Eu

Gobernuak Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBEren) hedadura osora zabaldu ditu salburuko Ramsar hezeguneko mugak (Gobernu Bilera 2017-06-06)

2017.eko ekainak 06

Eremuaren hasierako azalera % 25 handitu da 217,4 hektarea osatzeraino, Natura 2000 Sareak onartzen duen bezala

Bateratzeak asko balioko du Vitoria-Gasteizko hezeguneko habitatak eta espezieak hobeto kudeatu eta kontserbatzeko

Gobernu Kontseiluak, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuak hala proposatuta, gaur akordioa hartu du Salburuko hezegunea, Nazioarteko Garrantzidun Hezeguneen Zerrendan kokatua (Ramsar Hitzarmena), KBE Kontserbazio Bereziko Eremuraino eta HBBE Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuraino zabaltzeko.

Erabaki horren bitartez, Salburuko Ramsar eremuko azalera (txikiagoa baita, 2002an izendatuta)  Natura 2000 Sareko eremuarekin bat egitea lortu da (KBE eta HBBE, 2015ean izendatuta).  Era horretan, hau bezalako balio ekologiko handiko natur eremu bakar batek bi babes bitarteko desberdinetarako bi muga desberdin ez edukitzea lortzen da, bi kasuetan berdina baita babestu nahi dena.

Ramsar tokiaren zabalpen proposamenak esan nahi du % 25 inguru handituko dela eremuaren jatorrizko azalera. Era horretan, 2002ko izendapeneko 173,5 hektareetatik, Salburuko KBE eta HBBE 217,4 hektarea izatera pasa da.

Zabalpena 2014an hasi zen izapidetzen, eta tokian dauden habitat eta espezieei buruzko informazio xehe eta eguneratuagoan oinarritzen da. Gobernu Kontseiluak behin onartuta, Ingurumen Ministerioari bidaliko zaio hark Ramsar Hitzarmeneko zuzendaritza organoarekin hezegunearen muga berriak izapidetu ditzan.

Salburuaren natur balioa 

Salburua Vitoria-Gasteiz ekialdean dagoen hiri inguruko eremu bat da, Betoñu, Zurbao, Arkaute eta Elorriaga herrien artean. Natur hezegune bat da, bi urmael nagusik (Arkaute eta Betoñu) eta beste txikiago batzuek osatua. Hasierako azalera istiltsua idortua izan zen joan den mendearen erdialdera nekazaritzan baliatzeko, baina gero ingurumenerako berreskuratua izan zen nekazaritzako lursailak birmoldatuz eta urmaelak berriz betez, nagusiki lurrazpiko Kuaternarioko akuiferoak elikatuta.

Salburuko ur orriek 70 Ha inguru hartzen dute uholde betean, eta natur balio handiko eremu bat betetzen dute, aberastasun eta dibertsitate handiko komunitate biologikoen bizileku. Nabarmentzekoak dira uretako eta urmael inguruko flora, ur-lurtarrak, hegazti habiagileak eta negu-pasakoak, eta ugaztunak. Gainera, habitat adierazgarriak ditu, adibidez, eskualdeko baso potentzialetako harizti heze tipikoko aleak  eta landarediko beste batzuk.

Bere prozesu biologiko, ekologiko eta hidrologikoengatik, berezitasun handiko sistema da, baita ezin bestekoa ere balio ekologiko handiko eta oso mehatxatutako komunitateek eremuan bizirauteko, adibidez, bisoi europarrek, igel arinek eta apoarmatu korrontezaleek.

Bestalde, Salburuko hezegunea toki garrantzitsua da Vitoria-Gasteizko aisialdirako eta ingurumenaren aldeko iritzirako , hiriko “Eraztun Berdea”n baitago.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko