Berriak
Eu

Gobernu Kontseiluaren ondorengo ohiko prentsaurrekoa

2010.eko azaroak 16

Jaurlaritzaren Kontseiluak 9 milioi euroko partida bat baimendu du krisian dauden enpresak berregituratu eta bultzatzeko Bideratu Programa 2011. urtean aplikatzeko

Sozioekonomia Gaietarako Lehendakariaren Aholkularitza Batzordea estrategia aholkuak emateko talde aske eta maila gorenekoa da, Euskadiren garapen ekonomiko iraunkorrerako eta gizartearen aurrerabide jarraiturako funtsezkoak diren politika ekonomikoak aztertzeko. Batzorde horrek bere ezagutza, esperientzia eta irizpidea gehitzen ditu euskal ekonomiaren epe ertaineko eta epe luzeko bilakaera ebaluatu, diagnostikatu eta gainbegiratzeko, eta egoki irizten zaizkion jarduerak eta aldaketak proposatzen ditu.

Aholkularitza Batzordeak 2010eko ekainaren 2an egin zuen aurreko osoko bilkura eta bilkura hartan Euskadiren ekonomiaren etorkizunerako funtsezkoak diren bi alor hauek aztertu zituen:

•       Euskadiren Lehiakortasunaren Etorkizuna

•       Euskadiren Sektore Estrategikoak eta horien Etorkizuna

Euskadiren Lehiakortasunaren Etorkizunari buruzko txostena Aholkularitza Batzordearen esparru txostena izan zen, 2030eko Euskadiri Adimenaren Metropolia izena eman baitzion, eta Aholkularitza Batzordeak aztertu beharreko gainontzeko alor eta gaietarako behar den ikuspegia ezarri zuen.

Halaber, eta 2030eko Euskadi Adimenaren Metropoliaren esparruan beti, lehiakortasunaren 2030. urtera bitarteko hamar erronken artean Piramide Demografikoaren Kudeaketa Eraginkorra ezarri zuen Aholkularitza Batzordeak, jardun alor hori funtsezkoa baita hurrengo hamarkadetan Euskadiren iraunkortasun sozioekonomikoa bermatzeko.

Aholkularitza Batzordeak ekainean egindako gogoeta horien ildotik, azaroaren 17ko osoko bilkuran aztertu beharreko gaia honako hau izango zela erabaki zen: Demografia, Enplegua eta Prestakuntza 2030era bitartean.

Bihar, azaroaren 17an, Aholkularitza Batzordea gai honen lehenengo atala aztertuko du: “Demografia, Hazkunde Ekonomikoa eta Kontu Publikoen Iraunkortasuna 2030era bitartean".

Oinarrizko agiri eta txostenak prestatzeko, lan batzorde bat eratu zen uztailean, Aholkularitza Batzordeari gai horri buruzko gogoeta nagusiak helarazteko.

Lan batzordeak hainbat bilera egin ditu ordutik hona. Lehendakariaren Bulego Ekonomikoak eta BMASI aholkularitza enpresak egin eta aurkeztu dituzte  egindako bileren aurretiazko azterketak eta horiek aurkeztuko dituzte lan batzordearen ondorioak Aholkularitza Batzordearen osoko bilkuran.

Jaurlaritzaren Kontseiluak 9 milioi euroko partida bat baimendu du krisian dauden enpresak berregituratu eta bultzatzeko Bideratu Programa 2011. urtean aplikatzeko. Enplegua eta zailtasunetan dauden euskal ETEen jarduera sendotzea da programaren helburua, itzuli beharreko aurrerakinen bidez, enpresaren egiazko konpromisoa eskatuta, besteak beste, planaren finantzaketari dagokionez, eta horren ondorioz, laguntzaren zenbateko bereko diru-kopurua ekarri beharko du bere baliabide propioekin.

2007-2009 aldian, 13 proiektu onartu ziren guztirako 13,68 milioi euroko zenbatekoaz eta 48,4 milioi euroko mobilizazioarekin. 1.261 enplegu sendotu ziren aldi horretan. Aurtengo 2010ean, zazpi milioi euroko aurrekontua baliatu zen Bideraturako.

Programan azkenean 11 eskaera jaso ziren, eta horietatik zazpi onartu dira. Itzuli beharreko aurrerakinen 4,5 milioi eman dira, baliabide erabilgarriak 15,3 milioi eurora iritsi dira eta 727 enplegu sendotu dira. Hainbat enpresak eskatu dute informazioa eta hasi dituzte izapideak Bideratu programaren onuradun izatea lortzeko. Horregatik, 2011rako laguntzen deialdiaren izapidetze aurreratua egitea erabaki dugu. 2011ko deialdian bederatzi milioi euroraino gehituko da aurrekontua. Onuradunen kopurua zortzi edo bederatzi enpresa inguru izango dela aurreikusi dugu, milioi bat euroko batez besteko laguntzarekin. Oro har, 2010-2012 hirurtekorako itzuli beharreko 27 milioi euro ematea aurreikusten da. Laguntzak baliatzeko, honako eskakizun hauek bete beharko dituzte eskatzaileek:

1. Euskadin kokatuta egotea.

2. Enpresa txiki edo ertaina izatea.

3. Laguntzak eskatu aurre-aurretiko bi ekitaldietan honako zirkunstantzia hauetatik gutxienez bi biltzea:

• Ekitaldi bakoitzean erabilitako langileen batez besteko kopurua 50etik gorakoa izatea.

•Aktibo-partiden guztizkoa 1,8 milioi eurotik gorakoa izatea.

• Urteko haien negozio-zifraren zenbateko garbia 3,6 milioi eurotik gorakoa izatea.

4. Krisi-egoeran egotea galerak garbitzeko gai ez direlako, eta betiere galera horien ondorioz ekonomikoki desagertu egingo badira epe labur edo ertainean, kanpoko esku-hartzerik izaten ez bada. Talde bateko kide diren enpresek ezin izango dituzte laguntza horiek baliatu, salbu eta frogatu badaiteke enpresak dituen zailtasunak berezkoak direla eta ez direla talde barruko kostuen esleipen arbitrario baten ondorio.

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2010-11-16)

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010-11-16n hartutako erabakiak

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Idoia Mendia