Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzak eta Udaltzaingoak segurtasun-dispositibo berezia ezarri dute Guns N' Roses taldeak San Mamesen emango duen kontzertua dela eta

2017.eko maiatzak 30

Bi kidegoetako arduradunak izan dira gaur estadioan neurriak ziurtatzeko

Guns N' Roses taldeak San Mames estadioan gaur emango duen kontzertua dela eta, Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak dispositibo berezia ezarri dute ekitaldiaren segurtasuna bermatzeko. Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga eta Segurtasuneko zinegotzi Tomás del Hierro, bi kidegoetako arduradunek lagunduta, gaur goizean izan dira kontzertua hartuko duen estadioan prebentzio-neurriak ziurtatzeko.

Maiatzean zehar hainbat bilera egin dituzte Bilboko Udalak, ekitaldiaren antolatzaileek, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak kontzertuan espero diren 35.000-40.000 pertsonaren segurtasuna bermatzeko abian jarriko den dispositiboaren oinarriak ezartzeko.

Polizia-zerbitzuak estadiora sartuko diren pertsonen joan-etorriak ziurtatzeaz arduratuko dira. Horretarako, bihar lehenengo ordutik zainduko dira garraio publikoa eta estadioaren inguruko kaleak.  

Operatiboaren baitan, San Mames estadioaren inguruko trafikoa bideratuko da eta segurtasun publikoa bermatzeko dispositibo zabala antolatuko dute Ertzaintzak, Bilboko Udaltzaingoak eta antolatzaileek kontratatutako segurtasun pribatuko langileek.

Gomendioak:

- Ahal izanez gero garraio publikoa erabili.

- Estadiora kontzertua hasi aurretik behar besteko aurrerapenarekin joan.

- Identifikatzeko dokumentazioa eraman.

- Ez eraman objektu edo poltsa handirik.

- Poltsa eta motxila txikiak miatzeko erraztasunak eman.

- Segurtasun pribatuko langileek eta polizia-zerbitzuek emandako jarraibideei kasu egin.

- Debekatuta dago estadiora alkoholdun edariak sartzea.

- Debekatuta dago estadiora arriskutsuak izan daitezkeen elementu edo objektuekin sartzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko