiaren garapenerako eta gizarte-kohesiorako tresna gisa

Planaren helburu nagusia garraioaren garapen ekonomikoa, jasangarria, adimentsua eta arduratsua sustatzea da

Euskadiko garraioaren arloan politika bateratu bat formulatu da, Europako markoarekin eta Eusko Jaurlaritzaren gainerako plan estrategikoekin lerrokaturik

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Garapen Jasangarriaren Gida Plana: Euskadi 2030. Plan honek jarraipena ematen dio 2012-2020rako prestatu zenari eta, aldi berean, Europako markoarekin lerrokatzen da eta Garraioaren Liburu Zurian jasotako Europako politikek markatutako bidea jarraitzen du.  Plan honen bidez Euskadin garraioaren arloan datozen urteotarako politika bateratua egiteko konpromisoa hartzen du Jaurlaritzak. 

Plana gauzatu ahal izateko, batetik, sektorearen diagnostiko kritiko eta eguneratua egin da, eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzaren beste plan eta politika batzuk sartu dira. Gainera, Euskadin aplikatzeko modukoak diren nazioarteko jardunbide onenak identifikatu dira, eta esparruko eragile publiko eta pribatu nagusiak inplikatu dira. 

GJGPren helburuak  

Planak 6 helburu zehatz ditu, eta jarraituko diren estrategiak ere zehaztu dira: 

1.- Garapen ekonomiko, jasangarri, adimentsu eta arduratsua sustatzea. 

1.1 Gizartearen eta ekonomiaren garapenerako kultura jasangarria bultzatzea, garraioa administrazioetatik, enpresetatik eta gizartetik koordinatuta planifikatu eta antolatuz.  

1.2    Euskadiko garraioaren lehiakortasuna bultzatzea.  

1.3 Garraio-sistema aurreratua sustatzea, kostuak barneratzeko irizpideetan oinarrituta kudeatua.

 

2.- Irisgarritasun unibertsala bultzatzea, lurralde-planifikazio egokiarekin bat eginda.

2.1 Garraio jasangarria bultzatzea irisgarritasuna bermatuz, lurralde-planifikazio jasangarriarekin koordinatuta.

2.2   Mugikortasun-eskaera garraio-aukera jasangarriekin kudeatzea.

2.3 Irisgarritasun eta mugikortasun jasangarrirantz jotzea jarduera sortzen duten  zentro nagusietan.

 

3.- Garraiobideen arteko oreka bultzatzea.

3.1 Intermodalitatea sustatzea pertsonen nahiz salgaien garraioan,  bidaiarien garraio-sare publiko koordinatu eta integratua eta azpiegitura logistikoen sare multimodala garatuta.

3.2 Garraiobide jasangarriagoak erabil daitezen sustatzea, bereziki trena.

3.3 Garraioan petrolioaren ordezko energiak erabil daitezen bultzatzea, batetik, ingurumenaren gaineko eragina murrizteko eta, bestetik, energia-mota horren eskasiaren aurrean hain kalteberak ez izateko.

 

4.- Euskadik Europan duen posizio estrategikoa bultzatzea.  

4.1 Euskadik Europan duen posizio estrategikoa balioestea, eta ez bakarrik bertatik igarotzen den trafikoaren kudeatzaile gisa, baizik eta baita kontinenteko komunikazioen nodo logistiko intermodalaren kudeatzaile gisa ere.

4.2 Basque Country Logistics eredua ezartzea, arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzaren bidez gure enpresak gero eta globalizatuagoa den merkatuan lehiatu ahal izan daitezen.

4.3 Aireportuetako garraio irisgarri, integratu eta lehiakorragora jotzea.

 

5.- Garraioaren erabilera eraginkorra eta arduratsua bultzatzea.

5.1 Gizartea, erakundeak eta enpresak kontzientziatzea garraioak jasangarria izan behar duela ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren ikuspegitik.

5.2 Garraio-sistema jasangarria sustatzea, garraio-zerbitzuak, azpiegiturak eta horien arteko loturak eraginkortasuna helburu dela eraiki, bermatu eta mantenduta.  

5.3 Garraio publikoa finantzatzeko sistema diseinatzean kontuan hartzea jasangarritasuna bermatu behar duela eta eraginkortasuna maximizatu behar duela.

 

6.- Garraio-sistema publiko integratua garatzea.

6.1 Garraio publikoa erabil dadin sustatzea.

6.2 Garraio-eredu publiko integratua garatzea, ikuspegi ekonomikotik jasangarria.

6.3 Tarifak bateratzea eta zonifikazio bateratua ezartzea.

 

Gobernantza eredua 

Euskadiko Garraio Agintaritzak Gida Planetik eratorritako garraio-politika koordinatzeko tresna gisa egindako funtsezko lana nabarmendu nahi da. EAEko Administrazio Orokorraren aholku eta koordinaziorako goi organoa da.

Arloan eskumenak dituzten Euskadiko administrazioen eta eragileen arteko koordinazioa ezinbestekoa denez planaren helburuak lortzeko, Lurralde Plangintzaren eta Garraio Plangintzaren zuzendaritzen arteko elkarlana landuko da. Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta udalek elkarlanean jardungo dute arloko jardunbide onenak ezagutu eta ezartzeko, eta mugikortasun-planak gauzatu nahi dituzten enpresak eta jarduera-zentroak ere inplikatu nahi dira.

Helburu horiekin batera administrazioen arteko koordinazioa ere landuko da Euskadiko mugikortasun-sistema finantzatzeko eredua zehazteko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko