Berriak Osasuna
Eu

Ekainak 5, Ingurumenaren Munduko Egunaren X. edizioa Barrualde-Galdakao ESIan. Galdakao-Usansolo Ospitaleak Eneko Atxa sukaldariak diseinatutako menua eskainiko die bere pazienteei

2017.eko ekainak 03

 

  • Hamargarren edizioan, erakunde sanitario honek Eneko Atxa Azurmendi jatetxeko sukaldari-buruaren laguntza izan du. Atxak ospitaleratuta dauden pazienteentzako menu bat diseinatu du.
  • Ingurumen eguna ospatzeko era garatuz joan da azken hamarkadan: hasierako urteotan saria azkenburuko ekologiko bat bazen ere, gaur egun menu oso bat da.
  • Erakunde hau urteotan nabarmendu egin da, batetik ingurumena kudeatzeko sistema ezarri duelako, eta bestetik, argindarra aurrezteko neurri ugari martxan jarri dituelako.
  • Galdakao-Usansolo Ospitalea, Euskadi mailan, lehen ospitalea izan da bere kudeaketa sistema EMAS Europako ingurumenaren auditoria eta kudeaketarako sistemaren bidez ziurtatzen, baita bere karbonoaren aztarna ziurtatzen ere.

 

Galdakao-Usansolo Ospitalea Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratuko erreferentziazko zentroa da, eta X. urtez jarraian Ingurumenaren Munduko Eguna ospatuko du. Egun hori ospatzeko ekimena Nazio Batuen Erakundeak sustatzen du, ingurumen arloan sentsibilizazioa areagotzeko eta babeste ekimenak ere sustatzeko.

Gurea bezalako erakunde batek inguruan eragin dezakeen inpaktuaz jabetuta, 2005ean ¾garai hartan Galdakao-Usansolo Ospitalea zenak¾ ingurumenarekiko konpromiso irmoa hartu, eta ingurumena kudeatzeko sistema ezarri zuen. Konpromiso horrek bere horretan jarraitu du, eta gainerako zentroetara zabaldu da, duela hiru urte Erakunde Sanitario Integratua bilakatu zenean. 

Testuinguru horretan, duela hamarkada bat egun hori ospatzearen aldeko apustua egin zen, ingurumenaren arloa nabarmentzeko eta ageriago egiteko tresna gisa hartuta. Lehen bi urteetan, azkenburuko ekologiko bat eskaini zen, eta 2010ean, azkenburukoaren ordez lehengo plater ekologikoa eskaini zen, eta urte bat geroago, 2011n, menu ekologikoa osorik eskaini zen lehendabiziko aldiz.

 

Hiru izarreko menua

Zazpigarren urtez jarraian, ospitaleratuta dauden pazienteei menu berezia eskainiko zaie, egun hori ospatze aldera. Aurten, berritasun moduan, osasun zentro bizkaitarrak Eneko Atxaren laguntza izan du. Atxa Azurmendi jatetxeko sukaldari-burua da, eta jatetxeak hiru Michelin izar ditu. Azurmendi jatetxea, bestalde, jatetxerik jasangarriena da “The World´s 50 Best Restaurants” zerrenda ospetsuaren arabera. Hirugarren aldia da erakunde sanitario honek sukaldari euskaldunaren laguntza duena. 2009. urtean, erakundearen 25. urteurrena ospatzeko, pazienteei eskainitako menu berezia diseinatu zuen. Handik bi urtera, “Menu osasungarriak” liburua argitaratu zuen, dieta egokien bidez bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko.

Atxaren iritziz, “jasangarritasuna ez da joera bat, baizik eta gizartearen erantzukizuna. Era berean, pertsonekiko, ingurumenarekiko, ekonomiarekiko eta etorkizunarekiko elkarbizitza ulertzeko era bat da. Ondorioz, hauek errespetatu behar ditugu: kozinatzen dihardugun ingurua, prestatzen ditugun produktuak, gurekin sukaldean dabiltzan pertsonak, baita prestatzen dugunaren helburu diren pertsonak. Gauzak horrela eginez, gizarte ongizate osasungarri eta solidarioaren katean katebegi izatea lortu nahi dugu. Lan hori aurrera eramateko konpromisoa Nazio Batuen garapen jasangarrirako sortutako 2030 Agendan eta bere 17 helburuetan ikus daiteke”.

Aurten, Galdakao-Usansolon Ospitaleratuta dauden pazienteek astelehenean, ekainak 5, menu hau jango dute: garia iberiko zukuan, perretxiko emultsioarekin; legatza piper zukuan eta barazkiak sugarrean, eta etxeko torrada.

Amaia Llorrente ESIko ostalaritza zerbitzuburuaren hitzetan “Menu ekologikoa zerbitzatu den aurreko urteotan bezalaxe, menu hau egiteko ingurumenarekiko errespetuzko tratamendua egiten duten elikagaiak erabiltzen saiatu gara, elikagai ekologikoak eskaintzea gizarte erantzukizunarekin konpromisoa duen erakundea garen aldetik. Era berean, produktu-mota horiek gure dietetan ere eskaintzen saiatzen gara. Hori dela-eta, hilean bi plater ekologiko eskaintzetik, astean bat eskaintzera pasatu gara, ekoizleak ekarri ahal digunaren arabera”.

Bestalde, beste urtebetez, erakundeko langileei zuzendutako argazki lehiaketa antolatu da. Argazki lehiaketaren gaia NBEk proposatutakoa bera da “Pertsonak eta natura elkartu”. Argazki lehiaketaren irabazlea aukeratzeko lankideek barruko bozketa egin dute, eta 10 argazkirik onenen artean, irabazleari saria emango zaio ekainaren 5ean. Saria inguruko landetxe batean egonaldia izango da. Era berean, bigarren eta hirugarren saria tokiko ekoizle baten produktu ekologikoz betetako saski bana izango da.

 

Hamarkada luze bat ingurumena kudeatzen

Erakundeak badu ingurumena zaintzeko ibilbide luzea. Ibilbide hori indartuz joan da, eta 2011. urtean ingurumena kudeatzeko sistema mailarik gorenean ezarri zuen, eta egindako lanari esker, Galdakao-Usansolo Ospitalea, Euskadi mailan, lehen ospitalea izan da Europako Ingurumenaren auditoria eta kudeaketarako sistemarekin (EMAS) bat egin duena. Era berean, lehena izan zen, 2012an, bere karbono aztarna ISO 14064 ziurtagiriaren bidez egiaztatzen.

Susana Garate, Barrualde-Galdakao ESIko Ekonomia eta Finantzako zuzendariaren arabera “gure inguruan eragiten dugun inpaktua dela-eta, garrantzitsua da ingurumena ere lantzea. Oso erakunde konplexua gara, euren artean oso bestelakoak diren 70 osasun zentrok osatzen dutena. Alde batetik, arreta espezializatuko zentroak ditugu, jarduera konplexuko zentroak dira, 24 orduetan kontsumo etengabea daukate, eta inpaktu eta kutsadura handia sortzen dute. Bestetik, berriz, lehen mailako arretako osasun zentro ugari dauzkagu. Horien jarduketak, aldiz, ez du ingurumenean inpaktu hain handirik, eta ingurumena kudeatzeko euren sistema ere hondakinak banatzeko sentsibilizazioan oinarritzen da.

Gauzak horrela, “balio handiagoa” sortzearen aldeko apustua egiten dugu, eta, horretarako, material gutxiago erabiltzen ditugu, materialen arrazoizko erabilera egiten dugu eta zuzeneko ingurua gero eta gutxiago kutsatzen dugu”.

Urteotan, ura eta energia aurrezteko hainbat ekimen egin dira. Esaterako, ikuztegiko arropa-garbigailuak kendu eta eraginkorragoak diren beste zenbait jarri dira, eta, bestetik, Hemodialisiko ura arazteko sistema ere berritu da. Neurri horiei esker, urtean 10.800 m3 ur aurreztu ditugu.

Energia arloan, besteak beste, neurri hauek hartu dira: plaka fotovoltaikoak jarri dira, pixkanaka-pixkanaka ohiko argiztapena LED argiztapenak ordezkatuko du, eta eraikinen isolamendua eta klimatizazioa hobetu da. Era berean, eraiki diren osasun zentro berriak martxan jarri izanak aukera eman digu energia berriztagarriak sartzeko, hala nola geotermia eta aerotermia energiak.

Azken urteotan, erakundeko ibilgailuak ere berritzen ari gara, erregai fosilak behar dituzten ibilgailuak kenduz eta jasangarriagoak direnak erosiz. Ibilgailu horien teknologiak, atmosferara isurtzeak murriztea dakar, eta ez dira hain kutsagarriak. Ekimen horri esker, erakundeak baditu 3 auto elektriko eta 5 hibrido. Etorkizunera begira, autoen %100 elektrikoak izatea aurreikusi da.

Azkenik, beste urrats bat eman da erosketa berdean, eta material batzuen erosketa-espedienteetan ekodiseinurako irizpideak sartzen ari dira. Era berean, zerbitzu-kontratazioan ere ingurumen irizpide zehatzak adierazi dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau