Eu

Lide Amilibia: “Adineko pertsonei egokitutako hiriak eta komunitateak eraikitzea da biztanleriaren zaharkitzeari erantzuteko planteamendu eraginkorrenetako bat”

2017.eko ekainak 08

-        Age-friendly Environments Programme sarea osatzen duten 400 hiri eta udalerrietatik 45 Euskadin daude

-        “Gure adineko pertsonek bizi kalitate hobea dute, eta beren ekarpena ezin bestekoa da gure gizartearentzat”

-        Euskadi Lagunkoiak jardunaldi bat egingo du hurrengo asteartean, hilak 13, ‘Euskadi Lagunkoia Udalerri Sarea’ bultzatzeko

Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politika sailburuordeak adierazi duenez, “heldu da luzaroko bizitzaren iraultza: baldintza hobetan luzaroago bizitzea dakar, eta horren alde apustu egin behar dugu”. Estatistika Institutu Nazionaleko datuen arabera, 2029an Euskadik 65 urteen atalasea gainditutako 600.000 pertsona inguru izango ditu, ia biztanleria guztiaren herena. Gure gizartean duten pisua gero eta handiagoa da. Horregatik, sailburuordeak adierazi duenez, “adineko pertsonei egokitutako hiriak eta komunitateak eraikitzea da biztanleriaren zaharkitzeari erantzuteko tokiko planteamendu politiko eraginkorrenetako bat”. Alde horretatik, Amilibiak garrantzia eman dio EAEko 45ko udalerri biltzen dituen Euskadi Lagunkoia Sareari, munduko lagunkoitasun sare handiena baita, haren helburua izanik herritarren eta sektore publikoaren, pribatu eta sozialaren partaidetza sustatzea eta, hartara, zahartzen diren pertsonentzako bizi ingurune lagungarri bat sustatzea.

Euskadiko bi udalerritik batean, 65 urte edo gehiagoko pertsonako biztanleriak  guztizko erroldaren % 20 gainditzen du (Eustaten arabera, EAEko 251 udalerri guztietatik, 127). Gainera, 24 udalerrik % 25eko zenbatekoa gainditzen dute eta, beraz, lau pertsonatik bat 65 urte bete dituzten pertsonak dira.

Sailburuordeak nabarmendu duenez, “biztanleria zahartzea lorpen sozial eta zientifikoa da eta, ondorioz, badugu elkar zoriontzeko arrazoirik”. Euskadik munduan luzaroen bizi den gizarteetako bat du. Euskal herritarren bizi esperantza 83,4 urte da batez beste. Gaur, gainera, zahartzea ez da endekapenaren baliokide. “Gure adineko pertsonak bizi kalitate handiagoaz bizi dira, eta haien ekarpena ezin bestekoa da gure gizartearentzat”, hala adierazi du; gainera, berretsi egin duenez, “zahartzea bizitza osorako zeregina da, eta horretan pertsona bakoitzak zein taldeak dute erantzukizuna”.

“Lagunkoitasun programan, pertsona nagusiak gure eguneroko bizitzaren probetxurako ongizatea sortuko duen prozesu baten protagonistak dira; prozesu horrek, gainera, sendo helduko dio espazio publikoak, herritarren arteko harremanak eta zainketen transferentzia arrazionalagoa berreskuratzeari… finean, udalerriko eguneroko bizitza apur bat gizalegezkoagoa eta guztiontzat pozgarriagoa egiten dituzten gauza txiki guztiak berreskuratzeari”.

Euskadi Lagunkoiak ‘Euskadi Lagunkoia Udalerri Sarea’ deitutako jardunaldi bat ospatuko du ekainaren 13an eta, bertan, dagoeneko sarea osatzen duten udalerrietako ordezkariek izango dute hitzordua, biltzen duten lan eta eskarmentuaren berri emateko. “Udalerri bakoitzak eskarmentu luzea du arlo honetan. Sareak bultzada eman nahi dio lan horri. Esperientziak partekatzeak ateak irekitzen dizkio gure herritarren ongizatearen probetxurako elkartruke eta ikasketarako elkarlanari”, hala azaldu du Amilibiak eta, aldi berean, ez du aukera galdu “beste udalerriei lehenengo eskutik egitasmoa ezagutzera gonbidatzeko”.

Jardunaldia hurrengo asteartean goiz osoz luzatuko da Donostia-San Sebastiáneko Kursaalean. Bertan, tailer metodologikoak eta eztabaida mahaiak egingo dira, udalerriek garatzen dituzten lagunkoitasun politikak ezagutzera emateko, besteak beste.

Euskadi Lagunkoia Sareko udalerrien batzordea

Jardunaldian, bertaratuko diren Euskadi Lagunkoiako talde sustatzaileetako eta udaletako pertsona parte-hartzaileek udalerrien sarea bultzatuko dute, bi helburu aldean ekarrita: egitasmoa gidatzea, hari ikusgaitasuna eta dibulgazioa emanez; gainerako udalerriekin haren garapena partekatzea; esperientzien eta praktika egokien berri elkarri ematea; askotariko udalerrien artean bisitak programatzea; programak martxan jartzeko ideiak sortzea; eta Euskadi Lagunkoiaren barruan garatutako ekintzak eta programak baloratu, jarraipena egin eta ebaluatzea.

Batzorde hori urtean bitan bilduko da, eta egitasmoari gidaritza dinamiko eta berritzailea emateaz arduratuko da, gidaritza horren inguruan herritarren, gizarte-eragileen eta udalen partaidetza biltzeko eta, etengabeko ahaleginean, Euskadi auzo eta udalerri guztietan osasuna eta partaidetza aktiboa bultzatzen duen lurraldea bihurtzeko.

Euskadi Lagunkoia

Euskadi Lagunkoia Osasunaren Mundu Erakundeak sustatutako Age-friendly Environments Programme ekimenean oinarritzen da, eta bitarteko eraginkor honek adineko pertsonei eta komunitateei lagundu egiten die haien ahalmen osoa ustiatzen eta gizartean parte hartzen beren ingurunea, udalerriak, herriak eta hiriak haien beharrizan, desio eta gaitasunen arabera eraiki ditzaten; aldi berean, laguntzak, babesa, segurtasuna ematen dizkie eta, hartara, mugimenduaren bultza-indar bihurtzen dira, baita egitasmoa garatzeko protagonista, eredu eta gidari ere.

Egun, Sarea Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Sailak bultzatzen du, eta hiru lurraldeetako 45 udalerrik osatzen dute. Tamaina askotako eta errealitate desberdinetako herri eta hiri horiek partaidetza komunitarioko prozesuak sortzearen alde apustu egin dute, udalerriko askotariko eskumen arloetan aldaketak sartzea bultzatzearen alde, betiere haien herritarren bizi kalitatea hobetzearren; ongizate-eragile diren neurrian, adineko pertsonek herritarren bizitzari dakarkioten ahalmena baliatzearen alde ere egin dute, eta Euskadiko lagunkoitasun ekimenen sare bat sortzearen alde.

Euskadi Lagunkoia Sarea egun osatzen duten berrogeita bost udalerriak ondorengoak dira: Abadiño; Abanto Zierbena; Alegria-Dulantzi; Amurrio; Antzuola; Añana; Armiñon; Azkoitia; Basauri; Beasain; Berantevilla;Bergara; Bermeo; Bilbao; Campezo/Kanpezu; Donostia-San Sebastián; Durango; Ea; Eibar; Erriberagoitia/Ribera Alta; Eskoriatza; Getxo; Hondarribia; Idiazabal; Igorre; Irun; Iruña Oka; Irura; Kuartango; Lantaron; Larrabetzu; Legazpi; Ordizia; Orio; Ormaiztegi; Santurtzi; Urnieta; Urretxu; Valdegovia/Gaubea; Vitoria-Gasteiz; Zaldibia; Zambrana; Zarautz; Zestoa; eta Zumarraga.

Iaz, Osasunaren Mundu Erakundeak Euskadi adinkeria edo adinagatiko diskriminazioaren (ingelesez, ‘agegism’) kontrako praktika egokietan 9 onenen artean egotea aitortu zion Lagunkoiako ‘Ondarea’ programari. Orain dela gutxi, Geriatriako eta Gerontologiako Espainiako Sozietatea izan da ‘Ondarea’ proiektua goraipatu duena. Izan ere, erakunde honek ematen duen ‘Zahartzearen Irudia - SEGG 2017’ Sariaren finalista bezala hautatu du. Bihar ezagutuko da sari honen garaile nor den. Euskadi Lagunkoia Sareak bultzatutako ekimen hori dokumental proiektu bat da eta, bertan, bideo formatuaz, adineko pertsonen esperientziak biltzen dira, Euskadiko ondarea, ez-materiala zein kulturakoa, transmititzeko helburuaz.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak