
Eusko Jaurlaritzako Osasuneko Sailburua eta Galiziako Xuntako Osasuneko Sailburua gaur bildu dira Bilbon bi erkidegoen arteko Osasun-Arloko Berrikuntzarako Lankidetza-Programaren lehenengo urtea ebaluatzeko
Galiziako eta Euskadiko autonomi erkidegoetako Osasun Sailek eta Osasun Zerbitzuek gaur ospatu dute Bilbon batera egindako lanaren lehenengo urtea, 2016an sinatu zutenetik Osasuneko I+G+B bultzatzeko eta babesteko Lankidetza Plana.Bai Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Jon Darpón Sierrak bai Galiziako Xuntako Conselleiro de Sanidade Jesús Vázquez Almuíñak oso positiboki baloratu dute orain arte egindako lana, lankidetzan aritu diren lehenengo urte honetan Planean identifikatutako lau jarduketa-eremuetatik hiruri heldu baitzaiei.
Zehazki, lehenengo hilabete hauetan alderdi hauek landu dituzte: RIS3 estrategien garapenerako lankidetza; aukeren azterketa Carlos III Osasun Institutuari eta Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasuneko MInisterioari lotutako Estatuko ekimenetan (batez ere erosketa publiko berritzailearen inguruan); eta baterako azterketa enpresa-clusterrekin merkatuen irekierari, komertzializazioari eta berrikuntzarako esparruei buruz.
Galiziako eta Euskadiko Osasun Sailak, Europako Batzordeko European Innovation Partnership (EIP-AHA) ekimenak erreferentzi gune gisa aintzatetsitako erkidegoak zahartze aktiboaren eta osasuntsuaren eremuan, lankidetzan aritu ziren lehendik ere EIP-AHAren Reference Sites sarean eta partekatu zituzten interesak zegozkien Espezializazio Adimentsuaren Estrategien (RIS3) alde, horien barruan osasunaren eremua izanik lehentasunetako bat.
Lankidetza Plana dagoeneko martxan dela, berau garatzeko finkatutako lan-taldeak abian jarri ditu ekintza berriak eta ezagutzen trukea, toki-mailako zerbitzuen prestaziora egokituak. Hala, gaur goizean zehar, xehetasunez aztertu dituzte jarduketa horiek, ondokoak barne hartzen dituztenak: partaidetza Europako TITTAN proiektuan, zahartze aktiborako soluzio teknologiko berritzaileen diseinua eta erabilera bultzatu ahal izango dituzten politiken garapenarekin lotutakoan; living labs-i buruzko Europako beste proiektu baten proposamena eta bi erkidegoetako ete-ek garatu dituzten eta osasun-sektorerako baliagarriak diren berrikuntzen balidazioa; BECen izandako Biospain 2016an Galiziak izan duen presentzia, dagozkien ordezkaritzen kontaktuekin; eta saiakuntza klinikoen kudeaketari buruzko ezagutzaren trukea, Euskal Herriko Innosasun programa eta Galiziako 100 kodea.
Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Jon Darpónek nabarmendu duenez, “joan den urtean sinatu genuen konpromisoak ikuspegi partekatu bat zuen oinarri, osasunaren arloko ikerketaren eta berrikuntzaren garrantziari buruzkoa, funtsezko tresna gisa osasunaren hobekuntzarako, osasun-sistemaren jardun hobeagorako eta sistema horrek garapen sozioekonomikoari egiten dion ekarpenerako.Urte honetan zehar egindako lana, oso emaitza onekin ebaluatu duguna, lankidetza on baten garrantziaren eta eraginkortasunaren erakusgarria da”.
Galiziako Xuntako conselleiro de Sanidade Jesus Vazquez Almuiñak, bestalde, “aldebiko lankidetza honen alderdi positiboa nabarmendu du. Tokiko esperientzietatik abiatuta pazienteentzat, osasun-sistemako langileentzat eta gure osasun-sistemen funtzionamenduan inplikaturiko eragile guztientzat onuragarriak izango diren hobekuntza-eredu globalak sortzen laguntzen baitu. Sergasetik, lan-ildo honekin jarraitzearen aldeko apustua egiten dugu, etorkizunean esporta litezkeen esperientziak eta emaitzak partekatuz".
Gaurko elkarraldian, Sailburuekin batera, ondokoek parte hartu dute: Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Osasuneko sailburuorde Iñaki Berraondo, Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko sailburuorde Fátima Ansotegi, eta Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendari María Aguirre; eta Galiziako Xuntaren aldetik, Osasuneko Ezagutzaren Agentziako gerente Sonia Martínez eta Asistentzia Sanitarioko zuzendari Jorge Aboal. Elkarraldian zehar, etorkizuneko lankidetzarako ekintzei buruz ere eztabaidatu dute, besteren artean ondokoei buruz: I+G+Brekin lotutako araudia hobetzea emaitzei etekin hobea atera ahal izateko; lankidetza dagozkien cluster sanitarioekin; RIS3ko lehentasunezko eremuetako batzuen garapena, esaterako datuen tratamenduarena edo medikuntza pertsonalizatuarena.
Bi ordezkaritzen arteko bilera Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta OSIra egindako bisitaldiarekin osatu da, non Galiziako ordezkaritzak zuzenean ezagutu ahal izan duen Gurutzeta Unibertsitate Ospitaleko Da Vinci robotaren funtzionamendua, Osakidetzak dituen bost robotetako batena.
Bilbon, 2017ko maiatzaren 31n