Eu

Artolazabal´ek hamabost hobekuntza proposamen egin ditu Eusko Jaurlaritzak Diru-sarrerak Bermatzeko Legearen erreforma adosteko

2017.eko maiatzak 31
  • Sailburuak 15 aldaketa zehatz eta 5 araudi aldaketa proposatu ditu, ondorengo puntuetan multzokatuta: zenbatekoak eta betebeharrak zehaztea, Lanbideren jarraipena eta kudeaketa, eta arauz kanpoko erabileren kontrolak
  • Besteak beste, bizikidetza unitateak aukeratzeko orduan, hobekuntzak proposatu ditu seme-alabak dituzten familiei arreta positibo eta berezia emateko

 

VG 31 05 17

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika sailburuak, Beatriz Artolazabalek, hamabost proposamen egin ditu gaur goizean Eusko Legebiltzarrak Diru-sarrerak Bermatzeko Legearen erreforma adostu dezan. Besteak beste, Artolazabalek bizikidetza unitateak aukeratzeko egun erabiltzen diren formulak hobetzeko proposamenak egin ditu eta, horietan, arreta berezia jarri zaie seme-alabak dituzten familiei. Aipatutako formulek, halaber, zehaztuko dituzte prestazioaren eta atxikitako osagarrien oinarrizko zenbatekoa, benetako bizilekua ziurtatzeko moduak, erroldatze betebeharrak eta pertsona errefuxiatuek prestaziorako behar dituzten agiriak, eta ondarearen balorazioa, baita bidegabeko ordainketak eta kobrantzak erreklamatzeko sistemaren arrazionalizazioa ere.

 

Artolazabalek, gainera, ondorengo arloetan proposatu ditu hobekuntzak: enplegua bultzatzeko sisteman, DBE Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten pertsonentzat enplegu aukerak sortzeko enpresa arrunten inplikazioan, lan inklusiorako eskubidearen gauzapenean eta, gizarte bazterketa egoeran edo arriskuan egonik, autonomia funtzionalean laguntza behar duten eta DBEn arreta ematen zaien pertsonen jarraipenean.

 

“Sakonetik ari gara lanean diru-sarrerak bermatzeko errentaren kudeaketa hobetu eta eguneratzeko, eta gizarte kohesiorako bitarteko bihur dadin hura sendotzeko, batez ere familiei dagokienez. Ekimen horrek eragotzi du urtero 132 mila pertsona baino gehiagok pobrezia egoerak jasatea, eta lan merkatura itzultzeko modua eman die”, Artolazabal sailburuak nabarmendu duenez.

 

Enplegu eta Gizarte Politika sailburuak gogorarazi duenez, “dagoeneko hartu ditugun neurrien artean nabarmentzekoak dira lan prozedura eta DBEren zein EPO Etxebizitzarako Prestazio Osagarriaren kudeaketarako barne jardunbide eredua etengabe berrikustea, gure langileek jasan ditzaketen erasoei buruzko ekintza protokoloa, iruzurraren kontrako taldearen ekintza, informazio elkartrukerako estatuko Gizarte Segurantzarekiko koordinazio handiagoa; bizilekuak egiaztatzeko Tokiko Poliziekin jarduteko protokolo bat, hatz marka digitalean oinarritutako identifikazioa bermatzeko sistema, eta diru-laguntza hartzen duen pertsona bakoitzarentzat egokiena den enplegua eta prestakuntza ezagutzeko jarraipena”.

 

Gizarte politika aurreratua

“Duela ia hogeita hamar urte, Euskadik, Europako herrialde aurreratuenekin bat etorriz, kohesio hori bermatzeko lehenengo baliabideak jarri zituen martxan eta, harrezkero, etengabeak izan dira aurrerapausoak, eta gizarte zein ekonomia egoerek aurrera egiten dute. Gaur, erreforma eta lan aktibazio garaia da”, Beatriz Artolazabalek nabarmendu duenez. Enplegu eta Gizarte Politika sailburuaren iritziz, “geure diagnostikoa eta diagnostiko partekatua egin dugu. Europako ereduak hartu ditugu erreferentziatzat. Euskal ereduko balioei eutsi diegu, eta europar Zutabe Soziala partekatzen dugu”. Lan aktibazioari heltzeko, hiru irizpideri erreparatzen diegu: ereduari eutsi eta hura hobetu; kontrola hobetu; eta lan aktibazioa bultzatu”.

