Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria izan da dominak emateko eta hildako ertzainen omenezko ekitaldiaren buru

2017.eko ekainak 04

Iñigo Urkullu lehendakaria izan da, gaur goizean, Ertzaintzaren Erandioko instalazioetan, polizia lanarengatik dominak emateko eta zerbitzuan hildako ertzainen omenezko ekitaldiaren buru.Han izan dira, halaber, Saileko arduradunak eta Ertzaintzako agintariak, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia buru dela, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren ordezkariakbaita omendutakoen senideak, lankideak eta hurbilekoak ere.

Orotara 36 ertzain saritu eta zoriondu dituzte, bai merezimendu bereziko egintzetan parte hartzeagatik bai egindako polizia-lanarengatik edo Ertzaintzaren ospea hobetzeko egindako lanarengatik, Iñigo Urkullu buruan izan duen ekitaldian. Han izan dira Segurtasun Saileko eta Ertzaintzako arduradun nagusiak, Terrorismoaren Biktima izandako Ertzainen eta haien Senideen Elkarteko (ASERFAVITE) arduradunak, sindikatuen ordezkariak eta omendutakoen senide, adiskide eta lankideak ere. Ekaineko lehenengo igande guztietan bezala, dominak emateko ekitaldian omenaldia egin zaie 1982tik gaur arte zerbitzuan hildako ertzainei.

Domina banaketa

Aurten 14 ertzain saritu dituzte dagozkien modalitateetan. Bi ertzainek jaso dute polizia-lana saritzeko bereizgarri gorridun domina. Lehena 2016ko azaroaren 14an hil zen auto batek harrapatuta N-1 errepidean, Madrid-Irun noranzkoan, izandako istripu bat seinalatzeko lanetan ari zela Gipuzkoako Trafiko Lurralde Unitateko agente gisa zegokion txandan. Bigarrenari eman diote hainbat urtetan jasandako jarraipen terroristaren ondorioz ohiko lana egiteko aitortutako ezintasun iraunkorragatik.

Beste sei ertzainek bereizgarri berdedun dominak jaso dituzte. Horietako bik 2016ko abuztuaren 2an bere burua Urumea ibaira bota zuen emakume bat ibaitik erreskatatu zuten Donostiako Eustasio Amilibia kale inguruan. Beste bi ertzainek 2013ko abenduaren 31n Donostiako Eskaltegi kalean gertatutakoagatik jaso dute domina, pertsona bat salbatzeko eta erasotzailea menderatzeko erabakigarriak izan zirenez. Bereizgarri berdedun domina jaso duen beste ertzain batek, zerbitzuz kanpo zegoela, agure bat salbatu zuen iraulitako traktore baten gurpilen artetik eta traktoreak atzetik erantsita zuen eta larriki zauritu zezakeen rotabatorearen arriskutik. Beste bereizgarri berdedun bat ertzain batentzat da; izan ere, horrek jakin zuen emakumen bat bikotekideak hil zuela eta, zerbitzutik kanpo bazegoen ere, ikerketa zeraman Ertzainetxearen esanetara jarri zen erasotzailea bilatzen laguntzeko, eta erasotzailea aurkitu eta atxilotu ere egin zuten.

 

Omenaldian bereizgarri urdina duten hiru domina ere banatu dira. Bat Bavariako Poliziako funtzionario bati eman zaio Ertzaintzarekin lankidetza estuan aritzeagatik 1994-2016 artean Ertzaintzaren eta Bavariako Poliziaren arteko lankidetza garatu eta mantentzeko. Bigarrena Anbereseko Poliziako Inteligentzia Zerbitzuko buruari eman zaio, Hodei Egiluz desagertu zenean ikerketan aktiboki parte hartu izanagatik eta bi zerbitzuen arteko inteligentzia-trukea bideratzeagatik. Bereizgarri urdina duen hirugarren domina Bizkaiko Probintzia Auzitegiko magistratu bati eman zaio, Ertzaintzako Polizia Judizialeko batzordeek beren ikerketak EAEtik kanpora jarraitu ahal izateko emandako epai berritzaileengatik.  

