Berriak Gobernantza Publikoa eta Autogobernua
qrcode

Bizkaiko Lemoatx mendian aurkitutako gudulari baten gorpuzkien deshobiratzean parte hartu du Eusko Jaurlaritzak

2017-06-04

Ikerketen arabera, 1937ko ekainean “Lemona Haitza” enklabe estrategikoa defendatzen hil zen soldadu batenak dira gorpuzkiak

Gobernuko Bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburu Josu Erkoreka eta GOGORA Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Zuzendari Aintzane Ezenarro izan dira gaur goizean Lemoatx mendian, Lemoako udalerrian, Bizkaian, aurkitutako Gerra Zibileko gudulari baten gorpuzkien deshobiratzean. Ikerketen arabera, 1937ko ekainean hilko zen soldadua, gune estrategiko honen kontrola hartzeko izandako borrokaldietan.

Deshobiratzea, non Lemoako alkate Saioa Elejabarrieta ere izan baiten, “ARANZADI Zientzia Elkarte”ko teknikari talde batek burutu du, antropologo forentse Paco Etxeberriaren zuzendaritzapean. Gorpuzkiak lurpetik ateratzeko lanetan hezur-hondakinak berreskuratu dira, duten formagatik, burezur batenak eta besahezur batenak izan litezkeenak, baita gerriko baten burdinazko belarri bat, uhalaren hondakinak eta larruzko kartutxera batenak ere, Alemaniako eta Txekoslovakiako munizioarekin.

Joan den urteko abenduaren 11n aurkitu zuten hilobia, Pardomendi edo Ganzabal izeneko kotaren Ekialdeko hegalean, Lemoan, bata bestearen ondotik, borrokaldiak izan ziren kotetan, Aranzadiko teknikariek egiten dituzten errutinazko miaketetako batean.

BORROKALDIAK “LEMONA HAITZEAN”

Gerra Zibilean, “Lemona haitza”ren posizioa garrantzizko enklabe estrategiko bat zen, bertatik osorik ikusten baitzen Lemoa herria eta lurreko komunikabide desberdinak. Gainera, enklabe horren nagusitasunak bermatu egiten zuen Arratia eta Ibaizabal ibaien elkargunearen gaineko kontrola, eta posizio abantailatsua eskaintzen zuen Bilboko defentsa-gerrikoaren Erletxes-Ollaran sektorearen gainean, “Burdinazko Gerrikoa” ere zeritzon horrena.

1937ko maiatzaren 29a eta ekainaren 5a bitartean borrokaldi gogorrak gertatu ziren Lemoako gailurretan, enklabe horren kontrola eskuratu nahian. Tropa frankistak ustekabean egin ziren mendigunea osatzen zuten koten jabe, eta horrek hildako ugari sorrarazi zituen euskal armadan. Beren zenbait brigadatako indarrak gailurrak berreskuratzen saiatu ziren behin eta berriro, eta ekainaren 3an lortu zuten helburu hori. Hala eta guztiz ere, bi egun besterik igaro ez zirenean, armada frankistak burututako abiazioaren, artilleriaren eta infanteriaren baterako operazio baten ondoren, euskal armadak behin betiko galdu zuen enklabea.

EUSKO JAURLARITZAREN HOBIEN PLANA

Eusko Jaurlaritza 2002az geroztik ari da lanean Gerra Zibilean desagertutako pertsonak bilatzen eta identifikatzen. 2015aren amaieran Euskal Plana 2015-2020 aurkeztu zen, hobiak ikertu eta lokalizatzeko.

Urtean zehar, lau deshobiratze burutu dira:

  • Txaldatxur mendia, Donostian (urtarrilak 28)
  • Urkullu mendia, Larrabetzun (otsailak 4)
  • Legutio (martxoak 25)
  • Lemoatx mendia (gaur)
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)