Eu

Euskadik bere ingurumen politika aurkeztu du Kolonbiako ACODAL Biltzarrean

2017.eko ekainak 02
  • Elena Moreno sailburuordeak ingurumenari dagokionean Euskadik izan duen ibilbidea eta eraldaketa balioan jarri du, plangintza eta publiko-pribatu lankidetza nabarmenduz ezaugarri nagusi gisa 
  • URA agentziak uraren inguruko politika biltzeko osagai gisa duen esperientzia oso interesgarria da Kolonbiarentzat, ura -uholdeak kontrolatzea, hornitzea, plangintza, etab.- bere egungo erronkarik handienetako bat baita   
  • Elena Morenok:“Ingurumenaren arloan gauzatutako eraldaketa balioan jarri nahi duen ziklo aldaketa baten aurrean gaude, non Ingurumena oparotasun eta ongizate faktore gisa aintzat hartu beharko dugun".

 

Ingurumeneko sailburuorde Elena Morenok eta bere taldeak Euskadik ingurumenari dagokionean azken hamarkadotan bizi izan duen eraldaketa aurkeztu dute Cartagena de Indiasko (Kolonbia) ACODAL Kongresuan. Eraldaketa hori plangintzan eta publiko-pribatu lankidetzan oinarritu da.   

Euskal Herriak 80ko eta 90ko hamarkadetatik bizi izan duen bilakaera azaldu du Elena Morenok. Garai hartan presako neurriak ezarri behar izan ziren, halabeharrez, Euskadik pairatzen zituen ingurumen-arazo larriei aurre egiteko: kutsadura atmosferikoa, ibaien andeatzea, etab., etorkizunerako oinarriak ere ezartzen ziren bitartean. 1998 eta 2014ko bigarren fasean esku-hartze horien emaitzak jaso ziren eta euskal ingurumenaren egoeraren eraldatzea etorri zen, plangintzan eta esku-hartzean oinarritua.

Morenok azaldu duenez ere, “ingurumenaren arloan gauzatutako eraldaketa balioan jarri nahi duen ziklo-aldaketa baten aurrean gaude egun, non ingurumena oparotasun- eta ongizate-faktore gisa aintzat hartu beharko dugun”.

Euskal ingurumen-politikak plangintza-erreminta boteretsuak ezarri ditu. Aipatuak 2020ko Ingurumen Esparru Planean oinarrituta daude, garapen jasangarria bermatzeko xedearekin Eusko Jaurlaritzak onartu dituen 15 plan estrategikoetako bat.

ACODAL Biltzarrean aurkeztu den esperientziaren ezaugarrietako bat sareen garrantzia da, bai eta erakundeen eta entitate pribatuen arteko lankidetza ere. Lankidetza horrek ondoko gauzatzeak izan ditu, besteak beste: Aclima bezalako klusterrekin edo Confebask bezalako enpresa-elkarteekin garaturikoak, Basque Ecodesign Centerrek Euskadin dauden enpresa nagusiekin garatu duen lankidetza ingurumen arloko jardunbide egokiak sustatzeko eta ICLEI, The Climate Group, NRG4SD eta antzekoetan Euskal Herriak duen partaidetza. Horren ondorioz, Euskal Herria erreferentzia bilakatu da, nazioartean, ingurumen arlo askori dagokionean.

URAren eta IHOBEren hitzaldiak

Urako zuzendari nagusi Ernesto Martinez de Cabredok, bere aldetik, Euskadik uraren inguruan garatzen duen politika azaldu du Cartagena de Indiasen. Politika hori bi lan-arlo nagusitan oinarritzen da: ur-masen egoera ekologikoaren kontserbazioa eta hobetzea eta, bestetik, uholdeen kudeaketa, Euskal Herriak paira dezakeen natura-hondamendi nagusia diren heinean.

