Berriak Osasun eta Kontsumoa
Eu

Ohiko plakak desagertu egingo dira Osakidetzan 2011 amaierarako

2010.eko azaroak 17

Plaka erradiologikoak digitalizatzeko prozesuari esker pazienteek beren mediku-historia etxetik ikusteko aukera izango dute gako baten bitartez.

2011. urtea izango da mugarria euskal osasun sistema publikoaren modernizaziorako bidean. Gaixo kronikoak telezainketaren bitartez artatzeko prozesuari irudi erradiologikoen (ohiko plakak) digitalizazioa batzen zaio. Datorren urtearen amaieratik aurrera bi aurrerapen nagusi izango dira: lehenik, edozein irudi erradiologiko Osakidetzaren sareko edozein zentrotatik kontsultatzeko aukera; eta bigarrenik, pazienteak irudi horiek eta bere mediku-historiako beste edozein xehetasun etxetik ikusteko aukera izatea Internetez eta gako pertsonal baten bitartez. Osasun sailburu Rafael Bengoak sistema digital berriaren proba pilotu batean parte hartu du Gasteizko Txagorritxu ospitalean eta neurri horiekin Osakidetza osasun sistemen «Lehen dibisioan» kokatuko dela adierazi du. «Osakidetzaren digitalizazio sistema Espainia osoko aurreratuena da eta datorren urtean osasun zentro guzti-guztietara iritsiko da» erantsi du.

Proba erradiologiko bat egin ostean pazienteek etxera eraman ohi dituzten betiko plakak atzean geratuko dira datorren urtean. Osakidetzak abiarazitako modernizazio prozesuari esker 2011 amaieran Euskadiko osasun zentro publikoetan egindako irudi erradiologiko guztiak digitalizatu egingo dira. Aurrerapen hori aitzindaria da Espainian eta hobekuntza handiak ekarriko dizkie pazienteei. Alde batetik, proba horiek egiteko esposizio denbora murriztu egingo zaielako eta errepikapenak ere gutxitu egingo direlako. Gainera, diagnostikoaren kalitatea eta zehaztasuna hobetu egingo dira, eta, batez ere, plakak zentro batetik bestera eraman behar izatea saihestuko da. Izan ere, 2011 amaieran, sare publikoan eginiko edozein irudi erradiologiko Osakidetzako edozein zentrotan kontsultatu ahal izango da. Osasun sailburu Rafael Bengoak aurrerapen horien garrantzia azpimarratu du eta adierazi du «gizartearen eta osasunaren zerbitzura jartzen dituztela aurrerapen teknologikoak». «Osakidetzako digitalizazio prozesua oso aurreratuta dago, Espainia osoan aurreratuena da eta datorren urtean % 100era iritsiko da bere estaldura» esan du.
Gaur goizean Rafael Bengoak Gasteizko Txagorritxu ospitalean eginiko proba pilotuan parte hartu du. Erradiografia bat egin diote eta gero sistema berriarekin pazienteek egingo duten ibilbidea gauzatu du.

Sailburua Txagorritxu ospitaleko irudi digitalizazio sistema probatzen lehena izan da eta probaren irudiak dituen CDa eraman du etxera. CDak lehengo plakak ordezkatuko ditu. Datorren urtearen amaieran prozesua Osakidetzaren sare osoan zabalduta egongo da eta harago ere joango da, osasun zentro guztiek gainerako zentroetan eginiko probak eskuratzeko aukeraz gain, pazienteek ere CD bat beharrean irudi horiek bilduta dauden beren mediku-historia Internet bidez ikusteko gakoa besterik ez baitute eraman beharko. Hortaz, datorren urtearen amaieran, pazienteek gako pertsonala izango dute eta horrekin irudi guztiak ikusi ahalko dituzte Internet bidez.

«Osakidetzaren digitalizazio prozesua oso aurreratuta dago; Espainiako aurreratuena da, datorren urtean % 100eko estaldura lortuko baitu» adierazi du Bengoak, eta gainera Osakidetza osasun publikoaren «Lehen dibisioan» dagoela esan du. Digitalizazio prozesu hori euskal osasun sistemaren guztizko modernizazio prozesuaren barruan kokatu behar dugu. Prozesuaren helburu nagusia gaixo kronikoak dira eta horretarako telezaintza zerbitzua dauka. Horri esker, paziente askok ez dute ospitaleratuta egon beharko eta beren etxeetan zainduko edo telezainduko dituzte horrelako aurrerapen teknologikoei esker.

Bengoak azaldu duenez, digitalizazioak hobekuntza nabarmenak dakartza pazienteentzat, medikuentzat eta ingurumenarentzat, ohiko plakak errebelatzeko likidoak bertan behera uztea ahalbidetuko baitu, sistemaren iraunkortasunari lagunduz eta «osasungintza» berdeagorantz aurrera eginez.

Ondorioz, pazienteak azterketa denboren murrizketaz gozatu ahalko dute, eta probak gutxiagotan egin beharko ditu; beharrezkoak ez diren probak saihestuko ditu; diagnostikoaren kalitatea eta eraginkortasuna hobetuko da eta informaziorako sarbidea erraztuko. Medikuen kasuan, osasun sarearen edozein gunetatik eskuratu ahalko dute informazioa, probak eta materiala galtzea saihestuko da eta diagnostikoaren segimendua eta kontrola hobetuko.

Digitalizazio prozesua gauzatzeko 18 milioi euroko inbertsioa behar da.
Euskadin, batez beste, 3,3 milioi plaka egiten dira urtean, hiru milioi euroko kostuarekin.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • El consejero de Sanidad y Consumo, Rafael Bengoa