Azkenik, bereizgarri zuridun beste hiru domina banatu dira. Bat ertzain bati eman zaio polizia-erakunde gisa Ertzaintzan hobekuntzak egiteko lan-orduetatik kanpora egindako lanengatik, Ertzaintzaren errekonozimendu soziala eta ikastetxeetako heziketa-lana areagotzea ekarri duten aldetik. Bereizgarri zuridun bigarren domina eman zaio Ertzaintzaren egungo kudeaketa-eredu estrategikoa ezarri eta garatu duen, inteligentziaren arloko analisten prestakuntzan parte hartu duen eta oinarrizko eskalako agenteentzat eta buruentzat inteligentzia kriminaleko eskuliburuak sortu dituen ertzainari.  Iaz bajan egoteagatik bere lankideekin batera jasotzerik izan ez zuen ertzainari eman zaio bereizgarri zuridun hirugarren domina. 2013 eta 2015 artean ikerketa bikain batean parte hartu zuten Bilboko Ertzain-etxeko hiru ikertzaileetako bat da. Ikerketa hari esker droga-trafikatzaileen nazioarteko sare bat desegitea lortu zuten, sareko hamazazpi kide atxilotuta eta ia ehun kilo heroina konfiskatuta.   

 

Oharrak

Gaur Erandion egin den ekitaldian, halaber, azken urtean meritu bereziko egintzak egin dituzten ertzainen izenen jendaurreko irakurketa egin da, egintza horiek espediente pertsonaletako oharretan jasotzekoak direnez. Orotara, 22 agentek jaso dute aipamena.  

Omenaldia hildakoei eta lehendakariaren hitzak

Jardunaldiaren bigarren zatian 1982tik gaur arte zerbitzu-egintzan hildako ertzain guztiak, ETAk eraildakoak barne, oroitzeko ekitaldia egin da.  Bereziki hunkigarria izan da Gipuzkoako Trafiko Unitateko ertzainek trafikoa bideratzen ari zela auto batek harrapatuta hildako lankideari egin dioten omenaldia. Dantzari batek aurreskua egin du bere omenez.

 

(*) Ertzaintzaren kondekorazioen araubidea

202/2012 dekretuak, urriaren 16koak, Ertzaintzako zerbitzu-egintzaren deklarazioa eta kondekorazioen eta ohorezko sarien erregimena arautzekoak, xedatzen du gaur egungo araubidea.

Kondekorazio eta aintzatespenei dagokienez, Dekretuak hiru domina sortzen ditu polizia-lana saritzeko, bereizgarri gorriduna, bereizgarri berdeduna eta bereizgarri zuriduna, hain zuzen, eta bi diploma-mota: bereizgarri gorriduna eta bereizgarri zuriduna.

Bereizgarri gorridun dominak ertzainaren bizia arriskuan jarri izandako ekintzak eta bestelako aparteko ekintzak saritzen ditu; bereizgarri berdedunak, bizia arriskuan jarri gabeko aparteko ekintzak, eta bereizgarri zuridunak, azkenik, polizia-betebeharrak nabarmen ondo betetzen dituztenak eta Ertzaintzaren ospea hobetzeko ondorioa dakarten azterketa zientifikoak egiten dituztenak saritzen ditu. Bada laugarren domina bat ere, bereizgarri urdina duena eta norbanakoei ematen zaiena, Ertzaintzaren helburuei lotutako merituzko zereginak egiteagatik beste polizia-indar, larrialdietako zerbitzu nahiz segurtasun pribatuko erakundeetako kideak saritzeko.

Diplomek, bestalde, ertzainen bizitza profesional osoa aintzatesten dute. Bereizgarri zurikoa hogei zerbitzu-urte diziplina-faltarik gabe betetzean ematen da, eta bereizgarri gorriduna, berriz, zerbitzuan hogeita hamar urte betetzean.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • ana
    2017.eko ekainak 05

    hay que seguir formando ertzainas y proteger a los ciudadanos @iurkullu

  • ana
    2017.eko ekainak 05

    hola me ha gustado , yo con mucho trabajo @iurkullu javier me ha preguntado el grupo sanguineo cero negativo , el a positivo , me tocaria darle mi sangre a el , esto es sospechoso me ha descolocado , celebre mi cumple jiji el tambor de las turbas me lo han regalado bueno adios y animo

Ekitaldiko kargudunak