Berriak Osasuna
Eu

Barrualde-Galdakao ESIak ahotsaren patologiari eta Neurolaringologiari buruzko ikastaro teoriko-praktikoa antolatu du

2017.eko ekainak 09

 

  • Ikastaroa ekainaren 8an eta 9an izango da, eta bi atal izango ditu: bata teorikoa eta bestea praktikoa. Ikastaroan, bertatik bertara helduko zaie zenbait kasuri, eta paziente batzuen parte-hartzea  izango da.
  • Ikastaroan ahotsaren patologien tratamenduari ekingo zaio, diziplinarteko perspektiba batetik. Era berean, hainbat espezialitate medikok esku hartuko dute ikastaroan.

Galdakaon, ekainaren 9an

Guztira, nazio mailako eta hainbat espezialitatetako 70 adituk parte hartuko dute ikastaroan. Espezialitateak hauek dira: Otorrinolaringologia, Foniatria, Neurologia, Neurofisiologia eta Logopedia.

Ikastaroa antolatzeko ideia Galdakao-Usansolo Ospitaleko Otorrinolaringologia Zerbitzuan sortu zen. Galdakao-Usansolo Ospitalea Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratuko (ESIko) erreferentziako ospitalea da. Itziar Gotxi ospitaleko otorrinolaringologoaren arabera “lehen aldiz, ikastaro batek bide eman du pazienteak bertan daudela, kasu bati heltzeko, aurretik ikasitakoa praktikan jartzeko ere aukera emanez”. Unitatean hauek artatzen dira: ahotsaren patologia funtzionala eta ahots korden lesio onberak, hala nola noduluak, polipoak, kisteak eta sulkuak. Bestalde, lesio gaiztoak eta  aurre-gaiztoak ere artatuko dira. Unitatean laringearen mugikortasunaren nahasmenduak ere artatzen dira, eta, bereziki, neurolaringologiaren alorrean egindako aurrerapenak nabarmendu behar dira; alor horretan ahots-kordaren paralisiei, dardarei eta disfonia espasmodikoari heltzen zaie.

 

Prestakuntza-ikastaro honen beste berritasun bat hauxe da: ahotsaren patologien diziplinarteko tratamendua. Gaur egun, patologia horien ikuspegi globalagoa dago, beste zenbait espezialitate medikorekin batera heltzen baitzaio. Gotxi medikuaren hitzetan, horrek bide eman du “batetik, diagnostiko goiztiarragoa izateko, pazienteen bizi-kalitatea hobetuz, eta, bestetik, maneiu terapeutikoan aurrera egiteko.  Azken horrek hauxe dakar: tratamendu anbulatorioa handitzea, eta, horren eraginez, anestesia orokorra erabili behar den eta morbimortalitatea handia dakarren interbentzioak ere murriztu dira”

Hori guztia dela eta, ospitale bizkaitar hau ahots-korden paralisiaren tratamenduan erreferente bihurtu da, 2009. Urtetik, elektromiogramaz gidatuta, tratamendu goiztiarrak egiten baitira azido hialuronikoarekin. Teknika hori Otorrinolaringologia eta Neurofisiologia zerbitzuek batera egiten dute, eta Mónica Ortega neurofisiologa eta ikastaroaren antolatzaileetako bat izan den medikuaren hitzetan teknika honi esker, “ez da beharrezkoa pazienteak hainbat hilez zain egotea, sortu diren kalteak identifikatzeko eta ahotsa berriro izateko.  Teknikak bide ematen du paralisia gertatu orduko kalteei eragiteko”. Horrez gain, adierazi du “tratamendu osagarria dela, eta ez dituela logopedaren lanak ordezkatzen, baina, disfonia tratatzen duten unean, haren kalte neuropatikoaren diagnostikoa egitea errazten duela”.

Enrique Moreno Otorrinolaringologia zerbitzuburuaren hitzetan, “orokorrean, azken urteotan, ahotsaren patologien adierazgarritasuna handitu da, gaixotasun horiek aztertzea eta diagnostikatzea ahalbidetu duten tekniken garapena dela-eta. Horrez gain,  pazienteen eskaerak ere areagotu da. Kontuan izan behar dugu, ahotsa galtzea gure egunerokotasunean mugatzen gaituen eta bizi-kalitatea nabarmen urritzen duen eragile bat dela”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau