Berriak Lehendakaritza
Eu

Jaurlaritzak onartu du Euskal Etxeentzako laguntza-deialdia, 902.307 euro emango dituena (Gobernu Bilera 2017-06-13)

2017.eko ekainak 13

Eusko Jaurlaritzak bide eman dio Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko Euskal Etxeentzako eta euskal etxeen federazioentzako eta konfederazioentzako diru-laguntzen aurtengo deialdiari. Diru-laguntza horiek Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren bidez banatzen ditu. Orotara, 902.307 euro bideratuko ditu laguntza horietara, 40.000 euro gehiago iaz baino.

Laguntzaren zatirik handiena –782.307 euro– Euskal Etxeen urteko programak edo jarduera zehatzak laguntzera bideratuko da, nagusiki, gazteria, emakume, kanpo-irudi eta komunikazio, memoria historiko, gastu arrunt eta funtzionamenduaren arloko jardueretara.

Gainerakoa –120.000 euro, hau da, iaz baino 40.000 euro gehiago, azpiegitura-gastuetako kapituluan–, zentroen beraien egoera hobetzera bideratutako jardueren gastuak osorik edo zati batean finantzatzera bideratuko da; esaterako, ezbeharrek eragindako kalteak konpontzeko, hesi arkitektonikoak kentzeko, euskal etxe berriak eraikitzeko, gazteentzako lekuak egokitzeko eta gazteen zein emakumeen jardueretan teknologia erabiltzeko.

Gaur onartu den deialdian parte hartu dezakete mundu osoko 25 herrialdetan dauden 190 euskal etxeek. Deialdia EHAAn argitaratzen den egunetik hasita, hilabete bateko epea egongo da eskaera egiteko.

Beste euskal etxe bat 

Bestalde, Gobernu kontseiluak aintzat hartu du Saint Pierre et Miquelon-eko Euskal Etxea. Ternuako  itsasertzaren aurreko uhartedi frantziarra da Saint Pierre et Miquelon.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko