Eu

Errugbi inklusiboak “gizarte aurreratu baten oinarri den gizarte-zutabe nagusiaren eraikuntzan” duen funtzioa azpimarratu du Artolazabal´ek”

2017.eko ekainak 12
  • Mixed Ability Rugby World Tournament txapelketaren II. edizioa Gasteizen, abuztuaren 21etik 25era, 16 talderekin. 
  • Europa Jauregian gizarteratzeari, aukera-berdintasunari eta bizitzeko era osasungarriei buruzko jardunaldi akademiko paraleloak egingo dira.
  • 1.000 parte-hartzaile, kirolari, laguntzaile eta jardunaldietara bertaratutako pertsonen artean.

VG 17 06 12

Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek, “errugbi inklusiboak gizarte aurreratu baten oinarri den gizarte-zutabe nagusiaren eraikuntzan duen funtzioa” azpimarratu du gaur goizean. Gaztedi Rugby Taldeko lehendakari Moises San Mateosekin, Gasteizko alkate Gorka Urtaranekin eta Ahaldun Nagusi Ramiro Gonzalezekin batera, Artolazabalek IMART´2017 Errugbi Inklusiboko Nazioarteko Txapelketa aurkeztu du gaur goizean. Txapelketa abuztuaren 21etik 25era bitartean jokatuko da Gasteizen.

 

“Abuztuaren erdian Gasteizek 1.000 pertsona hartuko ditu. Ingalaterrako, Galeseko, Eskoziako, Italiako, Irlandako, Euskadiko, Argentinako, Frantziako eta Espainiako 15 taldek hartuko dute parte, baita Hong Kong, Estatu Batuak, Kolonbia, Serbia, Mexiko eta Kanada batzen dituen nazioarteko “Imart” taldeak ere. Atzerriko taldeen presentzia hori kultur aberasgarritasuna da Euskadirentzat eta bere hiriburuarentzat. Egun horietan, bertako kaleetan eta inguruetan aurpegi berri asko ikusiko ditu, eta pertsona horiek, euren etxeetara itzultzen direnean, lur honen ontasunak zabalduko dituztela” aipatu du Artolazabal sailburuak.

 

Beatriz Artolazabalen iritziz “errugbia balioz beteta dago: Dublinen, Calaisen edo Euskadin bertan. Emakumeek eta gizonek bokazio berarekin praktikatzen dute, eta kirol-jarduera bateratzaileenetako bat bezala agertzen da. Eta kirol bikain honen barruan, errugbi inklusiboak gaitasun diferenteak dituzten pertsonak biltzen ditu, sasoi betean egoten, ondo sentitzen, euren bizi kalitatea hobetzen eta gizarte aurreratu eta konprometitu bat lortzeko lanean laguntzen die”.

 

Sailburuak Gaztedi Rugby Taldea goraipatu du, “bigarren edizio honen anfitrioi izendatu izanak eurak egiten ari diren lan bikaina saritzen duelako. Gaztedik bere kirol-egituran inklusio-talde bat sartu zuenetik jada lau urte luze igaro dira. Gure hiriburuan berrogeita hamar bat emakumek eta gizonek lan handia egiten dute Mixed Abilityren —dibertsitate funtzionalarekin eta gabe— alde. Eta hori izugarrizko urratsa da desgaitasuna duten pertsonak gizarteratzeko. Beste kirol-jarduera batzuek, eta beste kultura- eta gizarte-jarduera batzuek jasoko ahal dute aspalditik Gaztedi eskaintzen ari zaigun eta orain abuztuan egingo den txapelketarekin aitortzen zaion gizarteratze-eredu hau”.

 

Txapelketarekin batera, desgaitasuna duten pertsonen bizitza osasungarriaren, gizarteratzearen eta aukera-berdintasunaren inguruan IMART 2017k jardunaldiak burutuko ditu Europa Jauregian. Horretaz gain, txapelketako partaideentzako eta herritarrentzako, oro har, prestakuntza-hitzaldiak eskainiko ditu.

 

Mundu mailako hitzordua

Datorren abuztuaren 21etik 25era errugbi inklusiboko II Mixed Ability Rugby World Tournament (IMART 2017) txapelketa jokatuko da Gasteizen, Gaztedi Rugby Taldea klubak antolatuta eta International Mixed Ability Sports (IMAS) erakundearen babesarekin.

 

Bigarren edizio honetan —lehena 2015ean jokatu zen Bradford-en— 15 taldek jokatuko dute IMART 2017 txapelketa. Bumble Bees RUFC, Halifax Magpies, Letchworth Braveherts, Shroshire Stags eta Winnies Warriors; Gaztedi Rugby Taldea, Clan Espurna Cullera; Clara Auvergne, Pas de Calais; Argentinako Pumpas XV, bi talderekin; The Scottish Clan; Sunday’s Well Rebels; Swansea Gladiators; eta CROn Settimo. Lehiaketan mundu mailako talde batek ere jokatuko du (IMART XV). Taldea Hong Kong-eko, Estatu Batuetako, Kolonbiako, Serbiako, Mexikoko edo Kanadako ordezkaritzetako jokalariek osatuko dute.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Moises San Mateos, Gorka Urtaran, Ramiro González, José Izquierdo