Eu

Lide Amilibia: “esperientziak partekatzeak ateak irekitzen dizkio gure herritarren ongizatearen probetxurako elkartruke eta ikasketarako elkarlanari”

2017.eko ekainak 13
  • Age-friendly Environments Programme sarea osatzen duten 400 hiri eta udalerrietatik 45 Euskadin daude
  • Euskadi Lagunkoiak ‘Euskadi Lagunkoia Udalerri Sarea’ bultzatzeko jardunaldia antolatu du

Donostia, 2017/06/13

Euskadi Lagunkoiak ‘Euskadi Lagunkoia Udalerri Sarea’ deitutako jardunaldi bat ospatu du gaur Donostian eta, bertan, dagoeneko sarea osatzen duten udalerrietako ordezkariek izan dute hitzordua, biltzen duten lan eta eskarmentuaren berri emateko. “Udalerri bakoitzak eskarmentu luzea du arlo honetan. Sareak bultzada eman nahi dio lan horri. Esperientziak partekatzeak ateak irekitzen dizkio gure herritarren ongizatearen probetxurako elkartruke eta ikasketarako elkarlanari”, hala azaldu du Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politika sailburuordeak.

 

Jardunaldian, bertaratu diren Euskadi Lagunkoiako talde sustatzaileetako eta udaletako pertsona parte-hartzaileek udalerrien sarea bultzatu dute, bi helburu aldean ekarrita: egitasmoa gidatzea, hari ikusgaitasuna eta dibulgazioa emanez; gainerako udalerriekin haren garapena partekatzea; esperientzien eta praktika egokien berri elkarri ematea; askotariko udalerrien artean bisitak programatzea; programak martxan jartzeko ideiak sortzea; eta Euskadi Lagunkoiaren barruan garatutako ekintzak eta programak baloratu, jarraipena egin eta ebaluatzea.

 Batzorde hori urtean bitan bilduko da, eta egitasmoari gidaritza dinamiko eta berritzailea emateaz arduratuko da, gidaritza horren inguruan herritarren, gizarte-eragileen eta udalen partaidetza biltzeko eta, etengabeko ahaleginean, Euskadi auzo eta udalerri guztietan osasuna eta partaidetza aktiboa bultzatzen duen lurraldea bihurtzeko.

 Euskadi Lagunkoia

Euskadi Lagunkoia Osasunaren Mundu Erakundeak sustatutako Age-friendly Environments Programme ekimenean oinarritzen da, eta bitarteko eraginkor honek adineko pertsonei eta komunitateei lagundu egiten die haien ahalmen osoa ustiatzen eta gizartean parte hartzen beren ingurunea, udalerriak, herriak eta hiriak haien beharrizan, desio eta gaitasunen arabera eraiki ditzaten; aldi berean, laguntzak, babesa, segurtasuna ematen dizkie eta, hartara, mugimenduaren bultza-indar bihurtzen dira, baita egitasmoa garatzeko protagonista, eredu eta gidari ere.

 

“Lagunkoitasun programan, pertsona nagusiak gure eguneroko bizitzaren probetxurako ongizatea sortuko duen prozesu baten protagonistak dira; prozesu horrek, gainera, sendo helduko dio espazio publikoak, herritarren arteko harremanak eta zainketen transferentzia arrazionalagoa berreskuratzeari… finean, udalerriko eguneroko bizitza apur bat gizalegezkoagoa eta guztiontzat pozgarriagoa egiten dituzten gauza txiki guztiak berreskuratzeari”.

 

Egun, Sarea Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Sailak bultzatzen du, eta hiru lurraldeetako 45 udalerrik osatzen dute. Tamaina askotako eta errealitate desberdinetako herri eta hiri horiek partaidetza komunitarioko prozesuak sortzearen alde apustu egin dute, udalerriko askotariko eskumen arloetan aldaketak sartzea bultzatzearen alde, betiere haien herritarren bizi kalitatea hobetzearren; ongizate-eragile diren neurrian, adineko pertsonek herritarren bizitzari dakarkioten ahalmena baliatzearen alde ere egin dute, eta Euskadiko lagunkoitasun ekimenen sare bat sortzearen alde.

 

Euskadi Lagunkoia Sarea egun osatzen duten berrogeita bost udalerriak ondorengoak dira: Abadiño; Abanto Zierbena; Alegria-Dulantzi; Amurrio; Antzuola; Añana; Armiñon; Azkoitia; Basauri; Beasain; Berantevilla;Bergara; Bermeo; Bilbao; Campezo/Kanpezu; Donostia-San Sebastián; Durango; Ea; Eibar; Erriberagoitia/Ribera Alta; Eskoriatza; Getxo; Hondarribia; Idiazabal; Igorre; Irun; Iruña Oka; Irura; Kuartango; Lantaron; Larrabetzu; Legazpi; Ordizia; Orio; Ormaiztegi; Santurtzi; Urnieta; Urretxu; Valdegovia/Gaubea; Vitoria-Gasteiz; Zaldibia; Zambrana; Zarautz; Zestoa; eta Zumarraga.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak