Berriak Herrizaingoa
Eu

Herrizaingo Sailak lankidetza hitzarmen bat sinatu du Basauriko Udalarekin (2010-11-16(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2010.eko azaroak 16

Erabakia, Basauriko Udalarekin lankidetza-hitzarmena izenpetzeko baimena emateko dena, koordinazio eta kooperazio polizialaren arloan.

Basauriko Udaltzaingoa Ertzaintzak erabiltzen duen TETRA komunikazio sarean sartuko da

Gobernu Kontseiluak Herrizaingo Sailaren eta Basauriko Udalaren arteko Lankidetza Hitzarmen bat onartu du gaur egindako bileran. Akordioak Ertzaintzaren eta Bizkaiko udalerri horretako Udaltzaingoaren arteko koordinazioa indartzea du helburu. Hitzarmenaren baitan, Basauriko Udaltzaingoa Ertzaintzak erabiltzen duen TETRA komunikazio sarearekin lanean hasiko da eta, horri esker, bi Polizien arteko informazioaren hartu-emana arindu eta esku-hartzeak bikoizteko arriskua saihestuko da.

Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen arteko koordinaziorako prozedurak ezartzeko beharra Euskal Herriko Poliziari buruzko Legean, 1992ko uztailekoan, Herrizaingo Sailaren egiturari buruzko Dekretuan eta Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sisteman jasota dago. Arau horiek honela definitzen dute koordinazioa: "udalerriei eta Autonomia Erkidegoari dagozkien esku-hartzeak bateratze aldera, informazioaren hartu-emana eta baterako ekintzak ahalbidetuko dituzten harremanetarako baliabideak eta metodoak zehaztea helburu duten jokabide-sistemen multzoa". Era berean, "esku-hartzeetan bikoiztasunik ez emateko eta Polizia ezberdinen baliabide operatiboak modu hoberenean erabiltzeko Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko koordinazio eta lankidetzarako mekanismoen multzo" gisa ere definitzen dute arauek koordinazioa.

Helburu horiek lortzeko, berebizikoa da sistema teknikoak bateratzea, batez ere, komunikazioekin lotura dutenak. Komunikazio sistema berberak erabiltzeak informazioaren hartu-emana eta lan-prozedura koordinatuak ezartzea errazten du.

Hori dela eta, Herrizaingo Sailak eta Basauriko Udalak Hitzarmen bat sinatzea erabaki dute, Basauriko Udaltzaingoa Ertzaintzak eta EAEko larrialdietan esku-hartzen duten beste instituzio batzuek ere erabiltzen duten TETRA irrati-sare mugikorrarekin lanean has dadin.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan