Eu

Josu Erkoreka eta Aintzane Ezenarrok Gerra Zibileko Barakaldoko biktimen oroitzapen ekitaldietan parte hartu dute

2017.eko ekainak 13
  • Eusko Jaurlaritzaren eta Barakaldoko Udalaren artean antolatutako ekitaldi nagusiak omenaldia egin die Euskaditik irten behar izan zuten umeei eta duela 80 urteko bonbardaketan hil zirenei.
  • Barakaldon, 750 pertsona baino gehiago hil ziren Gerra Zibilean. Gainera, 1.200 adingabek baino gehiagok Euskaditik irten egin behar izan zuten.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Bozeramaileak eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak eta Aintzane Ezenarro Gogora, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Eskubideen Institutuko Zuzendariak, gaur, Gerra Zibileko Barakaldoko biktimen oroitzapen-ekitaldietan parte hartu dute. Barakaldoko alkate Amaia del Campo buru izan duen gaur arratsaldeko omenaldia, udalak ekain osorako antolatu duen programaren ekitaldi nagusia izan da; esker ona adierazteko ekimen ugari antolatu ditu.  

Gaur, zehazki, udalerrian biktima gehien eragin zituen bonbardaketaren 80. urteurrena betetzen da, eta omenaldia egin zaie bizitza galdu zuten 26 herritarrei. Gainera, bi erakundeek gerratik ihes egiteko Euskadi utzi behar izan zuten milaka adingabeak ere ekarri dituzte gogora. Omenaldirako egun hau hautatu da, hain zuzen ere, 1937ko ekainaren 13an erregistratu zelako “Habana” itsasontziaren azken bidaia, Euskadin, gerraren izutik ihesean zihoazen umeak atzerriratu zituen itsasontzia.

Koldobika López historialariak eta Arantza Sancho kazetariak zuzenduriko ekitaldian parte hartu dute ere herriko talde desberdinak: Schola Cantorum eta Schola txikik, Idoia Anzorandia bertsolariak edota Ruaille Buaille taldeak.

EKAINEKO PROGRAMA

Barakaldoko Udala, aurtengo ekainean, Gerra Zibileko biktimei omenaldia egiten ari da. Jarduerak ekainaren 5ean hasi ziren; “Gerrako umeek beren bizitza, beren historia kontatzen dute” erakusketa inauguratu zen. Erakusketan, 3.000 kontakizun baino gehiago jasotzen dira, argazkien edo idatzizko lekukotzen bidez. Ekainaren 30era arte egongo da ikusgai.

Programa honako hau da:

  • Ekainaren 20a: “Los niños de Rusia” filma, Jaime Caminorena
  • Ekainaren 28a: dokumental-solasaldia, “Los niños de la Habana” dokumentalaren bidez
  • Ekainaren 30a: Hala Dziporen ikuskizuna eta musika-emanaldia

GERRA BARAKALDON

Gerra Zibilean, Barakaldon, 750 pertsona baino gehiago hil ziren; horietako 57 hirian izan ziren bonbardaketen ondorioz hil ziren, eta zehazki, hildako gehien eragin zituena ekainaren 13koa izan zen, gaur duela 8 hamarkadatakoa, zehatz esateko.

Gainera, duela 80 urte, 20.000 ume euskaldun baino gehiagok hartu behar izan zituzten “Habana”, “Goizeko Izarra” edo “Galea” itsasontziek, besteak beste, gerraren lazgarrikerietatik ihes egiteko. Maiatzean eta ekainean irten ziren euskal portuetatik, Frantziara, Belgikara, Erresuma Batura edo Sobietar Batasunera. Ume horietako 1.200 baino gehiago Barakaldoko herritarrak ziren.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak