Berriak Segurtasuna

Trafiko Zuzendaritzak udazkenean ekingo dio berriz 64 urtetik gorako pertsonei zuzendutako kontzientziazio-programari

2017.eko maiatzak 30

425 pertsonak parte hartu dute udaberriko saioetan

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak hainbat sentsibilizazio-ekintza burutzen ditu, eta horietako bat 64 urtetik gorako pertsonen artean bide-segurtasuna sustatzeko programa berezia da. Orain dela hainbat urtetatik 30 tailer egiten dira, udaberrian eta udazkenean banatuta. 16 herritako 450 pertsonak parte hartu dute edizio honetan, eta udazkenean beste 14 herritan egingo dira saioak.

"Programa honekin nork bere burua babesteko neurriak sustatu nahi ditugu adin-tarte horretan, era horretara trafiko-istripuak saihestu ahal izan ditzaten– azaldu du Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak–.Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako eta Iraunkorrerako 2015-2020 aldirako Plan Estrategikoaren helburu nagusietako bat erabiltzaile ahulenak babestea da, eta 2020rako proposatutako jomuga estrategikoetako bat % 40 murriztea hildako eta larri zauritutako oinezkoen kopurua 2013ko egoeratik abiatuta, kontuan hartuta urte horretan 14 oinezko hil zirela. Gure ustez –erantsi du–, istripuei aurrea hartzeko sentsibilizazio-programa hau, aitzindaria izan dena, lagungarria da jomuga hori lortzeko".

Aurten egitea aurreikusten diren 30 saioetatik 16 egin dira martxotik maiatzera bitartean, honako herri hauetako adineko pertsonen elkarteetan: Gordexola, Erandio, Berriz, Abadiño, Vitoria-Gasteiz, Ibarra, Plentzia, Legorreta, Alonsotegi, Kanpezu, Barakaldo, Bilbo, Olaberria, Irura eta Idiazabal.

Saioan ordubeteko hitzaldi-tailer bat egiten da. Lehenengo bideo bat jartzen da adinekoek izandako istripuei buruzko datuak aurkezteko, eta, ondoren, oinezko joan-etorrietako arrisku-portaerei buruzko hausnarketa egiteko eskatzen zaie parte-hartzaileei.

Saioetan parte hartzen duten gizon-emakumeek taldean lan egiten dute arrisku-egoerak, euren kolektiboaren ahultasunarekin loturiko alderdiak eta bizi diren herriko puntu beltzak idatziz jasotzeko.  

Saioa amaitzean Trafiko Zuzendaritzaren Aholkuen Gida bat eta besoko islatzaile bat ematen zaie, eta programaren balorazioa egiteko ere eskatzen zaie.  Emandako erantzunen % 96,7ren arabera, saioak oso positiboak dira.

Ibilgailu batek harrapatuta hildakoen kopurua

2014an hamar oinezko hil ziren ibilgailu batek aurretik eramanda (sei emakumezko eta lau gizonezko), eta horietatik zazpi 64 urtetik gorakoak ziren.

2015ean, hamahiru pertsona hil ziren ibilgailu batek aurretik eramanda (zazpi gizonezko eta sei emakumezko), eta horietatik zazpi ziren 64 urtetik gorakoak.

Iaz, 2016an, hamar pertsona hil ziren ibilgailu batek harrapatuta (zortzi gizonezko eta bi emakumezko). Horietako hiruk 64 urtetik gora zituzten.

Aurtengo maiatzaren 29ra arte, lau pertsona hil dira ibilgailu batek harrapatuta (bi emakumezko eta bi gizonezko), eta horietako bik zituzten 64 urtetik gora.  

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko