Eusko Jaurlaritzak eta la Caixak 11 milioi euroko balioa duen lankidetza akordioa sinatu dute gizarte arlorako
Iñigo Urkullu Lehendakariak eta “La Caixa” Banku Fundazioko Presidente Isidro Fainék lankidetza-akordio bat sinatu dute gizarte, kultura, zientzia eta ingurumen arloetarako. Akordioak 11 milioi euroko zuzkidura izango du 2017. urte honetarako.
Eguerdi honetan Lehendakaritzan sinatu den akordio honi esker ondoko xedeak izango dituzten programak abiaraziko dira: zailtasun bereziak dituzten pertsonak laneratzea; haurren txirotasuna murriztea; beren bizitzaren amaieran dauden pertsonei eta beren familiei eskaintzen zaien arretaren kalitatea handitzea; edo zahartze aktiboari loturiko jarduerak gauzatzea.
Iñigo Urkullu Lehendakariak eta “La Caixa” Banku Fundazioko Presidente Isidro Fainék adierazi dutenez, publikoa-pribatua lankidetza-eredua gizarte arlora zabaltzearen ondorio da akordioa. Sistemak behar gehien dituzten pertsonei zuzenduriko programak abiaraziko ditu, beren bizi-kalitatea eta aukerak handitzen lagunduz.
Eusko Jaurlaritzak La Caixa Fundazioaren konpromisoa aitortu du, programa horiek gazteen laneratzea, hezkuntza arloko bikaintasuna edo zailtasun bereziak dituzten pertsonen laneratzea bezalako Euskadiko oinarrizko helburuak lortu ahal izateko egiten duten aitorpena nabarmenduz. Euskadiko “guztien ongia” hobetzeko xedearekin Fundazioak egiten duen ekarpena eskertu nahi izan du Urkullu Lehendakariak.
AKORDIOAREN XEHETASUNAK
Akordioak hiru atal handi hartzen ditu barne, programa ezberdinen bidez gauzatzen direnak. Ondokoak dira nabarmentzekoak:
Gizarte arloa
- CaixaProinfancia programa: xede nagusia du haurren txirotasunarekin bukatzea. Horretarako, gizarte bazterkerian dauden edo aipatuan erortzeko arriskuan dauden adingabeak dituzten familiei zuzenduriko gizarte funts bat sortzen du, laguntza-sistema publikoak osatzera datorrena.
- Incorpora y Reincorpora programa: Bere helburua da lana lortzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonen eta espetxeratuen laneratzea lortzea, laneratze-bitartekarien sare baten bidez.
- Gaixotasun aurreratuak dituzten pertsonei arreta integrala eskaintzeko programa: Bere xedea da beren bizitzaren amaieran dauden pertsonei eta beren familiei eskaintzen zaien arretaren kalitatea handitzea.
- Adineko pertsonei loturiko programa: zahartze aktiboa eta boluntariotza sustatzeko jarduerak gauzatzeko programa.
- Beste programa batzuk: gizarte ekimenak, boluntariotza, nazioarteko lankidetza, etxebizitza soziala, alokairu solidarioa, etab.
Kultura eta Hezkuntza arloak
- EduCaixa: “La Caixa” Gizarte Ekintzak Hezkuntza Komunitatearen esku jartzen duen jarduera eta bitarteko sorta; 3 eta 18 urte bitarteko ikasleei, irakasleei eta gurasoen elkarteei zuzenduta.
- Erakusketa ibiltariak: iraganeko kulturen, argazkigintzaren eta arte zahar, moderno eta garaikidearen ingurukoak dira, bai eta zientzia gaiaren ingurukoak ere.
- Musika: ezagutza, parte-hartzea eta ezberdinarekiko begirunea sortu nahi duten espazioak
Ikerketa eta ezagutza arloa
- Diru-laguntza programa: 240 diru-laguntza inguru, EAEko ikasleek graduondoko ikasketak egin ditzaten Estatu espainiarrean zein atzerrian.
- Ikerketa: Epe ertainerako eta luzerako proiektutan inbertitzea, gizarterako sentikorrenak diren arloetan: hiesaren aurkako ikerketa, minbiziaren aurkako borroka, gaixotasun kardiobaskularrak eta Alzheimerra bezalako endekapen-gaixotasun neurologikoak.
Programa horiek guztiak 2017. urtean zehar gauzatuko dira eta datozen ekitaldietan ere luzatzeko aukera egongo da.