Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Etxebizitzako sailburuordea Mª Paz Larrumbidek Bruselan adierazi du Eusko Jaurlaritzak lehentasuna emango diola alokairuari eta hiri-birgaitzeari eta -eraberritzeari

2010.eko azaroak 17

 Etxebizitzako sailburuordea Mª Paz Larrumbidek, "Gizarteratzera bideratutako etxebizitza-politika Euskadin" izeneko txostena aurkeztuko du Bruselan Eskualdeetako Parlamentuan PES Group-ek egingo duen urteko mintegian.

Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailak etxebizitza eskuratzeko bideratu dituen neurriak azalduko ditu, baita hiriak birgaitu eta eraberritzeko politikak ere.

Etxebizitzako sailburuordearen esanetan, Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza-politika berriek lehentasunezko hiru ardatz izango dituzte:  alokairua, hiri-birgaitzea eta hiri-eraberritzea.

Hiri-birgaitzea eta -eraberritzea:

Une honetan, Etxebizitza Saila Eraikinen birgaitze eta hiri-eraberritzerako Plan Estrategikoari azken ukituak ematen ari zaizkio. Plan horrek jarduteko lehentasunak finkatuko ditu eta eraginkortasun energetikoko eta irisgarritasuneko programak gauzatzeko mekanismoak abian jarriko ditu.

Birgaitzeko laguntzen aparteko Plana onartzea izan zen Gobernu honen lehenengoetariko ekimena, eta birgaitze-politikak esku hartzerako lehentasuneko lerroa izaten jarraitzen du.

Ezkutatu artikulu osoa

Euskadin 997.000 etxebizitza daude eraikita. Etxebizitza horietatik, %33 50 urtetik gorakoak dira eta %40 30 eta 50 urte artekoak. Edozein araugintza energetikoren aurrekoak dira, beraz, eta gehienak birgaitze-obrak behar dituzte. Horrez gain, gune historikoetan bizi den biztanleen gehiengoa gizarte-bazterkeriako arriskuan dagoena da (nagusiak, etorkinak, baliabide gutxiko gazteak).

Horregatik, Sailaren ustez, ezinbestekoa da birgaitzea, jasangarriagoa baita birgaitzea eraikitzea baino, esku-lan gehiago mugiarazten du, hiri-degradazioa saihesten du, gizarteratzen eta ekonomia berroneratzen laguntzen du eta gainera, lurzoru berriak erabiltzea saihesten du.

Plan berriaren arabera, birgaitzeko laguntzen onuradunak honako hauek izango dira:

-Partikularrak eta auzokideen erkidegoak, eraikinak birgaitzeko. Laguntzak 1.500 €-tik gorakoak badira etxebizitzako, erregistratu egingo dira, eta onuradunek itzuli egin beharko dituzte 5 urte igaro baino lehen etxebizitzak eskualdatzen badituzte.

-Udaletxeak, hiri-guneak eta eraikin publikoak atontzeko.

Sailburuordeak azaldu duenez, "birgaitze-maila altuak ekonomia, gizarteratzea eta jasangarritasuna bultzatzen ditu".

Eraginkortasun energetikoa bultzatu

Plan Estrategikoak eraginkortasun energetikoa hobetzeko ekimenak biltzen ditu, Euskadiko zonalde klimatiko ezberdinetako 144 eraikinetan egindako azterketetan oinarrituta daudenak, hain zuzen.

Esku hartze-maila ezberdinak proposatzen dira, batetik, kalefakzio eta ur beroa sortzeko sistemak errendimendu hobeagokoengatik ordezteko, eta bestetik, eraikinen ingurukariari dagokienean. Emaitzekin energia-aurrezpena zehaztu nahi da, eta  inolako jarduerarik ez egitearen kostua ebaluatu, aldi berean. 2020rako 20-20-20 konpromisoaren arabera, modu erabakiorrean esku hartu behar da kalefakzioaren eskaeran eta %45 gutxitu.

Honako proiektu hau Open House Proiektuan dago sartuta, Europarako iraunkortasunaren gida-eredua definitu nahi duena.

Irisgarritasunerako laguntzak

Oztopo arkitektonikoak ezabatuta, adin nagusikoen edota mugikortasun arazoak dituzten pertsonen gizarteratzea lortzen da, oztopo horiek direla-eta kanpoko laguntzen mende baitaude gaur egun.  Eraikitako parkearen gehiengoak ez dauka igogailurik.

Alokairua

Etxebizitza Sailak alokairua sustatzeko bideratutako neurrietan bi lerro berritzaile daude:

Bitartekaritza-programa berria

Alokairua errazteko bitartekaritza-programa berri bat abian jarri dela iragarri du sailburuordeak.

Gaur egun, Euskadiko familien lehenengo etxebizitzen %7 baino ez da alokairukoa, Europar Batasunean %25 delarik. Babestutako etxebizitza eskatzen dutenen artean %29k baino ez du alokairua aukeratzen, nahiz eta araubide hori izan egokiena gizarte-bazterkeria arriskuan dagoen jendearentzat.

Programa berriarekin, Jaurlaritza errentariaren eta jabearen arteko bitartekari jardungo du, eragiketaren bermatzaile, errenta mugatuko du eta errentariek bete beharreko baldintzak finkatuko ditu.

Zuzkidura-bizitokiak

Zuzkidura-bizitokien figura ere aurkeztuko du sailburuordeak arratsaldean.

Neurri txikiko bizitokiak dira, instalazio eta zerbitzu erkideak dituztenak eta gazteentzako. Gehienez ere 5 urterako alokatzen dira. Epe hori igarota, bizileku-arazoa konpondu egin behar dute eta programa utzi. Ez dira etxebizitza moduan kontuan hartzen ekipamendu-zuzkiduren estandarrak konputatzen direnean, gizarte intereseko zerbitzu gisa hartzen dira. Ekipamendu publikora bideratutako jabari publikoko lurzoruan kokatzen dira, besterendu ezin den lurzoruan, beraz.

Honelako etxebizitza-soluzioa beste kolektibo batzuetara hedatu nahi du Eusko Jaurlaritzak, hala nola banandutako familiak, hirigintza- edo birgaitze-eragiketen ondoriozko birkokatzeak, agertzen diren arazoengatiko unean uneko etxebizitza-trukatzeak.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko azaroaren 17a

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Mª Paz Larrumbide, Etxebizitzako sailburuordea