Eu

Euskadiko entrenatzaileek prestakuntza jaso dute kirolari adingabeek egiten duten sare sozialen erabilera nola kudeatu ikasteko

2017.eko maiatzak 26

150 entrenatzaile eta kirol erakundeetako arduradun baino gehiago Donostia, Vitoria-Gasteiz, Bilbo eta Gernikan egin diren formakuntza saioetara bertaratu dira aste honetan, ‘Adingabeekin diharduten kirol erakundeetan teknologia digitalak arduraz erabiltzeko gida’ argitalpenaren nondik norakoak ezagutzeko asmoz.

Jardunaldi horien helburua izan da entrenatzaileak eta klubetako arduradunak Eusko Jaurlaritza eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Foru Aldundien arteko lankidetzari esker martxan jarritako bitarteko berri hau hurbilagotik ezagutzea. Gizartean teknologia digitalak gero eta gehiago erabiltzen direla ikusita eta, ondorioz, baita kirol munduan ere, erakunde horiek gida bat ondu dute, aitzindaria kirol arloan. Argitalpen horren helburua da teknologia digital berriak ezagutzera eman eta erabilera arduratsua erraztea, baita helburu horretan kirol erakundeetako zuzendaritzak horretaz ohartu eta inplikatzea ere.

Jardunaldi horietan nabarmendu duten bezala, Whatsapp, Instagram, Facebook edo Snapchat sare sozialak dira, eta entrenatzaileek beren kirolariekin komunikatu eta koordinatu ahal izatea errazten dute, beste onura batzuen artean. Hala ere, bitarteko edo sare sozial horien erabilera arduragabeak arriskuak edo ondorio kaltegarriak ekar ditzake, areago tartean adingabeak daudenean. Jardunaldi hauetan nabarmendu dutenez, “tresna horien erabileran kideei, aurkariei edo partida-epaileei errespetu faltak edo mehatxuak egin dakizkieke, baita adinkideak jazarri (cyberbullying), berdintasunaren kontrako jarrerak erakutsi (sexistak, arrazistak, xenofoboak, etab.), irudi labainak edo are, sexu joerako jokabide desegokiak hedatu, eta pertsona helduek hori zuzendu edo eragotzi behar dugu”.

Errealitate berri horren aurrean kirol arloan jokatzeko moduaz ez-ezagutza handia dagoenez, erakunde publikoek hainbat bitarteko ondu dituzte gidaren bidez kirol erakundeen lana errazteko. Era horretan, eredu batzuk sortu dituzte: erakundeen barruan mugikorren edo teknologia digitalen erabilera arautu edo zehazten duen oinarri etikorako eredu bat; entrenatzaileei gai horren inguruan izan beharreko jokabide kode bat ematen dien dekalogo bat; entrenatzailearen, emakumezko edo gizonezko izan, eta adingabe kirolarien arteko hitzarmen digitaleko eredu bat (elkarrekin teknologia berriak erabiltzeko “joko arauak” adoste aldera); bukatzeko, guraso edo legezko tutoreen edo kirolarien baimenak biltzen dituzten klausula eredu batzuk, irudiak eta beste datu pertsonal batzuk erabili eta, hartara, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoak ezarritakoa betetzeko (DPLO).

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak