Berriak Osasuna
Eu

Larruazal-minbiziaren munduko eguna, ekainaren 13a. Euskal osasun-sistema publikoak bere ikerketekin lagundu egiten du larruazal-minbiziaren identifikazioa eta tratamendua hobetzen

2017.eko ekainak 12

 

  • Besteak beste, euskal osasun-sistema publikoak biomarkatzaileak identifikatzen lan egiten du, odol- eta ehun-laginen bidez. Horren helburua da zehazki eta lehenbailehen jakitea paziente batek larruazaleko melanoma bat izan dezakeen eta gaixotasunaren pronostikoa zein den

 

  • Era berean, tumore-zelulen aurkako tratamendu berriak garatzea du xede

 

 Euskal osasun-sistema publikoak bere ikerketekin lagundu egiten du larruazaleko melanomaren identifikazioa eta tratamendua hobetzen. Hori da, hain zuzen, larruazal-minbiziaren modurik erasokorrena. Esparru horretan, haren egungo ikerketen xedea da gaixotasuna goiz identifikatzea, baita sendatzeko pronostiko txarra duten kasuak ere, metastasi-arriskua dela-eta. Metastasia da minbizi-prozesu bat hedatzea berori hasi zeneko organoaz bestelako organo batera. Era berean, egungo tratamenduak hobetzen ari da lanean.

 

Larruazaleko melanomaren eragina gero eta gehiago ari da handitzen azken urteotan. Hori dela-eta, larruazaleko melanomaren azterketa da minbiziaren ikerketan aupada zientifiko handienetakoa. Hain zuzen, hori da hilkortasun handieneko larruazal-minbiziaren mota.

 

Ikerketa-ildo horien xedea da tumore-zelulen aurkako tratamendu berriak garatzea eta odol eta ehunetako laginen bidez biomarkatzaileak identifikatzea, zehazki eta lehenbailehen jakiteko paziente batek melanoma izan dezakeen eta gaixotasun horren pronostikoa zein den.

 

Euskal osasun-sistema publikoak ikertzaile taldeak ditu Osakidetzako zenbait erakundetan, beste agente batzuen lankidetzaz, hala nola Euskal Herriko Unibertsitatearenaz (EHU). Talde horien helburua da gaixotasun horren ikerketan aurrera egiten jarraitzea.

 

Gaixotasun honi buruzko ikerketa-proiektuak garatzen dira Biocruces Ikerkuntza Sanitarioko Institutuan (Ezkerraldea-Enkarterri-Cruces ESI) eta Biodonostia Ikerkuntza Sanitarioko Institutuan (Donostialdea ESI). Proiektu horietan, diziplina anitzeko lantaldean dihardute medikuek, biologoek, kimikariek, fisikariek eta matematikariek, beste profesional batzuen artean.

 

Talde horrek larruazaleko melanomarekiko minberatasun-geneak identifikatzen egiten du lan. Horretarako, genoma eta markatzaile berriak analizatzen ditu, larruazaleko lesioaren eta tumore-biopsien azterketa morfologikoaren bitartez. Hasiera-hasieratik identifikatzen saiatzen da zein pazientek izango duten bilakaera txarra, berori geldiarazteko asmoarekin.

 

Markatzaile horiek bilatzean (molekula jakin batzuk dira), iristen dira zelula-mailan jakitera zein nahaste sortzen diren tumorearen barruan, eta hori informazio-bide garrantzitsua da hurrengo esku-hartze terapeutikoetarako. Adibidez, jakinez gero, zehazki, tumore-zelula horiek ugaritzea dakarten molekula-proteina asko daudela, substantzia horiek murriztea metodo egokia izan liteke jarduera gaizo hori geldiarazteko.

 

Ildo horretatik, Ezkerraldea Enkarterri Cruces – Biocruces ESIko eta Bilbo Basurto ESIko Dermatologiako zerbitzuetako profesionalak lankidetzan aritzen dira EHUko beste profesional batzuekin larruazaleko melanomarekiko minberatasun-geneak identifikatzeko ikerketa-ildo bat garatzen. Hala, analisi genomikoak eta proteomikoak egiten dituzten pazienteen laginetan.

 

Lankidetza horren emaitza gisa, 2013an, melanomaren diagnostiko eta pronostikorako zenbait biomarkatzaile identifikatu ziren. Horiek babes-eskaeraren xede izan ziren asmakuntza-patenterako (egun, Europako patentea dago eskatuta). Taldeak, Osasun Sailaren laguntza-deialdiaren barruan lortutako finantzaketari esker, pazienteen lagin ugaritan markatzaile horiek baliozkotzeko lanean jarraitzen du. Azken helburua da klinikan kit bat edukitzea diagnostiko hori egin ahal izateko eta, batez ere, larruazaleko melanoma duten pazienteen bilakaerari buruzko pronostikoa egin ahal izateko.

 

Larruazal-minbizia ikertzeko talde gehiago

 

Biodonostiako Onkologia Molekularreko taldea lanean ari da gaixotasuna diagnostikatzeko biomarkatzaileak identifikatu eta ebaluatzen, eta sendagaiekiko erresistentzia-faktoreak eta neurri terapeutiko berriak bilatzen.

 

Hala, melanoma duten pazienteen biopsia likidoak hiru alderdi hauetan analizatzen ditu: odoleko RNAko biomarkatzaile berria ezagutzea; DNAren berariazko mutazio garrantzitsuak odol-laginetan detektatzea; eta odolean DNA/RNAko markatzaileak detektatzeko gailu eramangarri, azkar, merkea eta erabilerraz bat garatzea.

 

Proiektu horiek posible dira melanoma duten pazienteen 1.300 plasma-lagin baino gehiago jaso dituela Biodonostiak bere lankideengandik (Oxfordeko Unibertsitatea, 12 de Octubre Unibertsitate Ospitalea, Donostiako Unibertsitate Ospitalea eta Onkologikoa).

 

Odolean biomarkatzaile berriak aurkitu ahal izateko, hurrengo belaunaldiko sekuentziazio bat egin da. Horren helburua da boluntario osasuntsuen eta melanoma duten pazienteen plasmako RNA mota guztiak detektatzea eta elkarrekin alderatzea.

 

Saiakuntza horien emaitza gisa, melanoma-estadioen artean eta banako osasuntsu eta gaixoen artean zehaztasunez bereizteko gai diren geneak identifikatu dituzte. Emaitza horiek pazienteen 300 laginetan baino gehiagotan baliozkotu dira eta egun aztertzen ari dira argitaratzeko.

 

Gainera, egiaztatu da melanoma ugarik mutazioak dituztela BRAF genean. Biodonostiak berriki ezarritako teknika bat erabiltzen du, tantakako PCR digitala izenekoa. Horrek aukera ematen du tumore-ehunaren ordez plasma-laginak erabiltzeko mutazio horren presentziaren analisian.

 

 

2017ko ekainaren 12a

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @osakidetzaEJGV
    2017.eko ekainak 12

    Comentario de Twitter:
    Gure ikerketekin lagundu egiten dugu larruazal-minbiziaren identifikazioa eta tratamendua hobetzen ➡ https://t.co/9BS38uAsf4

  • @osakidetzaEJGV
    2017.eko ekainak 12

    Comentario de Twitter:
    Contribuimos con nuestras investigaciones a mejorar la identificación y tratamiento del cáncer de piel ➡ https://t.co/fIsB6oVhFZ