Eu

Bingen Zupiria sailburuak Bikain ziurtagiriaren bide berria aurkeztu du eta administrazioetan are gehiago zabaltzeko asmoa nabarmendu du

2017.eko maiatzak 31

Bikain euskararen kalitate ziurtagiriaren proiektuak fase berri bati ekin dio eta euskara lan munduan sustatzeko bere helburua administrazioetan are gehiago zabaltzeko ahalegina egingo du. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Donostian aurkeztu du Bikain ziurtagiriaren dekretu berria eta honek dakartzan bi berritasun nagusiak nabarmendu ditu: administrazioan gehiago zabaltzeko egitura berri bat eta kanpo-ebaluazioa urte osoan zehar egiteko aukera. Egun, 313 entitatek badute Bikain ziurtagiria eta horietan 58.466 langile daude.

Zupiria sailburuak Eusko Jaurlaritzaren Gipuzkoako ordezkaritzan aurkeztu du proiektuaren etapa berria, Josune Zabala Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza-Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariarekin batera. Gaurko aurkezpenean, gainera, Bikain ziurtagiriaren proiektuarekin bat egiteko apustua egin duten bi enpresetako eta administrazio publiko bateko ordezkariak izan dira: Guggenheim Bilbao Museoko Edizio eta Itzulpenen koordinatzaile Nerea Virto, Bankoako Prestakuntza eta Barne Komunikazio saileko zuzendari Ana Urkiza eta Berrizko alkate Orland Isoird. Guztiek euskarari lan munduan bideak irekitzearen garrantzia nabarmendu dute eta euskara balioa erantsia dela azpimarratu dute.

                Atzo onartutako dekretu berriaren eraginez, Bikain ziurtagiria eskura dezaketen entitateak bi multzotan banatuko dira: batetik, entitate pribatuak eta sozietate publikoak, eta, bestetik, erakunde publikoak. Administrazioei bidea zabaltze aldera, hauen erabilera-planen egitura Bikainenarekin alderatu da eta plan egitura bateratua sortu da. Horrela, administrazioek egin beharko duten bidea askoz ere errazagoa izango da, euren planak koherenteak izango baitira Bikain eskuratzeko planekin. 2008-2016 aldian 51 izan dira Bikain ziurtagiri-mailaren bat eskuratu duten erakunde publikoak (8 Araban, 15 Bizkaian eta 28 Gipuzkoan).

“Bikain ziurtagiriaren proiektua jaio zenetik zabalik egon da era guztietako entitateentzat, eta administrazioek ez dute bide hori itxirik izan. Hala ere, ziurtagirien eredua berrikusteari eta eguneratzeari ekin zaionean, proiektuak administrazioaren munduan aukera handiak izan zitzakeela ikusi da. Aukera horiek aprobetxatzeko egokitzapen batzuk egin behar genituen, eta horren emaitza da gaur aurkezten ari garen dekretu berria. Gure helburua euskara lan munduan sustatzea da, eta urte hauetan zehar ikusi ahal izan dugun bezala, Bikain ziurtagiria oso tresna eraginkorra da hori lortzeko”, azaldu du Zupiria sailburuak. 

                Dekretu berriari esker, Bikain eskuratzeko deialdiak desagertu egingo dira, eta kanpo- ebaluazioa eskatzeko epea urte osoan zehar izango da zabalik. Josune Zabalak azaldu duenez, honek ere enpresen bidea erraztuko du: “Orain arte deialdi bat egoten zen urtean zehar, eta horren ostean aurkez zitezkeen eskaerak. Bikain berriari esker, aldiz, urte osoan zehar izango da ebaluazioa eskatzeko aukera”.

Halaber, bestelako berritasunak egongo dira ere; esate baterako, aurrerantzean eskaerak tramitatzeko bide bakarra telematikoa izango da, Erreferentzia Marko Estandarraren (EME) eredua aldatu da eta, bestalde, ebaluazioa eskatzeko orduan, 250 langiletik gora duten entitate guztiek beren berdintasun-plana izan beharko dute. Orain arte bezala, hiru ziurtagiri-maila izango dira, baina agiria lortzeko ponderazioa igo egin da horietako bitan: goi mailako edo Urrezko Bikain ziurtagiria lortzeko 800 puntu eskatuko dira (lehen 700 puntu ziren); bigarren maila edo Zilarrezkorako, 500 puntu (lehen, 400); eta oinarrizkorako, 200 puntu.

Ziurtagirien kudeaketa teknikoari dagokionez, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak egingo du, orain arte bezala, baina gidaritza eta artezketa-lanaren kasuan, organo bat eratu da: Artezkaritza Kontseilua. Erakunde hau partaidetza sozialeko organo aholku-emailea da, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikia. Jaurlaritzarekin batera, honako erakunde hauek osatuko dute: Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia eta Gipuzkoako Foru Aldundia, EUDEL-Euskal Udalen Elkartea, Euskal Enpresarien Konfederakuntza (CONFEBASK), Gipuzkoako Enpresarien Elkartea (ADEGI), Bizkaiko Enpresarien Konfederazioa (CEBEK), Arabako Enpresariak (SEA) eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa.

Zenbakiek argi erakusten dute ziurtagiri hau erreferentzia bilakatu dela enpresen euskararen aldeko apustua neurtzeko orduan. Azken bi urteak izan dira enpresa gehien gehitu dizkiotenak ziurtagiria dutenen zerrendari: 117 entitatek lortu dute aitorpena 2015ean eta 2016an. 2017an ere oso datu positiboak espero dira. Hortaz, goranzko joera argia antzematen da, ziurtagirien lehen urteetako batez besteko enpresa kopurua biderkatzen ari baita. Azken datuen arabera, 58.466 langile inguruk egiten dute lan Bikain ziurtagiria duten 313 enpresetan. 2016n proiektura gehitu ziren 52 enpresek asko lagundu zuten bide horretan, 21.490 langile gehitu baitzituzten.

2008. urteaz geroztik ziurtagiri-mailaren bat lortu duten entitateetatik, 120k goi-mailakoa eskuratu dute, 128k tartekoa eta 65ek oinarrizkoa. Lurraldeka, 187 enpresa gipuzkoarrak dira, 105 Bizkaikoak eta 21 Araban daude kokatuta. Bikain ziurtagiriaren  kanpo-ebaluazioa egiteko ardura Ebaluatzaileen Klubarena da, proiektu honen zutabeetako bat. Iaz, 190 kide aritu ziren ebaluatze lanetan, inoizko zenbatekorik altuena. Ebaluatzaileen Klubeko kide izateko berariaz antolatuko diren prestakuntza-saioetan parte hartzea ezinbestekoa izango da. Guztira, 550 kide baino gehiago daude Ebaluatzaile Klubean.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @euTUlankide
    2017.eko ekainak 07

    Comentario de Twitter:
    @ZupiriaB sailburuak #Bikain Ziurtagiriaren bide berria aurkeztu du. https://t.co/DXBcqqmqgL https://t.co/11N2pKmvrA

Ekitaldiko kargudunak