Eu

Euskadiren eta Kolonbiaren arteko lankidetza eta laguntza teknikoa helburu dituen hitzarmena sinatu dute Eusko Jaurlaritzak eta Findeter erakundeak

2017.eko ekainak 01
  • Kolonbiako erakundeekin batera tarteko hirien garapenerako eragile nagusia da Findeter
  • Findeter erakundearen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko harremanari 2012an ekin zitzaion, eta orain hitzarmena 2017-2019 aldirako berritu da 
  •  Hitzarmena Cartagena de Indias hirian egiten ari den ACODAL Biltzarraren esparruan sinatu da

Findeter Garapen Bankuak konponbide integralak eskaintzen ditu eskualdeetako bizi-kalitatea hobetzen duten eta ongizatea sortzen duten azpiegitura-proiektu sostengarriak egituratu, finantzatu eta horietan laguntza teknikoa emateko.  Esan daiteke Kolonbiako hirien garapenerako erakunde nagusietako bat dela, bai eta hainbat ministerioren, besteak beste, Ingurumen, Energia, Azpiegitura eta Teknologia ministerioen, hirigintza-arazoei konponbidea emateko bitartekoak bideratzeko tresna ere.

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak eta Findeter erakundearen presidente  Luis Fernando Arboledak gaur sinatu duten hitzarmenaren bidez elkarlanean jardungo dute datozen bi urteotan Eusko Jaurlaritzak, Spriren bidez, eta Kolonbiako erakundeak.

Bi erakundeon arteko harremanari 2012an ekin zitzaion, eta 2015ean sinatu zuten lehenengo hitzarmena hiri gorakorren eta sostengarrien esparruan Euskadiko prestakuntza egituratuan parte hartzeko, eta helburu zuen diagnostikoetako, ekintza-planetako eta abarretako laguntza teknikoaren arloko esperientziak trukatzea. 

Gaur sinatu den eta 2019an amaituko den hitzarmenean SPRIk eta Findeterrek, besteak beste, hitzeman dute elkarlanean antolatuko dutela “Hirien Garapen Sostengarrirako Konponbideak Euskadin” jardunaldia, non parte hartuko duten Euskadiko erakunde publiko eta pribatuek gaian izandako esperientziak partekatzeko.  

SPRI-FINDETER elkarlanaren adibideak

Bi erakundeon arteko harremana emankorra izan da azken urteotan, eta bi norabideetan informazio-lerroak lantzeaz gainera, esperientziak eta konponbideak partekatzeko jardunaldiak eta ikastaroak ere antolatu dituzte.

         * BID-FINDETER Hiri Sostengarriak eta Lehiakorrak programa indartzeko ikastaroa alkateentzat (2016ko urria).

         * “Hirien Garapen Sostengarrirako Konponbideak Euskadin” aurkezteko jardunaldia Bogotan. Bertan izan ziren SPRI, ERAIKIGUNE, GAIA, Euskadiko Energia Klusterra, Euskadiko Mugikortasuna eta Logistika Klusterra eta IHOBE (2016ko martxoa).

         * Bestalde, Eusko Jaurlaritzak bekadun bat jartzen du urtero Findeter erakundearen eskura, Sostengarritasun Gerentzian laguntza teknikoa emateko.

Cartagenako Alkatetzaren eta Spriren arteko lankidetza-hitzarmena

Ostiralean, hilaren 2an, Industriako sailburuorde Javier Zarraonaindiak eta Cartagena de Indiaseko alkate Sergio Londoñok hitzarmen bat sinatuko dute bi erakundeen arteko harremanak estutzeko eta jarduerak eta proiektuak garatzeko elkarlana sendotzeko.

Era horretara, Alkatetzaren eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkariek hainbat gaitan lankidetzan jarduteko bidea jarriko dute, besteak beste, honako hauetan: mugikortasun sostengarria, energia berriztagarrien garapena, hiriko trafiko eta mugikortasun sistemak, sare adimendunak eta klima-aldaketa.

Akordioa ostiralean, hilaren 2an, goizeko 10:30ean gauzatuko da Cartagena de Indiaseko Alkatetzaren egoitzan.  

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Presidente de Findeter, Luis Fernando Arboleda