 

Beatriz Artolazabalek 15 aldaketa zehatz eta 5 araudi aldaketa proposatu ditu, ondorengo puntuetan multzokatuta: zenbatekoak eta betebeharrak zehaztea, Lanbideren jarraipena eta kudeaketa, eta arauz kanpoko erabileren kontrolak eta zigorrak. Kudeaketa Kontrolari dagokionez, enplegu orientazioak duen garrantzia nabarmendu du.

 

Artolazabalek bizikidetza unitateak aukeratzeko egun erabiltzen den formula aldatu eta hobetzen duen proposamena nabarmendu du; izan ere, “DBEn oinarrituta bizikidetza unitateak aukeratzeko jarraitu den sistemak –etxebizitza bakoitzean DBE jasotzen duen unitate bat baino gehiago egoteko aukera onartuz− zailtasun handiak eragiten zituen, hala konparaziozko bidegabekeriaz, nola prestazioa kudeatzeko bihurriagoa izateari dagokionez. Egoera horiek zuzentzeko, proposatzen dugu DBE eskuratzeko eskaerak etxebizitza batean bizi diren pertsonen multzoari lotuta egotea, haien arteko familia lotura edozein dela ere; horrenbestez, oro har, DBE bakar bat egongo da gehienez etxebizitza bakoitzean, eta etxebizitza horretan bizi diren pertsonen diru-sarreren osotasuna zenbatuko da. Neurri horrek askotariko pertsona profil eta egoeretan izango duen eragina aztertuko dugu, dagozkion salbuespenak ezartze aldera”.

 

“Halaber –Artolazabal sailburuak gehitu du–, proposatzen dugu, bigarrenik, prestazioaren eta atxikitako osagarrien oinarrizko zenbatekoa erabakitzeko formula aldatzea. Bizikidetza unitateen aukeraketak prestazioaren gehienezko zenbatekoak zehazteko sistema berri bat izango du atxikia; sistema hori oinarrizko zenbatekoetan eta gehigarriak diren banakako osagarrietan oinarrituko da. Sistema hori bizikidetza unitate guztientzako oinarrizko zenbateko komun baten arabera artikulatuko da, unitate horren tamaina eta egitura edozein dela ere; osagarrien sistema bat izango du etxebizitzan bizi den pertsona heldu bakoitzaren arabera, aldakorra etxeko pertsonaren ordenaren arabera, eta kargura duen adingabe bakoitzeko osagarrien sistema bat, osagarrien zenbateko gero eta txikiagoaz jaiotza ordenaren arabera”.

 

Zenbatekoen atariko proposamenak zehazten duenez, bakarrik den pertsonak 650 €-ko prestazioa eskuratuko luke (450+200), bikote batek 810 €-ko prestazioa (450+200+160), eta bi seme-alabako bikote batek 1.104 €-koa (450+200+160+120+84).

Osagarri mota

Etxeko pertsonak

€uro / hilabete

Bizikidetza Unitateko (BUko) oinarrizko zenbatekoa

450

Osagarriak BUko heldu bakoitzeko

Titularra

200

Bikotea

160

Beste heldu batzuk (gehienez 4)

100

Osagarriak BUn kargura dagoen adingabe bakoitzeko

Kargupeko lehendabiziko adingabea    

120

Kargupeko bigarren adingabea

84

Hirugarren eta laugarrena

60

Bosgarren eta seigarrena

48

Beste osagarri batzuk

Guraso bakarra, desgaitasuna edo genero indarkeria

100

 

 

“Sistema berri honek egun indarrean den pertsona pentsiodunen aldeko prestazio diferentzialari eusten dio;edozein osaeradun familiarentzako gehienezko DBE zenbatekoa 1.200 € da hileko; gehienezko zenbatekoak ez dira ezarriko kanpoko adierazle baten arabera, adibidez, LGS lanbide arteko gutxienezko soldata, errenta-adierazlea (IPREM) eta abar, eta dagokion Aurrekontu Legean zehaztutakoaren arabera eguneratuko dira eta, bizikidetza unitate bakoitzeko diru-sarrerak kalkulatzeko orduan, diru-sarrera konputagarritzat hartuko dira izaera finalista ez duten prestazio ekonomiko guztiak”, sailburuak zehaztu duenez.

 

Bizilekua

Euskadiko bizileku ziurtapenerako Beatriz Artolazabalek proposatutako hirugarren hobekuntzak zehazten duen bezala, “egungo taxueran, DBE erregulatzen duen araudiak ezartzen du nahitaezkoa dela prestazioa eskuratzeko erroldatuta egotea, eta bizilekua benetan EAEn izatea eta, beraz, bi baldintza horiek bete behar dira. Muga horiei aurre egiteko, beharrezkotzat jotzen da bizilekua benetan erkidegoan edukitzea ziurtatzen duen elementu sorta bat ezartzea –biztanleen erroldan izena emanda izateaz gain−, hala prestazio bat eskuratzeko beharrezkoa den gutxienezko erroldatze epean –egun, hiru urtekoa−, nola hura jasotzen deneko aldian”. Artolazabalek proposatu du 24 hilabetera jaistea egunDBE eskuratzeko beharrezkoa den gutxienezko erroldatze epea kargura seme-alaba adingabeak dituzten familia unitateen kasuan.

 

Laugarren aldaketak pertsona errefuxiatuek edo asilo- zein nazioarteko babes-eskatzaileek prestazioa eskuratzeko duten erroldatze eta agirien aurkezpen betebeharrei heltzen die, eta Artolazabal sailburuak egokitzat dauka, gainerako baldintzak betez gero, talde hori “hiru erroldatze urteko betebeharretik salbuestea”. Era berean, beren herrialdea utzi behar izan dutenez, askotan korrika eta presaka, jatorrizko herrialdean igorritako agiriak aurkezteko zailtasunak izan ditzakete eta, horrenbestez, pertsona horiek salbuetsita egongo dira ondorengoak aurkeztetik: jatorrizko herrialdean etorkin bikotedunak iraupeneko Bizikidetza Unitate berezia izatearen ziurtagiria; jatorrizko herrialdean ondasunak izatearen ziurtagiria; eta indarrean den AIZ Atzerritarren Identifikazio Zenbakia edo pasaportea (asilo eskaerak edo errefuxiatu txartela agiri horren ordezkoak izan daitezke).

 

Enplegu eta Gizarte Politika saileko arduradunak adierazitako bosgarren aldaketak ondarearen balorazioari egiten dio erreferentzia; izan ere, gaurdaino, 18/2008 Legeak prestazioa eskuratzeko jartzen duen baldintza da ohiko etxebizitzaz bestelako ondasun higiezinik ez izatea, eta atalase jakin batetik gorako ondasun higigarririk ez izatea. Muga horiek pertsona batzuek prestazioa eskuratu ahal izatea zailtzen ari dira, nahiz eta pertsona horiek, ondare mugak gaindituta ere, beren oinarrizko beharrizanak asetzea eragozten duten zenbateko oso baxuko diru-sarrerak eduki. Horrenbestez, disfuntzio horiek zuzentzeko, ondasun higigarri horien balioa eta likidatzeko gaitasuna bereizteko premia proposatu da, objektiboki diru-sarrerak bermatzeko sistemaren premia duten pertsonek DBE eskuratzeko modua izan dezaten. Horretarako, prestazioaren minorazio partzialeko sistema bat sartzea proposatzen da aztergai diren ondasunen balio katastralari lotuta eta, era horretan, kasu jakin batzuetan, ez dira kontuan ere hartuko.

 

Eusko Legebiltzarrean sailburuak aurkeztutako seigarren hobekuntza ekimenak erreparatu egiten die bidegabeko ordainketa eta kobrantzen erreklamazio sistema arrazionalizatzeko eta diru-laguntzak hartzen dituzten pertsonen segurtasun juridikoa bermatzeko aldaketei eta, horretarako, proposatu du “DBEren gainean gertatu bide diren bidegabeko ordainketen onuradunak izan diren pertsonen erantzukizunaren preskripzioa ezartzea kopuru horiek jasotzeko unetik hogeita lau hilabeteko epea behin igaro denean, baldin eta Lanbidek kobrantza horiei buruz jakinarazpen edo erreklamaziorik egin ez badu. Preskripzio epe horrek bidegabeko kobrantzei eragingo die bakarrik baldin eta ordainketen onuraduna izan den pertsonak dolu edo iruzur asmorik izan ez badu”.

 

Irregulartasunak

 

Era berean, prestazioa arauz kanpoko eran jasotzen dela adieraz dezaketen DBEren erabilerak detektatzeko gaur goizean proposatutako zazpigarren hobekuntza neurriaz sailburuak azaldu duenez, “indarrean den araudiak ez du kontrol edo irizpide zehatzik ezartzen DBE jasotzen dutenen gastuak arautzeko, prestazioa bera eta titularren betebeharrak definitzerakoan ezarritakoa besterik ez; ondorioz, proposatu dugu DBEri buruzko araudian xedapen batzuk sartzea, ondorengoetarako:

 

 desegokitzat jo daitezkeen DBEren erabilerak eta prestazioa bertan behera utzi edo haren amaiera eragin dezaketen erabilera desegoki horien errepikapenen kasuak argitzea, eta pertsona onuradun jakin batzuek prestazioari ematen dioten erabilerari buruzko beharrezko informazioa eskatzea, betiere erabilera desegokien zantzu fidagarriak baldin badaude”.  

 

Bere agerraldian, Enplegu eta Gizarte Politika sailburuak zortzigarren aldaketa bat ere azaldu du, iruzur kasuetan beharrezko laguntzaileek ere duten erantzukizuna zigortzen duena eta, beraz, “DBE arautzen duen araudian, horrelako jarrera iruzurtietan pertsona horiei erantzukizun solidarioa egozteko xedapenak sartzen ditu, haiek ekintza horien ezin besteko laguntzailetzat hartuz”.

 

Beatriz Artolazabalekegindakobederatzigarren proposamena enplegua bultzatzeko sistema hobetzera eta arrazionalizatzera bideratzen da, DBEri buruzko araudian neurri berriak sartuz: laneko errenten osagarrien modalitatean, DBE jasotzeko egun ezarrita dauden denbora mugak kentzea, soldataren osagarri gisa jaso daitekeen prestazio zenbatekoa gehienez hileko 400 euro izatea, eta enpleguen estimuluen kalkulurako erabilitako formulan aldaketak sartzea, iraupen luzeeneko lanaldiak dituzten pertsonei babes handiagoa eskaintzeko, eta iraupen oso laburreko enpleguan geratzera ez bultzatzeko.     

 

Artolazabal sailburuak DBE hobetzeko proposatutako hamargarren aldaketak ondorengoa proposatzen du: DBE jasotzen duten eta iraupen luzeko langabezian dauden pertsonentzako enplegu aukerak sortzeko, enpresa arruntek inplikazioa izatea. “Horretarako –Artolazabalek adierazi duenez– proposatzen dugu txanda (errelebu) kontratuetarako aurreikusitako hobariak handitzea txanda hartzen dutenak DBE jasotzen duten eta iraupen luzeko langabezian dauden pertsonak direnean; administrazio publikoetan langileak kontratatzeko prozeduretan DBE jasotzen duten edo iraupen luzeko langabezian dauden pertsonak kontratatzea lehenesten duten mekanismoak sartzea; gizarte-arloko klausulen araudia aldatzea, bereziki 3/2016 Legea, enpresa arrunten eta lan munduratzeko enpresen arteko aldi baterako elkarteak aitortu eta hobesteko; eta hainbat programa sendotzea,adibidez, Lehen Aukera, Betikolan-Alpes (udal kontratazioa) edo Hezibi (heziketa duala), horiek DBE jasotzen duten pertsonetara bereziki orientatuz”.

 

Inklusioa

Hamaikagarren hobekuntza neurrian bilatzen diren aldaketek lan inklusiorako eta aktibazio zaileneko DBE-hartzaileentzat enplegu aukerak sortzeko eskubidea gauzatzeari erreparatzen diote: “DBEri buruzko araudian, Lanbidek lan okupazio edo lan aukera bereziak eskaintzeko konpromisoa hartzea –aurreko puntuan adierazitakoarekin bat etorriz, enpresa arruntean− etengabeko prestazioa jasotzeko denbora jakin bat pasa baino lehen. Konpromiso hori alde bikoa izango da, eta esan nahi du horrelako programen pertsona hartzaileek proposatutako prestakuntza eta lan okupazio eskaintzak onartzeko konpromisoa hartzen dutela”.

 

Hamabigarren ekimenaz Artolazabalek adierazi duenez, “proposatzen ditugun hobekuntzek bermatu egiten dute DBE arreta jaso eta, aldi berean,gizarte bazterketan edo arrisku horretan egonik, autonomia funtzionalari eta harremanen integrazioari begira laguntza behar duten pertsonen jarraipen hobea egitea; gure ustez, beharrezkoa da DBEri buruzko araudian DBE jasotzen duten pertsonei modu estrukturalean kasu erreferente bana esleitzeko xedapen batzuk sartzea eta, hartara, pertsona horien beharrizan indibidualen eta ekintza profesional bakoitzak eskatzen duen indarraren arabera, enplegu zerbitzuetan edo gizarte zerbitzuetan pertsona kokatu ahal izatea. Interbentzio nagusia gizarte zerbitzuen eskutik doanean, horiek harremanetarako profesional bat beharko dute nolanahi ere Lanbiden”.

 

Enplegu eta Gizarte Politika sailburuaren hamahirugarren proposamenak hirugarren sektorearen eta ekonomia solidarioaren arteko lankidetzari erreparatzen dio jarduera zoko jakin batzuen aktibazio prozesuetan, adibidez, garapen komunitarioa (gizarte zerbitzuei atxikia) edo lan-munduratzeko enpresak (enplegu zerbitzuei lotuta), ezin bestekoak baitira DBE jasotzen duten pertsonen aktibazioko (lan-munduratzeko) ibilbideetan.

 

Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Euskal Sistemaren azterketa bateratua da Artolazabal sailburuak Legebiltzarrean azaldutako hamalaugarren ekimena, “Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeko xedapen iragankorrak aipatzen dituen bitarteko eta laguntzen mapa osatzeko, artean lantzeke baitaude, bai egungo araudi erreforma prozesuan, bai hurrengo Inklusioko Euskal Plana ontzeko prozesuan. Bertan, hainbat gairi helduko zaie, hala nola, proposamen honi: Finantzen Euskal Kontseiluak zergen oinarri orokorrean aldez aurreko zerga-kenkari itzulkorrak sar ditzan komeni den edo ez aztertzea, edota zerga politikak eta diru-sarreren bermea hobe integratzeko balio duten beste neurri batzuen azterketa”.

 

Bukatzeko, Beatriz Artolazabalek adierazitako hamabosgarren hobekuntza proposamenak erreferentzia egiten die “DBEren ezaguera eta dibulgazioa hobetzen duten datuen gardentasuna areagotzeko aldaketei”. Lanbidek, aurreko ereduaren aldean, hobetu egin du DBE jasotzen duten pertsonen inguruko informazio sistema, prestazioaren kudeaketari lotutako askotariko alderdiei buruzko datu komunak eskainiz. Orain, datuen eskuragarritasuna ere hobetu egin daiteke, eta ikerketa edo ebaluazio programa espezifiko bat diseinatu, datuei probetxu handiagoa atera ahal izateko eta DBE barneko dinamiken berri hobeto eskuratzeko (sarrera eta irteera fluxuak, erabilera joerak, erabiltzaile profilak, etab.), era horretan daukagun informazio estatistikoa osatuz.

 

Beste aldaketa batzuk

Erdigunean kokatzen dituen aldaketa horiez gain, Artolazabalek beste aldaketa batzuk proposatu ditu Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari buruzko araudian: administrazio publikoek finantzatutako establezimendu kolektiboetan bizi diren pertsonentzat, DBEren minorazio partzialeko sistema bat garatzea, egonaldiak zenbat irauten duen axola gabe eta baterako ordainketa ez dagoen kasuetan; DBEri buruzko araudian, herentziek, dohaintzek eta kalte-ordainek duten egungo tratamendua argitzea, haien tratamendua horiek jaso diren unearen arabera bereiziz; DBEri buruzko araudian, DBEren onuradunak diren Bizikidetza Unitateek jasotzen dituzten kreditu pertsonalak diru-sarrera atipikotzat hartuak izateko beharra argiago ezartzen duten xedapenak sartzea, salbu eta izaera finalistako kredituak badira, baita debekua bat ere beste edozein motatako kredituetan DBE ordainketaren bermetzat hartua izateko; DBEri buruzko araudian, unitate eskatzaileek dituzten berezko baliabidetzat hartzea unitate horretako kideei dagozkien baliabideak, Espainiako Estatuan zein hirugarren herrialdeetan haiei borondatez uko egin zaienean ere; eta DBEri buruzko araudian, xedapenak sartzea DBEren atzeraeraginezko kobrantzak (baldin badaude) hirugarrenekin izandako zorrak pagatzeko, bereziki udalek eta Hirugarren Sektoreko erakundeek egin ahal izan dituzten aurrerakinak itzultzeko, nahitaez erabili ahal izatea arautzeko.

 

Europako erreferente

“Europako Batzordeak eta bere enplegu eta gizarte politikako zuzendaritza nagusiek gertutik jarraitzen dute lan-munduratze eta inklusio gaian egiten dugun lana, egunotan Europar Zutabe Soziala izango dena definitzen ari den Juncker presidenteak duela egun batzuk berretsi duen bezala”, sailburuak komentatu duenez.

 

Artolazabalek nabarmendu du “Euskadin gizarte solidarioa eta konprometitua dugu”la. Horri esker, herrialde hau osatzen duten gizon-emakumeen lan eta konpromisoari esker, erasan gaituen krisitik suspertu gara, eta uste osoz begiratu diezaiokegu ongizatearen gizartearen etorkizunari”.

 

Sailburua bat etorri da “‘EAPN EUSKADI pobrezi eta bazterketaren kontrako borroka sare’ko ordezkari batek DBEri buruz egindako gogoetekin” eta, azaldu duenez, gizarte errenta hori “konponbide bat da, eta ez arazoa, eta legebiltzarrean gizarte babeseko sistema baten alde apustu egiteko aukera handia irekitzen da partaidetza, inklusioa eta duintasunez bizitzeko baliabideak herritar guztiei bermatzen dizkien gizarte gero eta kohesionatu bat bultzatu ahal izateko”.

 

“Batzorde horrek ekimen honetan hainbesteko ahaleginez eta profesionaltasunez diharduen gure lantalde teknikoaren zein zuzendaritzakoaren laguntza du hala nahi badu. Horregatik, legebiltzar honetako alderdi politiko guztiei nire burua eskaintzen diet kolektibo guztien partaidetzaz egindako proposamen horiek xehetasunez aztertzeko, efizientzia eta iraunkortasun printzipioetan oinarrituz egungo eta etorkizuneko sistema bermatzearren. DBE hobetu eta eguneratzeko eztabaida politiko, arrazional eta eraginkorrean sinesten dut, aukera gutxien dituzten pertsonekin gizarte konpromiso bat izan dezagun”, hala amaitu du  Artolazabalek. “Gaur aurkeztu dizuegun DBE hobetzeko proposamenak murriztu egiten ditu pobrezia eta gizarte bazterketa tasak, eta gizarte bidezko eta solidario bati dagokio: bertan pobrezia eta bazterketa jasaten dutenek babesa sentituko dute, eta ongizatea zein elkartasuna duen gizarte batean bizi ahal izango dira. Euskadin inor ezin baita atzean geratu”.

 

 

 

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @eaj_pnvlegutio
    2017.eko ekainak 01
  • 2017.eko maiatzak 31

    ¿Hasta que cantidad van a poder complementar los pensionistas con esta propuesta? Hasta ahora hasta 775,87€ en caso de ser una sola persona de unidad convivencial, pero en la propuesta que se presenta NO aparece detallado cuanto le va a corresponder ahora.

Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Oihana Etxebarrieta