Berriak Lehendakaritza
Eu

Sozioekonomia Gaietarako Lehendakariaren Aholkularitza Batzordeak euskal demografiaren 2030erako erronka aztertu du

2010.eko azaroak 17

Zenbait neurri proposatu dira ekonomiaren hazkundea sendotu, gizartearen aurrerapena sustatu eta kontu publikoen iraunkortasuna bermatzeko.

Sozioekonomia Gaietarako Aholkulari Batzordea gaur goizeko lehenengo orduetan bildu da Gasteizen, Patxi López lehendakaria buru dela. Bilera Lehendakaritzan izan da eta ekonomia eta gizarte arloetan lehendakariari aholkua emateko sortu zen gogoeta organo horren 25 kideetatik 23 izan dira bileran.

Urtearen hasieran eratu zenetik hona egin duen hirugarren bileran, batzordeak euskal demografiaren 2030erako erronka aztertu du eta zenbait neurri proposatu ditu erronka horri aurre egiteko, ekonomiaren hazkundea sendotu, gizartearen aurrerapena sustatu eta kontu publikoen iraunkortasuna bermatze aldera.

1. Demografia, Hazkunde Ekonomikoa eta Herri Kontuen Iraunkortasuna

Euskal gizarteak datozen hamarkadetan geraldia eta biztanleriaren eta demografia-piramidearen zahartzea jasango ditu, Aholkularitza Batzordearen arabera, Euskadirentzat erabilgarri dauden proiekzio demografikoak kontuan hartuta, euskal gizarteak % 0,4 egingo baitu behera 2030erako, jaiotza-tasa baxuaren ondorioz.

Biztanleriaren geraldi horren eta bizi-itxaropen handiagoaren ondorioz:

-Euskadiko biztanleria zahartzen joango da, 2030ean 16 eta 64 urte arteko pertsonen kopuruak % 11,4 egingo duelako behera, eta 64 urtez gorakoak % 38,5 gehiago izango direlako.

-Halaber, adierazi beharra dago 80 urte edo gehiagoko pertsonak % 48,9 gehiago izango direla 2030ean, 2010ekin alderatuta.

-Horrek guztiak eragiten du mendekotasun ekonomikoaren ratioa* [1] handitzea (% 28,75etik % 44,93ra pasako da). Bestela esanda, 2010ean laneko adinean dauden 3,5 pertsona badaude 65 urte edo gehiagoko pertsona bakoitzeko, 2030ean 2,2 bakarrik egongo dira.

Bestalde, EB-27ko migrazio garbiaren joerak adierazten du, 2060an, Europak jasotzen dituen migrazio-fluxuek beheranzko joera izango dutela. Joera horren argira eta datozen hamarkadetan immigrazioa beharrezkoa izango den arren –bereziki, kualifikatua- Europako ongizate-eredua mantendu ahal izateko, Europak -eta Espainiak eta Euskadik, bereziki- arazoak izango dituzte immigrante-kopuru esanguratsua erakartzeko.

Euskal demografiaren zahartzeari, erronka sozio-ekonomiko garrantzitsuak planteatzen dituen arren, ezin zaio jarrera alarmistarekin aurre egin, funtsean bizi-itxaropen altuaren ondorio baita, ongizate-maila altua duen gizarte garatu eta lehiakorraren emaitza.

Gure biztanleriaren zahartzea geroz eta azkarragoa den egoera honek izan behar du euskal demografiaren kontakizunaren oinarri, eta euskal gizartearen etorkizun demografikoak planteatzen dituen gizarte- eta ekonomia-erronkak aztertu beharko dira. Egoera demografiko horrek, 2030etik aurrera, hobera egin beharrean, joera nabarmen areagotuko du, zahartze-prozesua etengabe azkartuko baita XXI. mendearen erdialdera arte.

Lehenengo, Euskadiko biztanleria pixkanaka zahartzeak nahitaez eragiten du euskal herri-kontuen epe ertain eta luzerako iraunkortasuna bermatzeko erronka, eta, ondorioz, gure Ongizate Estatuaren funtsezko oinarriak indartzekoa.

Txosten ofizial guztiek adierazten dutenaren arabera, gizarte-zerbitzuak, nagusiki “Mendekotasuna”ri lotutakoak, osasun-prestazioak eta pentsioak dira datozen hamarkadetan EBko herrialdeetan presiorik handiena izango dute hiru gastu-kapituluak. Pisu demografikoak hezkuntzara eta langabeziara zuzendutako BPGd-aren portzentajean duen eragina, aldiz, nabarmen murriztuko da lehen kasuan, eta, bigarrenean, negatiboa izango da. Arazo hori ez du biztanleriaren zahartzearen eragin zuzenak soilik eragiten, beste faktore batzuk ere badute zerikusirik, hala nola: legegintzako aurrerapenak eta garapenak, asistentzia-estaldura handiagoak, osasunaren “teknologizazioak”, bai eta herri-finantzei presio gogorra egin dieten tentsioek ere.

Aholkularitza Batzordearen lan eta azterketak, nagusiki, Euskal Espazio Soziosanitarioari buruzkoak izan dira –gizarte- eta osasun-gastua, arlo horietan dituztelako eskumenak euskal herri-administrazioek eta, ondorioz, herri-kontuen iraunkortasuna ziurtatzeko neurriak hartzen has daitezkeelako.

2. Euskadiko gastu soziosanitarioa 2030ean

Komentatu den moduan, Europar Batasunaren eta Standard & Poor´s-en proiekzioek agerian uzten dute adinaren inguruko gastu publikoa nabarmen handituko dela 2030 eta 2060 artean. Gastuen igoera hori, nagusiki, pentsioen, osasunaren eta gizarte-zerbitzuen kapituluetan nabarituko da.

Euskal administrazioen ikuspegitik, zahartzearen arazoaren oinarria osasun- eta gizarte-kostuaren iraunkortasuna da. Aholkularitza Batzordeak egindako proiekzio-ereduaren arabera, kalkulatzen da Euskadiko osasunaren eta gizarte-zerbitzuen inguruko gastu publikoa 2010eko BPGd-aren % 8,4tik % 15 ingurura pasako dela 2030ean.

Ildo horretan, azpimarratu behar da, dagoeneko hartzen ari direla gastu soziosanitarioaren hazkundearen eragina murrizteko neurriak, adibidez, Osasun Saila abian jartzen ari da kronikoen estrategia.

Ildo horretan, zahartzeari lotutako espazio soziosanitarioaren gastuaren gorakada, 2030ean, Euskadiko BPGd-aren % 2,5-2,9 ingurukoa izango dela kalkulatzen da.

Halaber, egindako proiekzioen arabera, espazio soziosanitarioaren 2030eko gastuaren gorakadaren % 27 inguru zahartzearen ondorio izango da; aldiz, gainerako % 77a beste faktore batzuk eragingo dute, hala nola legegintza-esparru berriak, estaldura soziosanitarioa zabaltzeak edo “kontsumismo” sanitarioak.

Bestalde, aurreikusitako gastu soziosanitarioen gorakadaren % 38 gizarte‑zerbitzuen ondoriozkoa izango da; aldiz, gainerako gastuaren gorakadaren % 62 osasunak eragingo du.

 

3. Aholkularitza Batzordeak zahartzearen erronkari aurre egiteko proposatutako politika publiko eta neurri nagusiak

Demografia-piramidearen zahartzea kudeatzeko datozen hamarkadetan hartu beharreko politika eta neurriei ekin aurretik, bi gai aztertu behar dira, gizartearen eta ekonomiaren aurrerapenaren oinarri direnak:

1.      Erantzukidetza: Euskal erronka demografikoari aurre egiteko, euskal gizarte guztia inplikatu beharko da, alegia, belaunaldien arteko konpromisoa eta ardura indibidualak hartzea, zerbitzu publikoen erabilera arrazionalizatu eta sistema finantzatzen laguntzeko. Euskal gizartearen, gizarte-solaskideen eta erakundeen erantzukizun indibidual eta kolektiboak osatzen dute gure etorkizun kolektiborako ezinbesteko egoera, giroa.

2.      Euskadi lehiakorra, kohesionatua eta iraunkorra: Aurrerapausoa eman behar da etorkizunean euskal ekonomiaren etengabeko lehiakortasuna sustatuko duen produkzio-eredurantz, globalizazioak eskatzen duen balio erantsia ematen duten lanpostu berriak sortzeko berme gisa. Hori guztia hiritar askeek osatzen duten eta energetikoki eta finantzarioki iraunkorra den gizartearen baitan.

Euskal erronka demografikoak eta herri-kontuen iraunkortasunak hainbat arlo sozio-ekonomikotan dute eragina eta horregatik ezin da neurri demografikoen bidez soilik jorratu, espektro zabaletako politiken bidez baizik. Eraginkortasuna eta zeharkako eraginak izango dira politika horien ezaugarri eta bakar bat ere ezin izango da hoberentzat hartu bere horretan.

Zahartzeari aurre egin eta herri-kontuen iraunkortasuna bermatzeko, honako hauek dira politika publikoak garatzeko arlo nagusiak:

  1. Demografia
  2. Enplegua eta lehiakortasuna
  3. Gastu publikoa
  4. Fiskalitatea

 

Aholkularitza Batzordearen ustez, arlo guztiak jorratu behar diren arren, Enpleguari eta Lehiakortasunari buruzkoa izango litzateke zahartzearen ondorioei aurre egiteko ezarri beharreko politika publiko guztien arteko lotura.

Jarraian, arlo horietariko bakoitzaren baitan, euskal erronka demografikoari aurre egiteko balizko jarduerak adierazten dira, hazkunde ekonomikoa finkatu, gizartearen aurrerapena sustatu eta herri kontuen iraunkortasuna bermatzea helburu dutenak 2030erako.

A. Demografia

1. neurria – Familiaren politika integrala sustatzea

Nahitaezkoa da Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiekin batera, familiaren politika integrala sustatzea, kontziliazioaren eta jaiotzaren inguruko neurriak bilduko dituena, besteak beste; izan ere, emaitzak bi hamarkada barrura arte ikusiko ez baditugu ere, behar-beharrezkoa da politika horri gaurdanik ekitea, ikuspegi estrategiko batekin, euskal gizartearen piramide demografikoa birmoldatzeko.

 

2. neurria – Atzerriko langile kualifikatuentzako eskaintza handitzea

Euskal ekonomiaren hazkunde potentziala lana eskuragarri izatearen baitan egongo da neurri batean. Horregatik, eta Europa osoan immigrazioaren bolumen globala pixkanaka jaitsi izanagatik, euskal ekonomiak immigrazio-fluxu positiboak behar ditu, gure lan-eskariaren ezaugarriei eta profilei egokituak. Ildo horretatik, komenigarria litzateke gizarte- eta ekonomia-laguntzako programak egitea, lan- eta lanbide-profil egokia duten langile etorkinak Euskadira erakartzeko.

 

3. neurria – Kanpoko talentuak erakartzea eta atxikitzea

Datozen hamarkadetan ekonomia garatuen artean kanpoko talentuak eta immigrazio kualifikatua erakartzeko eta bertan atxikitzeko gertatuko den lehian, Euskadik nazioarteko eragile aktibo gisa parte hartu behar du. Immigrazio-mota horrek euskal ekonomiaren produktibitatearen hazkunde esanguratsua ekarriko du, "talentuaren kanpoko plusa", eta hori oso lagungarri izango zaio Euskadiren etorkizuneko zutabeetako bati, Talentuaren Metropoliaren Euskadiri, alegia.

 

B. Enplegua eta lehiakortasuna

4. neurria – Euskal enpleguaren bolumena handitzea lortzea

Ezinbestekoa da euskal ekonomiaren portaera historikoaren eredua berbideratzea eta sortzen dituen lanpostuen kopurua handitzea. Ildo horretatik, euskal ekonomiak aukera handiak dauzka hainbat sektoretan epe erdira eta luzera lanpostu berriak sortzeko; hain zuzen ere, Sozioekonomia Gaietarako Lehendakariaren Aholkularitza Batzordearen “Euskal Sektore Estrategikoak eta horien Etorkizuna” txostenean aipatzen diren sektoreetan.

Era berean, funtsezkoa da emakumeak ekonomian duen okupazio-tasa handitzea euskal enpleguaren bolumena handitzeko helburua lortzeko.

5. neurria – Gazteen enpleguari buruzko berariazko politika antolatzea

Euskadiko gazteen gaur egungo langabezia-tasa euskal ekonomia orokorraren langabezia-tasa halako bi baino gehiago da. Egoera kezkagarri horren ondorioz, prestakuntza onena duten euskal belaunaldietako bat belaunaldi galdua bilakatzeko arriskuan dago. Horregatik, gazteen enpleguari buruzko berariazko politika eratzea proposatzen da. Politika horren liderra Eusko Jaurlaritza izan behar da, eta euskal herri-administrazioak eta gizarte- eta ekonomia-eragileak bildu behar ditu gazteen enpleguaren egoera berbideratzeko.

6. neurria – Erantzukizunkidetzan oinarritutako lan-harremanen eredua bultzatzea

Lan-harremanen gaur egungo ereduak ez du enpresaren barruan beharrezkoa den elkarrizketa, lankidetza eta informazioa. Europako gizarte-ereduaren aldeko apustua egiten jarraitu behar da ─Euskadi hor barruan baitago─, euskal enpresaren lehiakortasun handiago baten aldeko apustua ere egiten den bitartean. Enpresaren esparruan informazio partekatu gehiago, elkarrizketa gehiago eta negoziazio gehiago egotea funtsezkoa da enpresan erantzukizunkidetza sustatuko duten lan-harremanen giroa sortzeko, hori baita lehiakortasunaren oinarrizko euskarria.

7. neurria – Lanaldiaren barne-malgutasunari buruzko hausnarketa egitea

Lanaldia ekonomia baten lehiakortasunean eragiten duen oinarri-oinarrizko elementua da. Ildo horretatik, euskal lanaldiaren barne-malgutasunari buruzko eztabaida bultzatzea proposatzen da, Euskadiko ekonomiak lehiakortasun- eta produktibitate-tasa hobetzen jarrai dezan langileen gizarte- eta lan-eskubideak errespetatuz.

C. Gastu publikoaren kudeaketa

8. neurria – Euskal lurralde- eta eskumen-ereduaz hausnartzea:

Euskadik gaur egun duen erakunde-eredu eta -antolaketari eraginkortasun gehiago eskatu behar zaio. Erakundeen arteko koordinazioa eta lankidetza, berrikuntza-sistemak, zerbitzu publikoen produktibitate handiagoa eta funtzionamendu hobea eta subsidiariotasun-printzipioa eta maila-aniztasunaren ikuspegia izan behar dira Euskadiko erakunde publikoen jardueraren ardatzak.  Lurralde- eta eskumen-ereduari buruzko eztabaidak eta hobekuntzak Eusko Jaurlaritza izan behar dute aitzindari, eta horrek Euskadiko gainerako erakundeetako aktoreak izan behar ditu kontuan.

 

9. neurria – Euskal herri-administrazioa eraberritzea eta horren funtzionamendua hobetzea

Gastuaren plangintza estrategikoa bezalako neurriak sartzea edo zero oinarriko aurrekontuak egitea ─modu sektorialean bada ere─ oso  erabilgarriak izan daitezke gastu publikoa eraginkorragoa izan dadin.  Era berean, badago marjina gastu publikoari eusten jarraitu ahal izateko.  Ildo horretatik, euskal enpresa publikoen sarea arrazionalizatzea baliagarri izan daiteke baliabide publikoen erabileran eraginkortasun handiagoa lortzeko. Azkenik, zeregin zaila badirudi ere, badago gastu publikoa murriztea edo mantentzea prestazioak gutxitu gabe.

10. neurria – Erretiroaren kontzeptuaren ikuspegi berria lortzea

Erretiro-adinaren erreformaren eztabaida malgua izan behar da; onartu behar da euskal ekonomiak eta Espainiakoak terziarizazio-prozesu bat bizi dutela, eta bizi-itxaropena dezente handitu dela azken hamarkadetan.

Gainera, azpimarratu behar da erretiroari buruzko eztabaidan funtsezkoa dela “senior talentua”, hau da, profesionalak azken lan-etapan eman dezakeen ezagutza, balioan jartzen hastea. Beharrezkoa da lanbide-kategoria batzuetan bizitza aktiboa luzatzen joatea, talentuaren gizartea sendotzeko dinamikan aurrera egitea.

Bestalde, zahartze aktiborako politikak ─hirugarren eta laugarren adin osasungarriagoa sustatzeko, fisikoki eta mentalki─ oso garrantzitsuak dira 60 urtetik gorako populazioaren aktibitate-tasak handitzeko eta bizitzako azken urteetako osasuna hobetzeko eta, horrela, zahartzearen ondoriozko desgaitasunen tratamenduari lotutako gastuak gutxitzeko.

11. neurria – Onartzen diren ordainketa partekatuko formulen ekitatea bermatzea

Oraindik ere, badago marjina gastu publikoari eusteko zerbitzu publiko batzuetan erabiltzaileen finantza-erantzukidetasunaren esparruan ekintzak bultzatzen hasi baino lehen; hala ere, ordainketa partekatuko neurri batzuk kontuan hartu beharreko tresnak dira kontu publikoen iraunkortasunari begira.

Edozein modutan, ordainketa partekatuko formulak diseinatzeko orduan, ekitatea ez galtzea izan behar da helburua.

D. Fiskalitatea

12. neurria – Zerga-politikari buruzko eztabaida lasai eta sakona irekitzea

Euskal fiskalitateari buruzko eztabaida lasai eta sakona ireki behar da sistema ekitatiboago bat lortzeko, hau da, euskal herritarrek nahi dituzten zerbitzu publikoen nahikotasuna bermatuko duena epe erdi eta luzera eta gure ekonomiaren eraginkortasuna sustatuko duena. Ekitatea, nahikotasuna eta zerga-sistemaren bitartez ekonomia-jarduera bultzatzea, horiek dira nahi dugun herrialde-ereduari eta gizarte-ereduari buruzko eztabaidaren muina.

Zergak igotzea txarra eta jaistea ona delako irudi ekonomikoarekin apurtu behar da, sinplifikazio desegokia baita zergei buruzko eztabaidari ekiteko.

13. neurria – Iruzur fiskalaren aurkako borroka bultzatzea

Iruzur fiskala edozein ekonomia-sistemaren oinarriak jaten dituen termita da. Ildo horretatik, egoki iritzi zaio neurri hauek proposatzeari iruzur fiskalaren aurka egiteko:

    • Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek Euskal Autonomia Erkidego Osorako Ikuskatze Plan Integrala egitea, foru-aldundi bakoitzaren ikuskatze-planak bildu eta osatzeko.
    • Foru-ogasunen zergen datu-baseak denbora errealean elkarrekin konektatzea informatika bidez.

 



[1] Mendekotasun ekonomikoaren ratioa: ≥ 65 urteko biztanleria, 15 – 64 urteko biztanleriaren gainean

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria