Eu

Lide Amilibia: “Euskadin familien, haurren eta nerabeen baldintzak hobetzeko, emakumeok eta gizonok gehiago lan egin beharrean gaude kontziliazioaren alde”

2017.eko maiatzak 31

 

  • 207.415 euskal familiatan dago 16 urtetik beherako pertsonaren bat
  • Demografiaren ikuspegitik, euskal populazioaren % 16,49k 18 urte baino gutxiago ditu; kopuru absolutuetan, 360.926 pertsona
  • Euskadiko haurren heriotza-tasa Estatukoaren eta Europakoaren azpitik dago
  • Euskal nerabeen populazioaren % 31k, 15 - 16 urte bitartekoak, maiz erretzen du, hiru puntu gehiago Europako batez bestekoaren aldean
  • Amilibia sailburuordea:“arreta handiagoa behar duten alderdiak jartzen ditugu ikusgai eta hor beharrezkoa da emakumeok eta gizonok zereginak partekatzea"

 

 

Vitoria-Gasteiz 2017-05-31

Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibia izan da buru haurren eta nerabeen arretarako Batzorde sektorialaren bileran. Bertan, 0 eta 17 urte bitarteko adina duen euskal populazioaren sektorearen egoerari heldu zaio. Amilibiaren iritziz, “Euskadiko familien, haurren eta nerabeen egoera hobetzeko, emakumeok eta gizonok gehiago lan egin beharrean gaude kontziliazioaren alde”. Euskadin, 207.415 etxetan dago 16 urtetik beherako pertsonaren bat, gurasoen arreta eskatzen dutenak, jakina.

 

Elkarraldian, Euskal Autonomia Erkidegoko haurren eta nerabeen egoeraren adierazle-sistema berria eta diagnostikoa aztertu dira, EDE Fundazioaren babesarekin. Bestalde, Batzordeko zenbait bozeramaileren postuak berritu dira, haurren eta nerabeen eremuan lan egiten duten erakunde sozialen ordezkari gisa dihardutenena, eta Haurren eta Nerabeen Arretarako Batzorde Sektorial Iraunkorrean ordezkaritza izango duten hamaika gizarte-erakundeak, hauek dira: Agintzari S.C. Gizarte Ekimena, Astialdi, Berriztu Hezkuntza Elkartea, UNICEF, AVAIM-Tratu Txarrak jasaten dituzten Haurrei Laguntzeko Euskal Erakundea, Ekintzaz Lagundu, Save the Children, Suspergintza Elkartea, IRSE Araba – Inklusiorako Institutua, Besarka –Arabako Adingabeen Harreraren aldeko Elkartea eta Ume Alaia – Adopzioko Familien Elkartea.

 

Haurren eta Nerabeen eremuan lanean diharduten gizarte-erakundeek aztertutako gaien artean, Lide Amilibiak hau nabarmendu du: “demografiaren ikuspegitik, euskal populazioaren % 16,49k ditu 18 urte baino gutxiago; kopuru absolutuetan, 360.926 pertsona. Bizkaian, 180.800 (guztizko populazioaren % 15,74); Gipuzkoan, 124.434 (% 17,36), eta Araban, beste 55.692 (% 17,21). EAEko haurren eta nerabeen populazioaren % 7 atzerritarrak dira jatorriz.

 

Famili eremuan, 207.415 euskal familiatan dago 16 urte baino gutxiago dituen pertsonaren bat. Gehienak familia nuklearrak dira, bikote-harremanean eratuak, baina denborarekin presentzia handiagoa hartu dute guraso bakarrekoek eta bigarren edo ondorengo ezkontza-uztartzetik edo bikotetik berriro eratutakoek (familia nuklearren % 3,8 seme-alabak beren kargu dituztenak).

 

Konpromisoa

Lan-bizitza eta familia bateragarri egiteko premiari buruz, Batzordeak iradoki duenez “lan-bizitza eta familia bateragarri izatea sustatu behar da gizonek eta emakumeek berdin izan ditzaten lanaldi-laburtzea, familiarekin konpromiso handiagoa lortzera begira, 2015ean ebatzi ziren lanaldi-laburtze eta eszedentzi espedienteen % 92,5 emakumeenak baitziren”.

 

Gainera, emakumeak dira denbora gehiago partekatzen dutenak seme-alabekin hizketan eta jolasean, azken urteotan gora egin duen indizea, alegia. Hala eta guztiz ere, oraindik ere, 15 urtetik beherakoen ia % 1ek bakardade- edo tristezia-arazoak ditu (2.900 baino gehiago) eta seme-alabak beren kargu dituzten familien % 0,5ak (1.400 baino gehiago) aitortzen du harreman txarrak dituztela seme-alabekin. Batez beste, lanean diharduen euskal populazioak 3,7 ordu ematen ditu eguneko (4,5 emakumeen kasuan, eta 2,9 gizonen kasuan) seme-alaba adingabeak zaintzen.

 

Osasunaren eremuan, Euskadiko haurren heriotza-tasa ‰ 2,6koa da, Estatukoaren eta Europakoaren azpitik. Adin-tartea 18 urtera arte zabalduz gero, 1999an 0,39 heroitza izaten ziren 1.000 haur bakoitzeko; 2014an, berriz, ‰ 0,22 ingurukoa da tasa. Era berean, 14 urtetik beherako nerabeen % 0,24k dituzte osasun mentaleko nahasmenduak (depresioa, antsietatea, etab.) eta % 2 inguruk dute limitazio kronikoren bat beren eguneroko jarduna garatzeko (7.150 neska-mutil dibertsitate funzionalarekin).

 

Azken urteotan gora egin duen arazo bat, neurri handiagoan mutilak erasaten dituena eta maila sozioekonomiko baxuagoa duten familiekin bizi direnak, obesitatea da. 2 eta 17 urte bitarteko euskal populazioaren ia % 7k dute alterazio-motaren bat zentzu horretan (% 9,56 batez beste Estatuan). Hala, 2006an, haurren obesitate-tasa % 5,14koa zen; 2011n, berriz, gora egin du % 6,97raino (% 8,04 mutilen artean). Eta alkoholaren ohiko kontsumoak behera egin badu ere, jarraitu egiten du alkoholaren gehiegizko kontsumoak eta arriskuzko kontsumoak asteburuetan; 12 eta 18 urte bitarteko euskal ikasleen populazioaren % 31,6 erasaten duen errealitatea, alegia.

 

Gauza bera gertatzen da tabakoaren kontsumoarekin, Europako batez bestekoaren gainetik dagoelarik tasa. Euskal nerabeen populazioaren % 31k, 15 eta 16 urte bitartekoak, maiz erretzen du, hiru puntu gehiago Europako batez bestekoaren aldean. Aitzitik, cannabisaren kontsumoak behera egin duela esan daiteke, tasak Estatuko eta Europako batez bestekoaren oso gainetik jarraitzen badu ere (15 eta 16 urte bitarteko euskal nerabeen % 43k kontsumitu du cannabisa azken urte honetan, % 22k Espainian, % 13k Europan).

 

Hezkuntzari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak azke urteotako eskola-uzte goztiarraren beherakada nabarmendu du; oraian, % 9,7 ingurukoa, Europako Estrategia 2020ren helburuaren (%10etik behera) azpitik kokatzen den portzentajea. 

 

Azkenik, eta euskal haurren eta nerabeen ongizate materialari dagokionez, 15 urtetik beherako euskal populazioaren % 11 (36.000 baino gehiago) premia jakin batzuk bete ezin ditzaketen familietan bizi dira. Era berean, % 17k (55.000 baino gehiago) ez dute behar adina diru-sarrerarik gurea bezalako gizarte batean esperotako gutxieneko ongizate- eta erosotasun-maila mantentzeko.

 

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @EDEconocimiento
    2017.eko ekainak 07

    Comentario de Twitter:
    Presentación sistema de indicadores y diagnóstico de situación infancia y adolescencia de CAPV de GV y Fundación EDE https://t.co/H0D7cnPgXl

Ekitaldiko kargudunak