Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

San Lorentzo-Unibertsitatea bikoizketa martxan jartzeak, ermua-eibar igarobideko tren zerbitzuaren puntualtasuna hobetuko du

2010.eko abenduak 01

Lan hauek, epe ertainean  egunez merkantziak garraiatzeko aukera emango du                                                        

Trenbidea 800 metroko zatian bikoizteaz gain, Olarreagako trenbide pasagunea kendu da eta Unibertsitateko geltokian Bilboko noranzkoan dagoen nasaren trazatua egokitzea izan dira.      

Iñaki Arriolak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburuak eta Miguel de los Toyosek, Eibarko alkateak, Bilbo-Donostia lineako San Lorentzo-Unibertsitatea zatiaren bikoizketa inauguratu dute gaur. Lanak 6,7 milioi euroko inbertsioa izan du (BEZ barne), eta Eusko Jaurlaritzak ordaindu du oso-osorik.

Jarduketa horren barruan burutu diren lanak, trenbidea bikoiztea (800 metroko zatia), Olarreagako trenbide pasagunea kentzea -oinezkoentzat bide berria eraikiz-, eta Unibertsitateko geltokian Bilboko noranzkoan dagoen nasaren trazatua egokitzea izan dira.                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                   

Epe laburrean, zati berria martxan jartzearen ondorioz tren zerbitzuaren puntualtasuna hobetu ahal izango da Ermua-Eibar igarobidean; epe ertainean, eta ETS inguru horretan burutzen ari den gainerako jarduketak amaitu ondoren, egunez merkantziak garraiatzeko aukeraemangodu.                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                                              

Arriolak eta De los Toyosek oinez egin dute trazatu berria, eta Unibertsitateko geltokia ere bisitatu dute. Egunero, inguruetan dagoen IES Uni Eibar-Ermua izenekoan ikasten duten ehunka ikaslek erabiltzen dute geltoki hori. 

Garraio Sailburuak eta Eibarko alkateak zuzen-zuzenean ezagutu ahal izan dituzte lan honek izan dituen zailtasun tekniko handiak, lurraren ezaugarriak direla eta. ETS erakunde publikoko teknikariek azaldu dute trazatua mendi hegalaren eta trenbide ondoan dauden eraikinen artean sartu behar izateak asko zaildu duela lanen aurrerapena, izan ere, lan ordu asko bideratu behar izan baitira ondoko mendi hegalari eusteko lanei. Eta hori guztia, trenbideko zirkulazioan ia inolako eraginik izan gabe.  

 Obrako jarduketa azpimarragarrienak, beraien zailtasun teknikoa eta burutzapena direla eta, honako hauek izan dira: 

 - Lurrak mugitzea. Lur mugimendu osoa (60.000 M3) lurrean zein harkaitzean, trenak zirkulatzen ari ziren bitartean burutu da, egunez zein gauez. 

 - Goialdeko igarobidea. Ezinbestekoa izan da trenbide gainean ibilgailuak igarotzeko bide-zubia handitzea, luzerari zein zabalerari dagokionez, bikoizketako 2. trenbidea instalatu ahal izateko. Eraisketak, meategi hondeaketak, zutabe nagusiak jartzea eta oholtzaren eraikuntza, trenak zirkulatzen ari ziren bitartean eta udalaren esku dagoen bidearen errail bat moztuz burutu dira.

 - Euspenerako egiturak. Zegoen trenbide plataforma handitzeko eta trenbide bikoitzera egokitu ahal izateko beharrezkoak ziren hondeaketa lanak egiteko, ezinbestekoa izan da euspeneko bi pantaila eraikitzea mikropiloteekin, bi mailatan ainguratuak, 18 eta 7 metroko altuerakoak. Horien eraikuntza lan guztiak trenak zirkulatzen ari ziren bitartean burutu dira.

 - Trenbidea eta katenaria. Trenbidea eraiki ahal izateko bost tren mozketa egonkor egin dira asteburuetan (larunbat eta igandeetan), beste obra batzuekin koordinaturik, eta faseak honako hauek izan dira: San Lorentzo aldeko desbideraketaren muntaketa, ihesbidearen muntaketa Unibertsitateko geltokian, dagoen trenbidea albo batera mugitzea aldi baterako 300 metrotan, behin behineko desbideraketa ibai aldeko hormak eta goialdeko igarobidearen kontra-ganga eraikitzeko eta behin behineko egoeren behin betiko lotura.

Instalatu den trenbideak honako elementu hauek ditu: UIC-54 motako erraila, hormigoizko trabesa bikoitza (ezaugarri hori ezinbestekoa da trenbidearen geometriari eusteko soldaturiko errail jarraitua instalatzen denean trazatu bihurgunetsuetan), Erraila-trabesa lokailu elastikoa eta balasto silizeoa.

Espazio arrazoiak direla eta, San Lorentzo eta goialdeko igarobidearen artean katenaria zutabe independente bitartez instalatu da, eta gainerako lekuetan erdi-atarien bidez. 

 - Nasa. Urbanizazio lan txikia egin da N-634 errepidearen aldetik nasara sartzeko sarbidean, eta Donostiako noranzkoan 33 metro luzatu da. Aipatutako luzapen horren ondorioz ordezkatu eta aldatu egin da trenbidea estaltzen duen plazari eusten dioten bi zutaberen kokagunea, eta horien ordez, zimendatze berezia duten lau zutabe berri jarri dira.

 ERMUA-EIBAR-ELGOIBAR TRENBIDE IGAROBIDEKO PROIEKTUAK

Une honetan, Eusko Jaurlaritzako Garraio Saila honako lan hauek ari da burutzen Ermua-Eibar-Elgoibar ibilbidean: San Lorentzo-Unibertsitatea zatiaren bikoizketa, Ardantzako geltoki berriaren eraikuntza eta ingurua estaltzea, Txarakuako trenbide pasagunea kentzea, Karakateko Bidegurutzea eta Txarakua-Azitain zatia bikoiztea. Azken jarduketa horren barruan Azitainen geltoki berria eraikiko da eta bi trenbide pasagune kenduko dira

Euskal Trenbide Sarea erakundearen bitartez eraikitzen diren azpiegitura eta ekipamendu horiei esker hobetu ahal izango dira trenen trafikoaren maiztasunak eta Ermuko, Eibarko eta Elgoibarko hiriguneetan bizi diren hiritarrei eskaintzen zaien zerbitzu orokorra, eta gaur egun Ermua eta Eibar artean eskaintzen den tranbia zerbitzua Elgoibarreraino luzatzen lagunduko du.

  

                                 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Arriola