Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzak krimenaren lekuan espezializatutako 60 aditu elkartu ditu Bilbon

2017.eko maiatzak 31

ENFSI-Auzitegi laborategien Europako sareko lantalde bat da

Ertzaintzak ENFSI-Auzitegi zientzietako Europako laborategi sareko krimenaren lekuan espezializatutako lantaldearen bilera antolatu du aste honetan Bilbon. Europa osoko auzitegi eta polizia erakundetako 60 profesionalek landuko dute gaia eta partekatuko dituzte gaiari buruzko ezagutzak.

Topaketa maiatzaren 30ean eta ekainaren 2an egingo da Bilboko Mercure Hotelean. Foroan Europako sareko kide diren 28 herrialdetako 60 profesional inguru izango dira. Oraingoan ENFSIn sartuta ez dauden beste herrialde batzuetako adituak ere izango dira bertan, esate baterako, Tailandiakoak.

Elkarretaratze honen inaugurazio-ekitaldiaren buru Ertzaintzaren Polizia Zientifikoko buru Josu Mayor intendentea izango da. Joan den asteartean Ertzaintzako buru Jorge Aldekoa eta Ikerketa Kriminaleko buru Jose María Yurrebaso lantaldearen presidente Fernando Viegas portugaldarrekin elkartu ziren. Eta ostiralean, ekainaren 2an, ekitaldia amaitzean, berriz elkartuko dira Ertzaintzako bi buruak eta taldearen presidentea jardunaldien balantzea egiteko.

Lan-saioetan txosten zientifikoak azaldu eta eztabaidatuko dira eta saio praktikoak egingo dira. Zehazki, krimen jakin batzuen lekuen tratamenduak aztertuko dira: Norvegiako Monica kasua eta Britainia Handiko Cold kasua, besteak beste. Begiz ikuskatzearen eta arrastoak jasotzearen hainbat arlori buruzko tailer praktikoak ere egingo dira: pintura eta beirak, DNA, aztarnak eta rol-jokoak.

Era berean, jardunaldien zati bat hondamendi handietako, besteak beste, atentatu terroristetako eta bestelako hondamenetako, biktimen identifikazioari eskainiko zaio; ingelesezko izen teknikoa DVI da (Disaster Victims Identification).

Kideek 2020an ISO 21043 kalitate-araua egiaztatzeko prozesua ere aztertuko du lantaldeak jardunaldietan. Une hauetan zirriborro-fasean dago protokoloa.

ENFSIren helburuak

ENFSI (European Network of Forensic Sciencie Institutes) Europako 36 herrialdetako 64 auzitegi-laborategi koordinatzen dituen erakundea da.  

Ertzaintza 2006tik da sare honetako kide, eta Ertzaintzaren Polizia Zientifikoaren maila teknikoa eta bere laborategi, prozedura eta lan-protokoloen garapen-maila egiaztatu behar izan zituen horretarako.   Ertzaintzak iaz foroaren urteko bilera antolatu zuen, kasu hartan ere Bilbon.  Bestalde, aurten Berlinen egin den urteko topaketan parte hartu du, eta bertan, besteak beste, Auzitegi Zientziaren Europako Gunea 2020rako abian jartzeko prozesua izan zen aztergai.

ENFSI mundu osoan da ezaguna auzitegi-zientziaren esparruan, eta bere asmoa da auzitegi-zientziaren arloko ezagutzak partekatzea, esperientziak trukatzea eta akordiotara iristea. Horretarako, laborategi guztiak bultzatzen ditu jardunbide egokiak eta nazioarteko estandarrak betetzera kalitate eta konpetentzia ziurtatzeko. Sareak espezialitatearen arabera eratutako hainbat lantalde ditu: DNA, dokumentuak, drogak, lehergailuak, hatz-markak, suzko armak, sute eta leherketen ikerketa, auzitegi-informazioaren teknologia, audio-analisia, grafistika, aztarnak, begi-ikuskapenak, pintura eta beira, zuntz eta ile analisiak, irudi digitala eta landare eta lurzoruen analisiak.

Informazio gehiago www.csiwgbilbao17.com webgunean

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @AuziaEuskaraz
    2017.eko ekainak 03

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: .@ertzaintzaEJGV-k krimenaren lekuan espezializatutako 60 aditu elkartu ditu #Bilbo-n ➡ https://t.co/UL52Qdj1T0

Komunikabideek behera kargatzeko