Azken gai horren inguruan, gauzatzen diren esku-hartze maila ezberdinak azaldu ditu Martinez de Cabredok: prebentzioa; ibaien jokabide naturalarekiko sentiberak diren erabilera berrien zaintza; eraikita dagoenaren eta zaurgarria denaren babesa uholdeen aurrean; prestaketa aurreikuspen hidrometeorologikoen bidez eta biztanleriari ohartarazteko sistemak; eta berreskuratzea eta berrikuspena uholdeen ostean. Halaber, bilaturiko emaitzak lortu ahal izateko esku-hartze horiek Agentziaren eta inplikaturiko tokiko erakundeen eta partzuergoen, zein biztanleriaren artean koordinatu beharra dagoela nabarmendu du ere.

URA agentziak uraren inguruko politika biltzeko osagai gisa duen esperientzia oso interesgarria da Kolonbiarentzat, uraren ingurumen-arlo osoa bere egungo erronkarik handienetako bat baita.

Ihobeko Zuzendari Nagusi Jesus Losadak, bestetik, ingurumen jarduketarako sozietate publikoak Euskadiko ekonomia biribilaren garapenean bizi duen esperientzia azaldu du bere hitzaldian.

Bertan, Jaurlaritzak arlo honetan egin dituen apustu nagusiak azaldu zituen: Ihobek ikertu eta dinamizatu dituen Erosketa eta Kontratazio Publiko Berdea programa eta eraikuntza jasangarriaren sustatzea, bai eta zerga-sistema berdeko instrumentuak ere (teknologia garbien euskal zerrenda, esaterako). Estrategia horren barruan kokatzen da ere ekoizpen-prozesu eta kontsumo berdeago bat bilatzeko ikerlana, Ekodiseinuari buruzko bi jardute-ildo ezberdinen bidez garatzen dena: Basque Ecodesign Centerra eta Ekoberrikuntza proiektuak.

Harremanak erakunde eta elkarterekin

Agenda akademikoaz haraindi, Ingurumen Sailak bilera ugari mantenduko ditu ACODAL Biltzarrak hartzen dituen hiru egunotan, Kolonbiako erakunde eta organismo nagusietako agintariekin: Ingurumen Ministerioa, Saneamendu Saila, ASOCARs (Eskualde-mailako Korporazio Autonomoen Elkartea) eta eskualde-mailako ingurumen arloko agintari nagusiak: CRA Corporación del Atlántico, CAR Corporación de Cundinamarca delakoak eta Cartagena de Indiasko udala.

Horrez gain, Biltzarrera bertaratu diren euskal enpresak babestuko ditu ere, bilera eta jardueretan zein Biltzarrarekin batera egingo den erakusketan ere, non Basque Country standa erreferentzia-eremu eta topagune bilakatu den dagoeneko.

ACODAL biltzarra

ACODAL Kolonbiako Osasun eta Ingurumen Ingeniaritza Elkarteko 60. Nazioarteko Kongresua maiatzaren 31 eta ekainaren 2a bitartean egingo da Cartagena de Indiasen.

Uraren, saneamenduaren, ingurumenaren eta energia berriztagarrien arloan Kolonbiako biltzar nagusi eta Latinoamerika-mailan ere ospetsuenetakoa den biltzar hau Garapen Jasangarriaren Helburuen inguruan antolatu da aurten. Biltzarrean urari, saneamenduari, energia berriztagarriei, hondakinen kudeaketari eta herrialde guztientzat garrantzi handia duten arlo horiei dagokienean egun dauden erronka handiak aurkeztu eta eztabaidatuko dira.

Espainia herrialde gonbidatua da 2017n, Basque Environment Cluster-Aclima erakundearen gidaritzapean. Horien eskutik uraren, ekodiseinuaren eta energia berriztagarrien inguruko ikasgai magistralak emango dira, besteak beste, eta 20 euskal enpresa baino gehiagoren esperientziak aurkeztuko dira.

Frantzia, Israel, AEB, Alemania, Holanda eta Hego Koreako hizlariak egongo dira ere eta antolatzaileek 2.000 pertsonatik gora biltzea espero dute.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak