Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Pilar Unzalu pozik agertu da, Kantauri Itsasoan antxoa berreskuratu delako

2010.eko azaroak 17

Antxoaren biomasaren indizea, 2011ko maiatzerako, 100.000 tonatara irits daiteke, eta iazko udaberriko populazioa bikoiztu

Bilbo, azaroak 17.- Pilar Unzalu Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburua oso pozik agertu da, Kantauriko antxoa gazteen biomasak izan duen bilakaeraz, 2010eko Juvena azterlanak eman dituen datuengatik, hirukoiztu egin baita kopurua iazko kanpainarekin alderatuta.

Pilar Unzaluk Bilbon aurkeztu ditu gaur Kantauri itsasoan dauden antxoa gazteen populazioaren gainean AZTI-Tecnaliak egiten duen Juvena azterlanaren emaitzak. Aurkezpenean, Alicia Villauriz Ingurumena, Landa-ingurunea eta Itsasoko ingurunearen Ministerioko Itsasoaren idazkari nagusia, Jon Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza sailburuordea eta Rogelio Pozo AZTI-Tecnaliako zuzendari nagusia egon dira.

2003an egin zen lehen Juvena azterlana, eta ordutik ez dira erregistratu egungoak bezain indize altuak, antxoa gazteen biomasan. Iaz lortutako datuekin alderatuta, Juvenaren datuetan hirukoiztu egin dira emaitzak: 178.000 unitate izatetik 599.000 izatera igaro da azterlaneko zientzia-adierazlean. Horrek esan nahi du datorren udaberrirako aurrreikusten den antxoaren biomasa handiagoa izango dela: 2010eko maiatzeko 50.000 tonatatik 100.000 tona ingurura helduko dela 2011n.

“Albiste oso ona da sektore osoarentzat. Hemendik aurrera, datu horiek lagundu beharko digute, arrantzatzeko jarduera finkatzen eta elikagaien eta kontserben industrian ere Kantauriko antxoaren merkatuko kuota berreskuratzen; are gehiago, gure antxoaren kalitatea aintzat harturik” azpimarratu du Pilar Unzaluk.

Sailburuak adierazi duenez, “prekauzioaren maila 33.000 tonatan dagoela kontuan izanik, antxoa gazteen kopurua, zalantzarik gabe, albiste oso ona da arrantzaren sektorerako eta horri loturiko jarduera guztietarako. Izan ere, horri esker jarduera jasangarria garatu ahal izango da, ekonomiaren, jendartearen eta ingurumenaren ikuspuntutik”.

Alde horretatik, arrantzako baliabideak kudeatzeko hartzen diren erabakiak babesten Eusko Jaurlaritzak zientzialariekin soinez soin lanean jarraitzeko konpromisoa duela adierazi du. Halaber, sailburuaren ustez, espezie hori epe luzera kudeatzeko plana Europako Batzordeak eta Europako Parlamentuak onartzeko Eusko Jaurlaritzak etengabe egiten duen eskaera indartzen du Juvena txostenak erakusten duen bilakaerak.

OHARRA: Honekin batera AZTI-Teknaliak eginiko ikerketa gehitzen da

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Pilar Unzalu
    Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua (IX legealdia)