Eu

Artolazabal: “langabeziak behera egin du; maiatzean 2.772 pertsona gutxiago dago langabezian eta Euskadin, guztira, 135.000 pertsona baino gutxiago dira langabezian daudenak”

2017.eko ekainak 02

-        134.236 pertsona daude Lanbideko zerrendetan izena emanda, eta gaur egun erregistratuta dagoen langabezia-indizea % 12,7koa da

-        Beatriz Artolazabal:“guztiok lortu behar ditugu gure helburuak, eta gurea da langabezia-tasa % 10etik behera egotea”

-        Zerbitzuak, industria eta eraikuntza urteko bosgarren urtean hobekuntza gehien izan duten sektoreak dira

-        45 urte bete dituztenen artean, langabeziak behera egin du; 786 pertsona gutxiago daude langabezian; eta iraupen luzekoen artean, 84 pertsona gutxiago.

-        Langabeziak autonomia-erkidegoko hiru lurraldeetan egin du behera. Beherakadarik nabarmenena Gipuzkoan izan du, % 2,9 egin du behera; Araban, % 2; eta, Bizkaian, % 1,6.

-        Afiliazioak gora egin du, 5.250 pertsona gehiago daude afiliatuta.

 

Maiatzean, Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulegoetan erregistratuta egon den pertsona-kopuruak behera egin du, 2.772 pertsona gutxiago egon dira, eta, guztira, 134.236 daude. Euskadik ez du langabeen kopurua 135.000 pertsona-kopurutik jaitsi 2010eko azarotik. Lanbideren zerrendetan izena emanda dauden 134.236 pertsona horiek kontuan hartuta, EAEn erregistratutako langabezia-tasa % 12,7koa da. Hilabetean, % 2,02 egin du behera. Urtebetean, 13.776 langabe gutxiago izan dira, alegia, % 9,31ko beherakada egon da.

“Guztiok lortu behar ditugu gure helburuak, eta gurea da langabezia-tasa % 10etik behera egotea”, esan du Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak.

Zerbitzuak, industria eta eraikuntza azken hilean hobekuntza gehien izan duten sektoreak dira. Zerbitzuen sektorean dagoen langabe-kopuruak % 2,5 egin du behera, 2.245 pertsona gutxiago. Industrian, langabeziak % 2,09 egin du behera, 347 pertsona gutxiago daude langabezian, eta eraikuntzan, % 2,5, 300 pertsona gutxiago.

Lotutako langabeziaren beherakadari dagokionez nabarmenenak diren jarduerak, oro har, maiatzean, honako hauek izan dira: jatekoen eta edarien zerbitzuak (-468), enpleguarekin lotutako jarduerak (-243), txikizkako merkataritza (-237), nekazaritza, abeltzaintza (-175), eraikinen eraikuntza (-148), eraikuntza espezializatuko jarduerak (-140), hezkuntza (-137), eraikinentzako zerbitzuak eta lorezaintza-jarduerak (-130), produktu metalikoen fabrikazioa (-121) eta handizkako merkataritza (-102).

Langabeziaren beherakada handiagoa izan da gizonetan, emakumeetan baino; gizonengan krisiaren ondorioak zorrotzagoak izan ziren, eta beraiek enplegua berreskuratzeko gaitasun handiagoa erakusten ari dira. Gizonetan, langabeziak % 2,4 egin du behera, eta, emakumeetan, maiatzean, % 1,7. Urteko datuetan, aldeak nabarmenagoak dira. Gizonen langabeziak % 12,28 egin du behera, eta, emakumeetan, % 6,79.

Artolazabal sailburuak esan du “jarraitzen dugula ikusten 45 urtetik gorako emakumeek, iraupen luzeko langabeek eta maila akademiko altuena dutenek dituztela zailtasun gehien lan-merkatuan, eta kolektibo horiekin lan egiteko ahalegina egin behar dugula, guztion artean”.

Azken hilabete honetan, 45 urtetik gorakoen langabeziak behera egin du –786 pertsona gutxiago– eta iraupen luzeko langabeen artean ere bai –84 pertsona gutxiago–. Baina, gaur egun, langabeen % 48,87k 45 urte baino gehiago du. Gainera, % 55,61 emakumea da. Ikasketa-maila dela eta, langabe gisa erregistratutako pertsonen % 62,1ek gehienez derrigorrezko hezkuntzako ikasketak ditu.

Lurraldeen arabera, urteko bosgarren hilabetean langabeziak autonomia-erkidegoko hiru lurraldeetan egin du behera. Beherakadarik nabarmenena Gipuzkoan izan du, % 2,9 egin du behera; Araban, % 2; eta, Bizkaian, % 1,6.

Kontratuak

Pasa den hilabetea dela eta, kontratu-kopuruak % 34,4 egin du gora, eta iazko hil beraren aldean, % 10,3. Kontratazio gehien berreskuratu duten jarduerak honako hauek izan dira: ostalaritza (+5.818), osasun-jarduerak eta gizarte-zerbitzuetakoak (+3.332), lehen mailako sektorea (+2.138), merkataritza (+2.111), manufaktura-industriak (+2.016) eta administratiboak (+1.842).

Afiliazioa

Afiliazioa dela eta, maiatza hilabete ona izan da EAEn. Apirilean baino 5.250 pertsona gehiagok kotizatu dute Gizarte Segurantzan, alegia, % 0,57 gehiagok. Urte arteko datuetan, % 2,13 egin du gora; 19.400 pertsona afiliatu gehiago egon dira. Guztira, hiru lurraldeetan 931.794 pertsona afiliatu daude.

Lurraldeei dagokienez, Arabak izan du portaera onena afiliazioari dagokionez azken hilean, % 1,06 gehiago. Gipuzkoak eta Bizkaiak % 0,47. Urte arteko terminoetan, Araba da, halaber, ehuneko onena duena, % 2,79.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak