Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria atxilotutako piraten estradizioaren alde agertzen da, Somalian bahitutako marinelen askapena errazteko.

2009.eko azaroak 05

Patxi Lópezek iragarri duenez, Eusko Jaurlaritzaren krisi kabinetea bilduta egongo da bahiketa konpondu arte.

Patxi López Lehendakariak bere "sostengua eta elkartasuna" erakutsi dizkie bahitutakoen senideei; halaber, segurtatu du bere Gobernuak "bere esku dagoen guztia" egingo duela marinelak Euskadira lehenbailehen itzul daiteze

Patxi López Lehendakariak eskari bat egin dio Aginte Judizialari, alegia, "erabateko legezkotasunaren barnean" jokatuz, Espainian atxilotuta dauden bi piratak Somaliara edo "inguru horretako beste herri batera" -Kenya, adibidez- estraditatzeko aukera aztertu dezala, "bahitutakoen askapena" errazteari begira. Lópezek bere "sostengua eta elkartasuna" adierazi zizkien "Alakrana" arrantzontzian bahituta dauden marinelen familiei, eta segurtatu zuen bere Gobernuak "bere esku dagoen guztia" egingo duela marinelak Euskadira itzul daitezen lehenbailehen.

Lehendakariak premiazko agerraldia egin zuen hedabideen aurrean, Eusko Jaurlaritzako krisi kabineteak iluntzean Lehendakaritzan egin zuen bileraren ostean. Bilera horretan, Gobernu zentralaren zenbait ordezkarik parte hartu zuten, Lehendakariak "espresuki eskatuta", bahiketaren bilakaeraren azken xehetasunen berri eman ziezaioten Eusko Jaurlaritzari. Krisi Kabinetearen burua Lehendakaria bera da, eta beraren partaideak honako hauek: Rodolfo Ares, Barne Sailburua; Pilar Unzalu, Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantza Sailburua; Manuel Salinero, Lehendakaritzako Idazkari Nagusia; eta Jon Azkue, Arrantza Sailburuordea. Horiez gain, bileran Espainiako Gobernuaren ordezkari hauek izan ziren: Elena Espinosa, Ingurumen, Landa eta Itsaso Inguruneen Ministroa; eta Constantino Méndez, Estatuko Defentsa Idazkaria.

Lópezek azaldu zuenez, Ministerioak segurtatu die lehorrera eramandako hiru marinelak "lokalizatuta eta egoera onean daudela", itsasontzian dauden gainerako marinelak bezala. Bilera horretan, alor politiko eta diplomatikoan hartzen ari diren neurrien berri eman zen, "negoziazioetan aurrera egiteari begira", beti ere "bahitutako pertsonen segurtasuna" lehenetsiz.

Lehendakariak eskatu zuen "ez dadila egin tripulazioa arriskuan jar dezakeen ezer eta bide guztiak aztertu daitezela tripulazio osoa arin berreskuratzeko". Beste neurri batzuen artean, bere agerraldian Lópezek proposatu zuen Espainian atxilotutako piratak beren jaioterrira estraditatzea, edo "inguru horretako beste herri batera, hala nola Kenyara", Somalian bahituta dauden Alakranako marinelen "askapena errazteko", beti ere "erabateko legezkotasunaren" barnean.

Sostengua eta elkartasuna familientzat

Lehendakariak bere agerraldia aprobetxatu zuen bere "sostengua eta elkartasuna" helarazteko Afrikako uretan bahituta dauden marinelen familiei. "Oso ondo ulertzen dut zer sentitzen duten eta segurtatu nahi diet gure esku dagoen guztia egingo dugula, bahitutako marinelak etxera itzul daitezen lehenbailehen, egoera onean".

Beste alde batetik, Lópezek iragarri zuen krisi kabinetea bilduta egongo dela, modu iraunkorrean, bahiketa hau konpontzen den arte; bertan, bahiketaren auzian zuzenean aritzen diren Ministerioak egongo dira "etengabe" ordezkatuta, informazioa eta hartzen diren neurriak guztiz koordinatuta egon daitezen. Gainera, Lehendakariak zeregin bat agindu zion Pilar Unzalu Sailburuari, hots, senideekin eta ukitutako udalerrietako alkateekin etengabe kontaktuan egotea.
Bihartik aurrera, Lehendakariak konkatuak izango ditu euskal alderdi politiko guztiekin, "esku artean dugun informazio guztia helarazteko eta etengabeko komunikaziorako mekanismoak eratzeko", "ahalik eta batasunik handiena" lortzeko gai honen inguruan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria